10 dendari hasi dira merkatarientzako euskara ikastaroetan

elgoibarren.net 2007ko ots. 28a, 09:24

10 dendari hasi dira GUREAN BAI-Merkataritza hitzarmen proiektuak prestatutako merkatarientzako euskara ikastaroan. Dendariek bezeroek euskaraz egindako eskari errazak ulertzea da ikastaroaren helburua.




 
 
GUREAN BAI-Merkataritza hitzarmena Elgoibarko dendetan euskararen erabilera indartzeko proiektua da, eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean gestionatzen dute. 
Proiektuko helburu nagusietako bat, merkatarien artean euskararen ezagutza zabaltzea da eta, horretarako, aurten ere, proiektuan parte hartzen duten dendari guztiei luzatu zaie euskara ikasteko eskaintza. 10 dendari animatu dira merkatarientzako euskara ikastaroan parte hartzera eta maila baxua zutenez, dendariek euskara ikasteko oinarrizko euskara ikastaroa antolatzea erabaki zuten.

Hartu emanak euskaraz 
Ikastaroaren helburua, dendariek bezeroek euskaraz egindako eskari errazak ulertzea da. Hala ere, ahozkotasuna ere landuko dute, bezeroa agurtzen eta bezeroari zer nahi duen galdetzen ikasiko baitute, kopuruak, zenbakiak, ordutegia, eta bestelako gaiekin batera.

Eskolak Udal Euskaltegian jasotzen dituzte Agurtzane Epelde irakaslearen eskutik. Astean birritan 2 orduz jarduten dute, astelehen eta martitzenetan 14:30etatik 16:30ak arte. Otsailean hasi zen, ekainean amaituko den 60 orduko ikastaroa.