Cafes Baque afizionatu mailako taldean korrituko du Iñigo Larizek

elgoibarren.net 2007ko ots. 16a, 14:21

Profesionaletara Italiako talde batekin jauzia emateko aukerak aztertzen ibili ondoren, Cafes Baque afizionatu mailako taldearekin hasiko du denboraldia Iñigo Lariz txirrindulari elgoibartarrak, domeka honetan. Badajozen emango ditu lehen pedal kolpeak, Espainiako Koparako lasterketa puntuagarrian.

 
 
 
 
Elkarrizketa
 
Iñigo Lariz, Cafes Baque taldeko txirrindularia
 

1706641886893 Cafes Baque afizionatu mailako taldean korrituko du Iñigo Larizek

1706641886933 Cafes Baque afizionatu mailako taldean korrituko du Iñigo Larizek

 
 
"Txirrindularitza egun dagoen moduan oso zaila da profesionaletara pasatzea" 

Denboraldia ez ezik, taldea ere estreinatuko du Iñigo Larizek, Cafes Baquera itzuli baita, duela 5 urte afizionatu mailan debuta egin zuen taldera. Iazko denboraldia ez zitzaion nahi eta uste modukoa atera Debabarrena taldean, eta hala eta guztiz, Italiako profesional mailako talde batekin fitxatzeko aukera izan zuen Gabonen aurretik.

-Italia aldeko txirrindulari talde profesional batean korritzeko aukerak izan dituzula jakin dugu?

Euskal Bizikletako arduradunak ibili ziren niretzako moduko talde profesional baten bila Gabon aurretik, hori da dena. Saiatu ziren arren, aurten ezinezkoa izan da. Txirrindularitzak egun bizi duen egoera nahasiak ez du batere laguntzen, alderantziz. Operacion Puerto eta honek ekarri duen sokarekin talde profesionalek ezin izan dituzte taldeak azken unera arte itxi eta Italiako talderen batera joateko izan nitzakeen aukerak bertan behera geratu ziren. Italiako abentura baztertzen ez dudan arren, denboraldi ona egiteaz aparte, gauzak asko aldatu beharko dira txirrindularitzan. Nire helburua, gainera, ez da itsu-itsuan eta edozein modutara profesionaletara pasatzea. Aurrenik denboraldi ona egin, eta gero ikusiko da.

-Azkenean Durangoko Cafes Baque, afizionatu mailako talde beteranoan topatu duzu lekua?

Hala da. 2002an Cafes Baque taldean hasi nuen afizionatu mailako ibilbidea eta berriz itzuli naiz. Jubeniletatik pasa berritan iritsi nintzen orduan, oso berde. Orain, helduago eta gogortuago harrapatzen nau. Ulma Cegasa eta Debabarrena taldeetan egin ditudan urteek, bina urte bakoitzean, esperientzia eman didate.

-Afizionatu mailako punta-puntako taldea izan da beti Cafes Baque.

Bai, 25 urtetik gora daramatza afizionatu mailan eta beti-beti talde oso ona osatzen dute.  Aurten ere 17 laguneko ekipo indartsua egin dute. Euskaldunak 6 gara, lauzpabost kantabriar, kataluniarrak eta Avila, Valladolid eta Guadalajarako txirrindulariak ere badauzkagu. Oraintxe hasi naiz taldekideak ezagutzen, baina iazkoa baino konpentsatuagoa dela esango nuke. Iaz, Fran Gutierrez zaldibiarrak lasterketa mordoa irabazi zituen berak bakarrik. Aurten txirrindularitza laga du. Ismael Esteban, Tenerifeko Itzuliko irabazlea, edo iaz Italiako talde profesional batean ibili zen Javier Saez moduko txirrindulariek gainerakoen maila igotzen lagundu behar dute. Esan behar da, taldea asko gaztetu dela, profesionaletara gero eta gazteago pasatzeko joeraren ondorioz, denok 26 urtetik azpikoak baikara.

-Zer asmo eta itxaropen dituzu aurtengo denboraldirako?

Azken edo azkenaurreko aukera moduan hartuko dut denboraldi hau. Urte amaieran, pentsatuko dut txirrindularitzan jarraitu ala laga, baina ez daukat askoz gehiago jarraitzeko asmorik. Emaitzek esango dute. Horregatik nahi nuen Cafes Baque moduko talde indartsu batean korritzea, espainiar estatu guztiko karreretan parte hartzen baitute, eta aldiz, Debabarrenan Euskadiko lasterketetan parte hartzen nuen. Euskadin maila altua dagoen arren, nire benetako mailaren berri jakin eta emateko, onenekin neurtu beharra daukadala uste dut. Hala ere, Debabarrenan pasa ditudan bi urteetan oso gustura aritu naizela aitortu behar dut, etxean moduan.

-Domeka honetan daukazu urteko lehen lasterketa?

Espainiako Kopako lasterketa batean parte hartuko dut Badajozen eta hurrengo astean Murtzian. Geroago, Alacanteko Itzulian arituko naiz.

-Begiz jota daukazun lasterketa bat.

Parte hartuko ditugun lasterketen egutegia zehaztu gabe daukagu oraindik, baina Eibarko Balenciaga Memorialera sasoiko iristea gustatuko litzaidake. Ez da nire ezaugarrietara egokitzen den lasterketa, badakit, baina gogoko dut eta izugarrizko prestigioa ematen du. Nafarroako Itzulian eta Bizkaiko Biran ere puntan ibiltzea nahi nuke, eta baita Circuito Montañesean ere. Azken hau Kantabrian egiten da eta Tour txiki bat modukoa da guretzat. Nazioarteko partaidetza izaten du eta talde kontinentalek parte hartzen dute. Alegia, afizionatu eta profesionalen artean dauden taldeek.

-Nola ikusten duzu Elgoibarko txirrindulari harrobia?

Egia esan ez daukat datu zehatzik, Lagun Taldeako kideei galde egin beharko diezu. Nik ez dut, baina, gazte askorik ikusten errepidean.

-Afizionatu mailan behintzat bi txirrindulari elgoibartar daude une honetan?

Bai, orain dela bi urte 4 elgoibartar geunden, baina bik laga egin zuten eta Iban Gonzalez eta neuk jarraitzen dugu. Iban Bidelan taldean dago orain.