Udal Hauteskundeetan egoteko bi arrazoi
Ezker abertzalea martxan dagoela eta maiatzaren 27ko Udal Hauteskundeetan egoteko bi arrazoi aipatu zituen Iñaki Odriozolak, ezker abertzalearen izenean, Kultur Etxean egin zuten aurkezpenean. “Gizarte honek ezin duelako jasan, beste lau urtez, Udal ez demokratiko bat eta beste modu bateko herria aldarrikatzen dugun bakarrak garelako”.
Einbiouren diagnostikoa
Udal “Opako, despotikoa, herritarrengandik urrun dagoena eta jauntxokeriatan aritutakoa” izatea leporatzen dio Elgoibarko ezker abertzaleak Elgoibarko Udalari. “Hor ditugu azokaren kasua, Sigmako aparkalekua, ongizateko informazio falta, Santa Anako lur zikinak, e.a.” adierazi zuen Iñaki Odriozolak.
Einbiou Herri Plataformako batzordeek eginiko diagnosian oinarritzen da aurrekoak eta ondorengo salaketa hauek egiteko. “Hirigintzan denetarik egin da. Etxegintza politika eroa dugu adibiderik garbiena: Maalan, San Roken, Santa Anan, Santa Klaran eta Melitonen eraikitzen ari dira, jakinda 639 etxe, gutxienez, hutsik daudela. Gutxi ez eta arau subsidiarioetan aldaketak egiten ari dira gehiago eraikitzeko”.
Lur industrialen inguruko espekulazioak, “korruptelak” ere hizpide izan zituen, “Morterika, Santa Klara, Aisiakin”. San Migel aldean ei dauden "kontrolatu gabeko" zabortegiak eta “plan berezirik gabe parte zaharrean egin diren obrak” ere salatu zituen.
Duela 4 urte baino okerrago
Orain dela lau urte Einbiouk jarri zituen lehentasunak ez direla bat ere bete uste dute ezker abertzalean. “Ekipamenduak falta dira: Kiroldegia eta San Lazaro egoitza txiki geratu dira eta Eguneko Zentroak ere arazoak ditu”.
Herrian euskararen erabilera jaitsi egin dela ere salatu zuten, “bi adibide: plenoetan ikusi dugu alkatea gaiak gazteleraz aurkezten eta anbulatorioan euskara gutxietsita dago”.
Odriozolak Ongizate Saileko laguntzak “uztailerako amaituta omen zeudela” ere esan zuen. Kritikekin jarraituz, Plaza Txikiak, “aparkaleku handi bat" izaten jarraitzen duela eta erdigunean ez dagoela aisialdi gunerik adierazi zuten. Aita Agirreren etxebizitzak ere “hor jarraitzen du zaharkiturik” gaineratu zuen Odriozolak. Maalako errotondaren “arriskuaz” ere egin zuen aipamena.
Herri programa gauzatzen
Diagnostikoa egin eta gero, “oinarrizko gizarte lana” egiten dihardu ezker abertzaleak. “Sailka, koadrilaka, arloka, 150 herritar baino gehiagorekin egongo gara”. Jasotako ideia eta iritziekin Herri Programa berria osatzeko asmoa dute. Programa eskuetan dutenean herriko elkarte, auzo, mugimendu eta ahalik eta sektore gehientsuengana joan eta erakusteko asmoa daukate. “Herri osoari, herritar guztiei dei egiten diegu gure Herri Programan parte har dezaten: iritziak emanez, ideiak proposatuz, etab.”
• e-posta: einbiou(abildua)euskalherria.org