Datorren martitzenean aurkeztuko da Elgoibarko berbetiari buruzko liburua

elgoibarren.net 2007ko mar. 20a, 13:03

Jesus Mari Makazaga euskal filologo, irakasle eta euskaltzain elgoibartarrak gure herriko hizkera bere osotasunean aztertu du Elgoibarko Euskara. Berbak, egiturak eta irakurgaiak liburuan, ahozko tradiziozko euskeria jaso eta indartzeko ahalegina egiteko asmotan. Datorren martitzenean (martxoak 27) egingo du liburuaren aurkezpena Kultur Etxeko hitzaldi gelan.

 

 
  Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen ekimena izan zen Elgoibarko berbetia argitara emateko ideia. Jesus Mari Makazaga filologo elgoibartarra izan da, ideia hori paperera eramateko ardura izan duena. Elgoibarko Udalak, aldiz, proiektu hori bere egin du, eta ondorioz , lan hori argitaratzeko dirulaguntza eman du.

  Makazagak gure herriko hizkera bere osotasunean aztertu du, ahozko tradiziozko euskara jaso eta ahalegina egiteko asmotan. Beraz, ekimen honen helburua Elgoibarko hizkera ahalik eta leialtasunik handienarekin jasota uzteko lan bat egitea izan da.

Erditze luzea
1999. urte amaieran hasi zituzten Makazaga eta bere laguntzaileek liburua osatzeko lanak.  Estreinako lana, kanpoko euskararekin edo euskara batuarekin tratu gutxi izan duten adineko elgoibartarrei; baserritar zein kaletar, elkarrizketak egitea izan zen. Elkarrizketak egin eta egin jardun zuten 3 bekadunek. Landa lanean ateratako emaitzak aztertu eta ondorioak ateratzea izan da, besteak beste, Makazagak ondoren egin behar izan duen lana.
Elgoibarko Euskara. Berbak, egiturak eta irakurgaiak izeneko 352 orrialdeko liburua izan da lan guzti honen emaitza.

ELGOIBARKO EUSKARA liburuaren aurkezpen ekitaldia

• Eguna: martxoaren 27an, martitzena

• Ordua: 19:00etan

• Tokia:  Kultur Etxeko hitzaldi gelan.