Zartako bi lagun Espainiako Arku Tiratze Txapelketan

elgoibarren.net 2007ko ots. 28a, 12:02

Inaki Badiola elgoibartarrak eta Martin Agirregomezkorta mutrikuarrak, biak ala biak Elgoibarko Zarta Arkulari Kirol Elkarteko kideak, Espainiako Salako Arku Tiratze Txapelketan parte hartu dute. Maila honetako txapelketa batean parte hartzen zuten estreinako aldia izan arren, 32 arkulari onenen artean sailkatzea lortu zuten biek, eta Martinek garaipenerako faboritoetako bat kanporatzea ere bai.



Espainiar estatutik joandako 108 arkularik parte hartu zuten, Arku Olinpikoen sailean, joan zen asteburuan Salamancan jokatu zen Espainiako Arku Tiratze Txapelketan. Sailkapen txanda jokatu eta gero, puntuaziorik onena lortu zituzten 32 arkulariak pasa ziren aurrera. Tartean Iñaki Badiola (19. postuan), egungo Euskadiko txapeldunordea, eta Martin Agirregomezkorta (32. postuan).

Zorte txarra kanporaketan

Hurrengo txandan, elkarren aurkako kanporaketak jokatu zituzten sailkatutako 32 arkulariek. Iñakiri 14. sailkatuaren aurka lehiatzea tokatu zitzaion. Kasualitatez, duela astebete Euskadiko txapelketan txapela irabazi zuen arkulariaren aurka tokatu ere, eta, beste behin, amore eman behar izan zuen. “Berak oso ondo jaurti zituen geziak eta nik ez nuen nire benetako mailarik eman ”. 
Nahi baino lehenago kanporatu arren, helburuak beteta itzuli da etxera Badiola, lehen 32 arkularien artean sailkatzea baitzen elgoibartarraren desioa. “Espainiako Txapelketa batean parte hartzen nuen lehen aldia zen eta urduritasun edo berrikuntzagatik ez nuen nire mailarik eman, hala eta guztiz aho zapore onarekin geratu nintzen, berriz errepikatzeko irrikaz ”. Etorkizunerako esperientzia moduan oso ondo etorriko zaiola aitortu digu. “nire maila ez dagoela hoberenengandik horren urrun konturatu naiz. 8-10 arkulari daude besteon gainetik, eta osterantzean nahiko parekatuta gaude". Bestalde, Euskadin maila altua dagoela frogatu dela  uste du eta parte hartu zuten 3 euskaldunetatik 2 Zartako kideak izatea azpimarragarria dela deritzo.

Txapelketako ezustekorik sonatuena
Martin Agirregomezkortak ozta-ozta, azken postuan, gainditu zuen sailkatze txanda. Hau dela eta, kanporaketan lehen sailkatuaren aurka aritzea tokatu zitzaion, mundialetan eta Olinpiadetan ibiltzen den goi mailako arkulariaren aurka, alegia. Behar zen leku eta momentuan ezin hobeto aritu eta faborito argia zena kanporatu zuen, denak aho bete hortz lagata. “Berak ere ez zuen sinesten egin zuena. Txapelketako ezustekorik sonatuena izan zen” azaldu digu Badiolak. Hurrengo kanporaketan (16 arkulari onenekin), baina, oso eskas aritu zen mutrikuarra, beharbada, lortutako balentriak kontzentrazioa galarazi ziolako. Kontua da, kanporatu egin zutela. Juan Jesus Alonso asturiarrak irabazi zuen txapelketa.