Santa eskeko kronikak eta argazkiak

elgoibarren.net 2007ko ots. 5a, 14:21

Santa eskeko doinuak izan dira nagusi asteburuan. Etxegina Taldekoak zapatuan (otsailak 3) atera ziren kopla kantari herriko kaleetan zehar eta domekan, Santa Ageda Bezpera Egunean, berriz, Elgoibarko Izarrak antolatutako taldeen txanda izan zen. Azken hauek, baserriz baserri aritu ziren santa eskean. Bi taldeek egunean gertatu zenaren kronika helarazi digute. (Bideoa eta Argazkiak dauzka)

 
 
Argazkiak Mediatekan (Argazki guztiak ikusteko klikatu behean) 
 
Bideoa (Idotorbe-San Pedro auzoko Usatorre baserrian santa eskean)
{google}7789147785042664195&hl.{/google} 
   
Santa eskeko kronikak:
 
Egun bat Elgoibarko baserrietan kopla kantuan

Goizeko 09:30erako Plaza Handira inguratzen hasi gara Santa Ageda eskekoak. Hotz baina badirudi eguraldia lagun izango dugula egunean barrena. Ohiko talde argazkia atera eta bi taldetan banatuta furgonetetan baserri bideetan barrena abiatu gara Idotorbe-San Pedro bailarara batzuk eta San Antolinera besteak. Baserritarrak zain dira. Trikiti doinuak sukaldeko epeletik entzuten topatu ditugu batzuk, besteak atarira irten dira eskekooi ongi-etorria egitera. Izan da ohitura zaharrari jarraituz koplak ate ostetik entzun dituenik ere.
Baserritarren gogoak ase ditugu Arantza, Ekaitz, Arkaitz Baltzola eta Asier “Larrume” azkoitiarra soinu eta panderoz (Oierrek, aurten kale egin digu eta  bere falta sumatu dugu); Meabe, Ziarda, Areitio eta Narbaizaren koplaz eta koruko lagunen kantuz eta batzuen dantzaz ere. Kopla eta kopla artean honakoa errepikatu dugu behin eta berriz:
Auzorik auzo atera gara
Gaurkoz dozena bat gazte
Santa Ageda bihotzekuak
Merezi zaban hainbeste
 
Guk ase ditugu eurak eta baita eurek gu ere. Poltseroaren zakura limosna politak botatzeaz gain, baserrietan ez zaigu falta izan jan-edanik: San Blasak, txorizoa, gazta, urdaiazpikoa, zezina tortila... Guztia ardoz eta sagardoz bustia.
Kopla kantuan jarraitu dugu Urruzuno partean batzuek eta San Pedro eta San Migel inguruetan besteek. Eskean joan arren, baserritarrek pozik hartu gaituzte eta koplariek etxekoen izenak edo baserriko gorabeherak aipatuz gero are gehiago. Usatorren egin dugu bazkaria eta ordurako makina bat baserri koplatuak ginen. Sallobentera jo du talde batek arratsaldekoak egitera, eta San Migelera besteak. Freskotuz joan da eguraldia, baina guk hotzari eta nekeari aurre egin eta afal ordura bitartean kantuan jarraitu dugu. Luze joan da eguna, luze 15. Santa Ageda eskea, baina bere luzean motz. Izan ere ez dugu baserri guztietara iristeko paradarik izan, ez behintzat nahi beste baserritara, hurrengoan beharko du.
Afaritan eguneko kontuak izan ditugu hizketagai, bi taldeen artean 66 baserri koplatu izanak hemengo eta hango kontuak kontatu entzuteko adina ematen duelako. Baratzuri zopa eta haragi gisatua, Agustinek, Estherrek eta Mugertzak prestatu eta zerbitzatuta. Afariaren ostean, kopla eta trikiti doinu artean aurreko urteetako argazkiak ikusi ditugu eta astelehenean denok lanera joan behar genuen aitzakian erretiratu gara, bakoitza bere etxera. Aurreko urteetako argazkiak ikusi genituen guk, zuek aurtengo batzuk ikus ditzakezue.
 
Koplatan hasi ginela
Badira 15 urte
Nahiz iraungo genuenik
Orduan inork ez uste
Gure poza, umorea
Edonork hartuko luke
Urtero saltzen ditugu
Irri zein malkoen truke
Bertso, soinu ta pandero
Gugan bat egiten dute
Koruak erakusten du
Behar adina bertute
Sukaldariek gauean
Ongi goxatzen gaituzte
Hurrengo urtean berriz
Kantuz irten nahi genuke
 
Bidaltzailea: Irati Agirreazaldegi 
 
Etxegina Taldearekin kopla kantari

  Guztira 40 bat lagun ibili ginen Etxegina Taldean kantuan. Beti moduan, goizeko 9etan atera ginen parrokia atzeko bolatokitik, eta ohitura dugunez, bi taldetan banatu ginen hasieran.
Talde batek Basarte auzoa, Gabriel Krutzalaegi, Netto, Artetxeko etxeak eta Pedro Muguruza koplatu zituen, Duo Plaentxiko Jesus Urizar koplari zuela,
Beste taldea, San Roke auzoan, Trenbide kalean, Sigmako etxeetan eta Santa Klara auzoan, mojei ere bisita eginez, aritu zen kantuan.
Gero, talde biak Urasandiko La Union Elkartean elkartu ginen hamaiketakoa egiteko. Behin indarberrituta, San Lazaro Egoitzara joan gara. Handik irten eta, San Frantzisko kalea, Merkatu plaza, Pedro Migel Urruzuno, San Bartolome, Antonio Arrillaga, Santa Ana, eta Plaza Haundian abestu ondoren, Errosario kalean bukatu genuen.
Ama Birjiñaren aurrean, Kepa Urainek prestatutako bertso batzu abestu genituen, azken urteetan utzi gaituzten taldekideen omenez: Jose Domingo Palomino, Pako Urbieta, Juan Agirregomezkorta "Unastei" eta Abdon Baskaran. Joandakoak gogoratu eta gero, urteroko ohiturari jarraituz, Ama Birjiñaren aurrean German Uriguen "Etxegiña" zenak idatzitako salbea abestuz amaitu genuen aurtengoz, santa eskea. Horrela bukatu genuen jarduna, eta taldekide guztiak bazkaltzen elkartu ginen Baltasar Elkartean, giro alaian.
Taldearen partez, eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu, bai egun honetan abestera gerturatu diren guztiei, eta baita ere hau posible egiten duten guztiei, hala nola, herriko harategi, frutategi eta okindegiei, bestelako elkarteei, Udaleko Kultura Sailari eta egunean bertan gure jarduna ikustera etorri diren guztiei.
 
Bidaltzailea: Jonpeli Uriguen 
 
  SANTA ESKERAKO KOPLAK ETA BERTSOAK

JOAN ZAIZKIGUNAK GOGOAN

        1
Santa Eskea guk aipagarri,
laurogeitabi urtetan,
elgoibartar asko izan dira
ibiliak talde hontan,
eta salbea kantatzen zuten
gaur bezela, leku bertan.
Gorputzez ezin ikusi baina,
daude gure bihotzetan

        2
Denak dauzkagu zeruan,
Etxegiñaren onduan.
Ama maitea, bildu itzazu,
ta jarri denak kantuan

        3
Joan ziranak asko izanik,
baina ez dauzkat ahaztuta,
Palomino-tar Jose Domingo
eta Pako Urbieta.
Poltsero ona zinen Unastei,
Juan Agirregomezkorta,
Pedro Sodupe, “soñujolea”,
“Gelatxo” ohituraz hartuta.

        4
Lagunak galtzen ditugunean,
guk malkoz begiak busti,
benetan oso alaia zinen
kantatzen hainbat abesti,
talde hontako Abdon Baskaran
gogoan zaitugu beti,
zeru ederrian sartu zinan
zure pandero ta guzti

         5
Gure Amatxo maitia
zera errukiz betia.
Gure lagunei zabalik utzi
Zeruetako atia.


                    
                    2007ko Otsailak 3a
                        Kepa Urain

 

ARGAZKIAK

Etxegina Taldea (otsailak 3)
 

1706641899805 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641899840 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641899875 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641899913 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641899955 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

Baserriz baserri (otsailak 4)

 

1706641899997 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

1706641900041 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 
 

1706641900077 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900118 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900154 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900204 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900244 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900280 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900316 Santa eskeko kronikak eta argazkiak

 

1706641900353 Santa eskeko kronikak eta argazkiak