Gero eta gutxiago dira txirrindularitzara hurbiltzen diren gaztetxoak

elgoibarren.net 2007ko mar. 21a, 10:12

17 txirrindularik hasi dute aurtengo denboraldia Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari taldean. Gero eta gutxiago dira gure herrian txirrindularitza aukeratzen duten gaztetxoak eta Eibarko txirrindulariekin osatu behar izan dute taldea.



 
 
 
Tomas Salegi Lagun Taldeako presidenteak, zaletasun urritasunaren arazoa gainditzeko, bailarako neska-mutilekin osatutako taldea egiteko asmoa dutela aurreratu digu. “Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko behe mailetako txirrindulariekin egin nahi genuke taldea aurrerantzean, jende faltaren arazoa herri guztietan ematen ari baita. Afizionatu mailaraino iristen direnek, berriz, Debabarrena Eibarko taldean edukiko lukete lekua”. Gipuzkoan nagusitzen ari den joera ei da. "Bergara, Arrasate eta Eskoriatzako taldeek ere batzea erabaki dute eta Azkoitia eta Azpeitikoak ere aspaldi elkartu ziren”.
 

Jubenilak

Kadeteak

 

Infantilak

 
 
Aurten Elgoibar eta Eibarko txirrindulariek bakarrik eman dute izena, ordea. “Hainbestean” diosku Salegik, txirrindulari gaztetxoen artean brasildar bat, argentinar bat eta kolonbiar bat dituztela nabarmenduz. Beharbada, hauei esker mantenduko da bizirik txirrindularitza etorkizunean. Dena dela, eta arazoaren muinera joanez, zergatik ez dute bizikletara igo nahi gaztetxoek?

Krisiaren zergatiak
Behe mailetako txirrindularitza ere krisian dagoela esan daiteke. Tomas Salegik arrazoi bat baino gehiago aipatzen ditu: “Batetik lehen baino ume gutxiago dago orain. Bestetik, kirol askoren konpetentzia dauka txirrindularitzak: eskubaloia, atletismoa, pilota... lehen, aldiz, futbolarena bakarrik. Futbolerako balio ez zutenek bizikleta gainean amaitzen zuten”.
Taldea txirrindulari gehien izatera iritsi zen urteak; 1985eko 75 lagunak, esaterako, aspaldiko kontuak dira. Errepidean ibiltzeak daukan arriskua ere oztopo bat da. “Gurasoek nahiago dituzte beraien semeek estalpean egiten diren kiroletan ikusi, errepideko arriskuetatik urrun ”.


Datozen lasterketak
Duela bi aste hasi zen denboraldia Eibarren. Joan zen asteburuan Azpeitian izan ziren txirrindulari gaztetxoak, datorren zapatuan (martxoak 24) Antzuolan izango dira eta martxoaren 31n Elgoibarren izango dute zita jubenil mailako txirindulariek.

XXVII. Elgoibarko Hiria Saria txirrindulari proba

• Noiz: martxoak 31
• Ordua: 10:00etan
• Irteera: Plaza Handitik
• Helmuga: Santa Klara kalean
• Ibilbidea: 90 km.