GOGOETA: Informazioa eta irakurleon parte hartzea, elgoiBARREN.net-en bi helburu nagusiak

elgoibarren.net 2007ko ots. 23a, 13:52

elgoiBARREN.net-en emandako notizia baten harira egindako komentario batzuk sortu duten kezkak eta zalantzak direla-eta, elgoiBARREN.net atari digitala zuzentzen eta kudeatzen dugunok, gai honen gainean egin dugun gogoetaren berri eman nahi dizuegu irakurleoi eta herritarroi. Gainera, benetan estimatuko genizueke egin dugun hausnarketaren gainean zuon iritzia jakinaraziko bazenigute. Beraz, animatu eta esaguzue zer irizten diozuen.



1.    Informazio ematea eta irakurleon parte hartzea, bi helburuak:  Informazioa euskaraz zabaltzeko beste medio bat da elgoiBARREN.net; baina informazioaren norabidea joan-etorrikoa izatea nahi dugu. Guk informazioa emango dugu, baina irakurleok informazioa gehitzeko edo-eta iritziak eman eta komentarioak egiteko aukerarekin.  elgoiBARREN.net-ek aktiboa izan nahi du, bizia. Irakurleok ez zarete hartzaile pasiboak; informazio eta iritzi emaileak ere bazarete.

2.    Anonimatuan parte hartzeko aukera: Internetek eskaintzen dituen aukerak eta abantailak aprobetxatu nahi ditugu adierazpen askatasuna eta irakurleon parte hartzea bultzatzeko. Badakigu Interneten arazoak izaten direla anonimotasuna dela-eta, baina anonimatuan parte hartzeko aukera eskaini nahi diogu hala nahi duenari. Hala ere, parte hartzea izenarekin (edo izen-abizenekin) egitea gomendatzen dugu.

3.
    Arau batzuk bete egin behar dira: Anonimatuan edo izen-abizenekin izan, elgoiBARREN.net-en parte hartzeko arau batzuk bete behar dira. Ezin da edozein modutan parte hartu. Hauek dira gurean parte hartzeko bete behar diren hiru arauak:

3.1.    Ez dugu irainik onartuko.
3.2.    Errespetuz idatzi behar da: Gauzak esan daitezke, kritikak eta salaketak egin daitezke, baina Interneten ere gutxieneko errespetua gorde behar dugu batak bestearekiko.
3.3.    Gaiaren haria segitu behar da:Badakigu gai batek hari-mutur asko izan ditzakeela, baina gaiaren arrastotik ez irteteko ahalegina egin behar dugu.
     
Komentarioek hiru arauak bete behar dituzte. Arauak betetzen ez dituzten  komentarioak kendu egingo ditugu.  

4.    Moderatzailearen figura: Antzerako foro guztietan egoten den modura, gurean ere moderatzaile bat izango da elgoiBARREN.net-eko parte hartzea moderatzeko. Moderatzailea izango da arauak betetzen direla zaindu eta hartu beharreko erabakiak hartuko dituena. Badakigu askotan erabakiak zailak izango direla. Izan ere, arauen interpretazioa subjektiboa izango da kasu askotan. Moderatzaileak izango du kasu bakoitzean hartu beharreko erabakiaren ardura.
   
5.    Irakurleon borondate ona: Neurri handi batean, irakurleon esku dago parte hartzearen osasun maila. Arauak hor daude eta irakurle bakoitzaren erantzukizuna da hauek betetzea. Guri dagokigunean, konfiantza osoa daukagu irakurleon borondate onean.


Sarreran esan bezala, gustura jasoko ditugu egin dugun gogoetaren gainean dauzkazuen iritziak. Ondo etorriko zaizkigu jaio berria den honi hazten laguntzeko. Eskerrik asko.
 

elgoiBARREN.net-eko zuzendaritza