Itzaliko al ditugu segapotoak egun batez?

elgoibarren.net 2007ko ots. 6a, 09:43

Sakeleko telefonoa ez erabiltzeko eguna izango da gaur (otsailak 6). Estatu espainiarrean dauden 40 milioi segapoto jabeak daude sakelekoa ez erabiltzera deituak, e-mail bidez hedatu den mezu baten arabera. Mugikor konpainietako zuzendariei kontsumitzaileen haserrea helaraztea da azken xedea. Gai izango al gara egun batez segapotorik ez erabiltzeko?





Irakurle batek eman digu Marketinng biralaz, hau da, e-posta bitartez hedatu den mezu honen berri. Hona hemen deialdi honen punturik esanguratsuenak.

• Estatu espainiarreko mugikor konpainiek tarifak igo nahi dituzte martxo hasieran, telefono deietan ematen den prezioen biribiltzea galaraziko duen lege berriak konpainiei sorraraziko dizkien kalteak berdintzeko. 

• Deia egiteagatik kobratzen dutena (12 zentimo) eta minutu bat berba egiteagatik kobratzen duten tarifa igo nahi dituzte mugikor konpainiek.

Telefonicak iragarri duenez, 12tik 15 zentimora igoko du martxoaren 1etik aurrera, deia egiteagatik kobratzen duena, alegia, %25eko igoera. Telefonica Moviles da Estatu espainiarrean telefono operadore nagusia: 21 milioi bezero ditu eta merkatuaren %46a bereganatzen du. Tarifen igoerarekin, minutu batean berba egiteagatik kobratzen duena 18,4 zentimotik 21,45 zentimora igoko da, Expansion egunkariak jakitera eman duenez. Orange eta Vodafone konpainiek ere Telefonicaren igoera antzerakoak egitea aurreikusten dute.
• Kontsumitzaileak besoak gurutzatuta geratu eta ezer egiten ez badute, konpainiok munduko 60 herrialdek duten barne-produktu gordina baino irabazi handiagoak izaten jarraituko dute urtero.
 
• Hau dela-eta, sakeleko telefono erabiltzaile guztiei egun osoan telefonorik ez erabiltzeko deia egiten zaie. Estatu espainiarrean dauden 40 milioi mugikorretatik deirik egiten ez bada (premiazkoak izan ezik) eta sms mezurik bidaltzen ez baldin bada, baliteke konpainia erraldoi hauetako agintariak kontsumitzaileen haserreaz jabetzea.