Gotzon Garate: “Azpeitiarekin eta azpeitiarrekin zor handitan nago”

elgoibarren.net 2007ko mar. 13a, 13:01

Gotzon Garate, euskal filologo eta idazle elgoibartarrak Azpeitiari buruzko iritzi artikulua idatzi du Gara egunkarian. Besteak beste, lagun azpeitiar batzuei esker 12 urte zituenean piztu zitzaiola euskal kontzientzia aipatzen du, "haiei entzun eta orduantxe ohartu nintzen ni euskalduna nintzela. Erabateko euskaltzale eta abertzale egin nintzen” dio Azpeitia izenburuarekin idatzitako artikuluan.


 
 
GOTZON GARATE Euskal Filologian katedraduna

Azpeitia

Aspaldi idatzi nuen Azpeitia urrezko letrez idatzi beharko genuela. Ia berrogei urtez zazpi probintzietako baserrietan nabil eta garbi ikusi dut Azpeitia dela Euskal Herri osoan, hamar mila bizilagunetatik gora euskaraz gehien egiten den herria.

Zor handitan nago Azpeitiarekin eta azpeitiarrekin.

Guk, etxekook, geure familian umetatik euskaraz ikasteko era izan genuen. Hamaika senide ginen. Gure gurasoak euskaldun garbiak ziren, hots, erabat euskaldunak.

Halere, nik ez nuen euskal kontzientziarik. Hamabi urterekin Durangora joan nintzen, orduko batxilergoa egitera, Elgoibarren ez baitzen ikastetxerik. Han aurkitu nituen hiru azpeitiar jator, benetan euskal kontzientzia zutenak: Jabier Bastida, Iñaki Bereziartua eta Benito Azkune.

Haiei entzun eta orduantxe ohartu nintzen ni euskalduna nintzela. Haiekiko harremanek erabat aldatu zuten nire bizitza. Erabateko euskaltzale eta abertzale egin nintzen. Gaur arte. Azpeitiar haien izenak bihotz zolan daramatzat. Jabier Bastida hil zen Elgoibarren. Besteak bizi dira.
 
Jesuita hemeretzi urterekin sartu nintzen. Azpeitiko Loiola auzoan, hain zuzen ere. Ordura arte nik nekien euskara bakarra Elgoibarkoa zen, gurasoen ahotik ikasitakoa.

Loiolan ia jarraian sei urte eman nituen. Niretzat sei urteko egonaldi hura zoragarria izan zen.
Alde batetik lagun euskaltzaleak izan nituen: Antton Arsuaga, Julen Lizundia, Iñaki Epelde, Jose Luis Zinkunegi, Daniel Bastarrika...

Eta Loiola auzoko giroa zeharo euskalduna zen. Loiolan katuek ere, esango nuke, euskaraz egiten zuten.

Guk, euskaldunok, harreman estuak genituen loiolatarrekin. Egunero katekisa ematen genien haurrei Loiolatxo egoitzan. Jakina, euskaraz.

Izaten genituen istilutxoak aldamenean bizi ziren mojekin. Mojak (askotan gertatu eta gertatzen dena) erdaltzaleak ziren. Dotrina espainolez erakusten zieten haurrei. Guk eta Azpeitiko apaiz jatorrek euskaraz.

Batzuek mojen kontra galantak botatzen dituzte. Mojak, ordea, ez dira horren errudun. Mojen atzean agintzen, fraide espainolistaren bat dago beti. Orduan ere bai.

Osteguna zen Loiolako jesuitontzat bakazio eguna. Gu, euskaldunok, dotrina erakustera joaten ginen. Goizean ni Kukuerrira eta arratsaldean Urrestilara.

Hantxe ezagutu nuen Jautarkol olerkaria, hots, Jauregitar Koldobika. Apaiz jatorra eta euskaltzale sutsua. Poesiaz gainera, Camilo Jose Celaren «La familia de Pascual Duarte» euskaratu zuen. Ongi euskaratu ere.

Urrestilan istilutxoa izan nuen. Euskaraz oso ederki zekien mutiko batek berari dotrina espainolez erakusteko eskatu zigun. Nik hauxe esan nion: «Baina mutiko, Salamancan gaude ala?». Mutiko hark berriz, aitari esan eta aitak gure nagusiari.

Gure nagusia, goian bego, gizon oso zintzoa zen baina espainolista amorratua. Belarritik tira zidan. Gero ere izan ditut horrelako tirakadak.

Arratsaldean nahi zuten baserritarrei eskolak ematen genizkien. Matematika pixka bat, ondo irakurtzen erakutsi, historia puskatxo bat. Hor ere dena euskaraz. Ikasleen artean Joxe Mari Bastida eduki nuen, gero urte nahikoz Azpeitiko alkate izango zena, benetan buru argiko pertsona.

Bestalde, azpeitiarrak alaiak, jatorrak, jatun bikainak eta umoretsuak dira. Haizeari ere adarra joko liokete. Euskal kirolei ere zintzo eutsi diete. Aizkora apustuak, ahari topaketak, korrikak... non Azpeitian baino sarriago ikusi?

Egia esan, gaztetako Loiolako egonaldi hura nire euskararentzako txit izan zen mesedegarri. Izugarrizko maitasuna hartu nien Azpeitiari eta azpeitiarrei.

Urola ibarra urrezko koroa bezala da eta Azpeitia koroa horretan diamanterik distiratsuena.
Jesuita ikasketak egiteko eta, atzerrian bederatzi urte eman ondoren, atzera itzuli nintzen Euskal Herrira, Deustu Unibertsitatean irakasle izateko.

Atzerrian euskaraz egiten saiatzen banintzen ere, euskara miko bat moteldu zitzaidan. Zer egin behar nuen berriz ere euskararen jabe osoa egiteko? Erdi-erditik asmatu nuen. Baserrietan bizi.

Lehenengo bi baserriak Azpeitian aurkitu nituen: Odriozolatxo eta Enparangain. Gero guztira 23 baserritan banabil ere, Odriozolatxo izan da nire euskararen unibertsitatea. Baserri hori Errezilgo mugan dago eta inguru guztia zeharo da euskalduna. Baserri horretako jendeari zor diedana ez dago ordaintzerik. Orain ere egonaldirik sarrienak hortxe egiten ditut.

Niri, etorkizuneko Euskal Herria nola izango den ametsetan jartzen naizenean, hauxe iruditzen zait: Euskal Herri guztia, Iruñea, Bilbo... hiriburuak barne daudela, Azpeitia bezala izango direla.

Euskal Herriak independentziarik lortzen ez badu, euskara galdu egingo da. Euskara galtzen Azpeitia izango da azken herria.

Azpeitia, herri maitagarria zinez euskaltzale guztiontzat.
Laus tibi, Azpeitia.
 
∞     GOTZON GARATEren beste artikulu batzuk: