‘Elgoibartarren esanetan’ CDa aurkeztu dute

elgoibarren.net 2007ko mar. 1a, 10:21

Elgoibartarren Esanetan, Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko egitasmoaren barruan, eta proiektua amaitutzat emateko, lan guztia biltzen duen CDa aurkeztu berri dute prentsaurrekoan. Azken lan honen berrikuntza nagusia honakoa da: 21 elgoibartarrei eginiko elkarrizketetatik ateratako 500 mozketa inguru entzuteko aukera ematen duela.

 
∞     CDaren eduki guztia ikusteko eta entzuteko klikatu hemen: www.elgoibar.org (Elgoibarko Udalaren web gunea) 
 
• 80 urtetik gorako herritarren testigantzak

Elgoibarko Udalak 2001 urtearen bukaeran ekin zion Elgoibartarren Esanetan egitasmoari. 80 urtetik gorako 21 herritarren testigantzak jaso ondoren, hainbat ekimen burutu dira: erakusketa bat, Interneten ikusteko bertsio bat, proiektuaren izen bereko liburua, eta azkena, aurkeztu berri den CDa.

• CDaren edukia

1706641861812 ‘Elgoibartarren esanetan’ CDa aurkeztu dute

Azken lan honek elkarrizketatuen ahotsa jasotzen du. Izan ere, “elkarrizketetatik ateratako 500 mozketa inguru entzuteko aukera ematen du CDak, guztiak euren transkripzioekin ” adierazi du Jabi Leon, kazetari eta lanaren egileak.
Horretaz gainera, herriko irudiak, elkarrizketatuen datuak eta aipuak; liburua (PDF formatuan) eta ondorioekin osatutako txostena aurkitu daitezke CDan.
 
Eduki guztia euskaraz eta erdaraz azaltzen da. Euskarazko atalaren inguruan nabarmendu behar da liburuko eta beste hainbat ataletako edukia Jesus Mari Makazaga filologo elgoibartarrak emandako irizpideei kasu eginaz egokitu dela, beti ere, herriko berbetia jasotzeko.
 
 

Igor Palomino eta Jabi Leon,  proiektuaren arduraduna

 

1706641861886 ‘Elgoibartarren esanetan’ CDa aurkeztu dute

 
CDa salgai 3 eurotan
 
Elgoibartarren Esanetan CDa salgai jartzea erabaki dute, "doaneko gauzak gutxiago baloratzen direla uste izan dugu eta lan honi prezioa jartzeak merezi zuela erabaki dugu. Hortaz, liburutegi, ikastetxe eta ohiko lekuetan zabalduko dugu, baina erosi nahi duenak Kultur Etxera jo beharko du" azaldu du Igor Palomino Kultura Batzordeburuak. 3 euroren trukean eskuratu ahal izango da CDa. 
 
Kultura Batzordeburuak gaineratu zuenez, "urte batzuk pasatzen direnean baloratu ahal izango dugu lan honen benetako balioa eta bertan jasoak geratu diren testigantzen garrantzia. Denbora eta esfortzu handia eskatu duen lana izan da eta emaitza benetan duina izan dela aitortu behar da. Oso ondo eginiko lan bat aurkezten dizuegu".