Aitor Zabaleta “Gure arazo madarikatuak bete-betean harrapatu ditu Ekuadorreko bi familia”

elgoibarren.net 2007ko mar. 19a, 10:57

Aitor Zabaleta kazetari elgoibartarra Ekuadorren izan da ETAk Barajaseko atentatuan hildako Carlos Alonso Palateren eta Diego Armando Estacioren familien etxeetan, zer pentsatzen zuten eta nola bizi ziren jakin nahian. Han ikusi eta bizitakoarekin, emigrazioaren gaineko gogoeta egin du “Ekuadorreko eta Europako señoritoak” iritzi artikuluan (Argia astekaria 2007-03-18 -- 2080.zenb.)
 Osorik irakurri: Ekuadorreko eta Europako señoritoak
  Aitor Zabaletak Argian idatzitako artikulu gehiago



 
Ekuadorreko eta Europako señoritoak

1706641828069 Aitor Zabaleta “Gure arazo madarikatuak bete-betean harrapatu ditu Ekuadorreko bi fami

Dorre Bikien kontrako erasoan hamasei ekuadortar hil zituzten. Madrilgo trenen atentatuetan lau. Barajasen bi. Emigrazioak sortutako tragediaren adierazle gordinak dira hogeitabi hildakook, globalizazioak gizartea nola aldatu duen erakusgarri.
Ez ziren helburu, baina larrutik ordaindu zuten gobernuei min egiteko kalean eraso egiten dutenen krudelkeria.  
Gure arazo madarikatuak bete-betean harrapatu ditu Ekuadorreko bi familia. Kolpe latza eman die Euskal Herria existitzen denik ere ez dakitenei.
 
Bi mutilen herriak bisitatu ditut, senitartekoekin eta lagunekin berba egin dut, zer pentsatzen duten eta nola bizi diren jakin nahian.
Emigrazioak zeharo markatutako herrialdea da Ekuador. Hego Amerikako emigrazio tasarik txikiena izatetik, munduko handienera pasa da hamar urtetan.
 
Krisi ekonomikoak, 2000. urteko dolarizazioak eta gora-behera politikoek –hamar presidente hamar urtetan– parekorik ez daukan exodoa eragin dute. Lau milioi ekuadortar bizi dira Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan, hogeita bi mila Hego Euskal Herrian.
Etorkinak bidaltzen duten dirua da aberastasunik handiena, petrolioaren atzetik. Horri esker bizi dira milaka eta milaka familia, atzerriko dibisek eutsi ahal izan diote dolarizazioak ekarri duen estualdiari.
 
Arazoa da diru hori kontsumorako erabiltzen dela gehien, ez produkzioa edo ekimen berriak bultzatzeko. Ez dira bankuekin fidatzen. Duela hamar urteko krak finantzieroak zauri sakona eragin zuen, eta nahiago dute dirua ondasunetan gastatu; etxeetan, autoetan, tresna elektrikoetan…
 
Jendea larri dabil. Hilean 150 eta 300 dolar artekoa da batez besteko soldata. 500 dolar irabaztea gutxi batzuen luxua da.
Euskal Herriaz galdetuta, erantzunik ez Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio familien etxeetan. Batzuetan isiltasunak mila hitz baino gehiago esaten du.
 
150 dolarreko soldaten herrialdean ez daukate Europa urruneko señoritoen gatazketan pentsatzen jarduteko pribilegiorik. Nahikoa daukate egunerokoari aurre egiten.
 
Aitor Zabaleta