Aiastia auzoko ur horniketa arazoei konponbidea emango die Udalak

elgoibarren.net 2007ko ots. 26a, 10:27

Aiastia-San Migel auzoko ur horniketa arazoei irtenbidea emango dien hodi sarea eraikiko du Udalak auzoraino bertaraino. Lehorte garaietan orain artean erabili izan duten sistema zaharkitua: ura zisterna kamioietan garraiatzea, ordezkatuko dute gisa honetara.




Lurpeko iturburuetako ura agortzen ari da
Betidanik lurpeko iturburuetako ura erabili dute Aiastia-San Migelgo auzotar eta baserritarrek. Azken urteetan iturburuetako ura agortzen ari zela ikusirik, baina, baserri bakoitzean ur biltegi txikiak jartzea erabaki zuten duela 10 urte; Debemenen ekimenez. Lehorraldi gogorretan biltegi hauetako ura ere ez da nahikoa izaten, ordea. Kasu hauetan, esnetarako erabiltzen diren zisterna kamioietan eramaten dute edateko ura baserrietaraino eta biltegiak bete.

Zisterna kamioietan eramaten dute ura orain
Edateko uraren udal-saretik hartutako ura garraiatzen dute zisterna kamioiek. Uragatik Udalak ez die ezer kobratzen auzotarrei, bai, ordea, garraio gastuengatik.
Arazo honi irtenbidea emateko herritik Aiastia auzoraino hodi sarea eraikitzea erabaki du Udalak eta 300.000 euro bideratuko ditu udal aurrekontuetatik.
Hodi sarea Urasandiko ur-biltegitik bideratzea aztertzen ari da une honetan ur-patzuergoa. Beste aukera bat, duela urte batzuk Idotorbe-San Pedro auzoan eraiki zen ur-biltegia iturburutzat erabiltzea izan daiteke. Nolanahi ere, Aiastian eraikiko den beste biltegi batetara eramango da ura, eta handik, baserri bakoitzak duen biltegi txikiagoetara banatu.