Zapatuan inauguratuko dute Idotorbeko bolatoki berria

elgoibarren.net 2007ko mar. 7a, 12:16

Zaharra zegoen toki berean, baina goitik behera berritu dute Idotorbe-San Pedroko bolatokia. Zapatu honetan, martxoaren 10ean, inauguratuko dute bolo saio batekin. 30.000 euroko kostua izan dute, gutxi gorabehera, berrikuntza lanek.





Idotorbe San Pedroko auzotarrek bolatoki berriaz gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Jesus Mari Azpiazu auzo-alkateak akorduan dauka aurreko bolatokia "auzolanean eta Udalak lagatako materialekin“ eraiki zutela duela 30 urte inguru. Azken urteetan, baina, baldintza oso eskasetan zegoela aitortu digu. “itoginak, zoru gorabeheratsua... bolatoki bat baino bertan behera lagatako txabola bat gehiago ematen zuen ”.

Egurrezko teilatua eta argi instalazio berria
Uralitazko teilatuak bi isurkiko egurrezko teilatu ederrari egin dio lekua. Buztin lurrez eginiko zoru berria ere jarri diote bolatokiari, eta baita, argi instalazioa ere. Berrikuntza lanek 30.000 euro inguruko kostua izan dute.
 

Egurrezko teilatuaren itxura berria

 

1706641858371 Zapatuan inauguratuko dute Idotorbeko bolatoki berria

 
 
Inaugurazioa martxoaren 10ean (zapatua)
•    Eguerdian bazkaria egingo dute bolatokia berria egiteko lanean jardun duten guztiek.
•    17:00etan Bolo Txapelketa hasiko da. Euskadiko Hiru Txirlo Bolo Txapelketa martxoaren 16an hasten denez, sasoian jartzeko aukera polita edukiko dute, hortaz, herriko bolariek.

Pilotaleku estali eta soziedade berria, hurrengo helburuak

San Pedroko pilotalekua, 1977ko ekainaren 29an eraikia

Azpiazuk azaldu digunez, bolatoki berriarena auzoan egitea aurreikusten dituzten berrikuntzetako bat besterik ez da. Izan ere, Idotorbeko pilotalekua estaltzea eta auzotarrak elkartzeko soziedade bat eraikitzeko asmoa adierazi diote Udalari. “Aurrekontu handia eskatzen duten lanak dira, ordea, urratsez urrats egin beharrekoak. Momentuz bolatokiarekin hasi gara. Ezker paretako frontoi berri bat egitea zen gure hasierako asmoa, baina diru asko behar zela ikusi genuen".
Auzotarrentzako soziedadea, berriz, frontoiaren atzealdeko frontoitxo txikia dagoen lekuan eraikiko luketela aurreratu digu Azpiazuk.