Emakume batzuen ekimenaz, emakumeentzako sortutako proba da Lilatoia. Antolatzaileek Galesetik hartu zuten ideia, Martxoaren 8an (Emakumeen Nazioarteko Eguna) emakumeentzako lasterketa bat egiteko ohituratik, alegia.
Partaidetza errekorra
Iazko partaidetza errekorra gainditu du aurtengo Lilatoiak, iaz baino 53 lagun gehiago elkartu baitziren irteeran, 725 emakume guztira. Emakume elgoibartarrek ohitura handia dute Lilatoian parte hartzeko, alabaina, beste urte batzuetan baino elgoibartar gutxiago joan dela aurten azaldu digute parte hartzaileetako batzuk. Eta, "beteranoek" hutsik egin ez arren, emakume gazteen falta sumatu dutela gaineratu digute.
Bero sargoria
30 gradutaraino iritsi zen bero sargoriak hartu zuen iazko proban korrikalariek jasan behar izan zuten haize eta hotzaren lekua. Giharrak berotzeko aitzakiarik ez zuten arren, antxintxika egin aurretik lesiorik ez izateko eta muskuluak puntuan jartzeko, 8 minutuko beroketa saioa nola egin irakatsi zien Ainhoa Burgaleta aerobik irakasleak.