Ibon Gabilondok 15. postua lortu zuen Pyrenea triatloian

elgoibarren.net 2007ko mar. 27a, 11:09

Korrika, bizikleta eta eski trabesia uztartzen dituen proba gogorra da Pyrenea triatloia, Frantziako Pirinioetan, Gouretteko eski estazio inguruan egiten dena. Elgoibarko lagun talde batek neguko lasterketa honetan parte hartu zuen: hiru lagunek banakako proban eta Jendetxa 1 eta Jendetxa 2 taldeek erreleboko proban. Ibon Gabilondo meritu handiko 15. postuan sailkatu zen banakako proban.

 
 
 
Pyrenea triatloiak entzute handia du Frantziako hegoaldean eta aurtengoa antolatu den 21. edizioa izan da.
Ibon Gabilondo, Urgazi Triatloi taldeko kidea ezin gusturago, “inpresio oso onarekin”, itzuli da Pirinioetatik. Gisa honetako proba batean parte hartzen zuen estreinako aldia zela argitu digu eta zirkuitua ere ez zuela ezagutzen. Hala bada, meritu handiagoa du sailkapenean lortu zuen 15. postuak. Guztira 145 lagunek parte hartu zuten banakako proban, hauetako batzuk goi mailako kirolariak; espainiarrak zein frantziarrak.
 
Ibilbidea:
Parte hartzailek 17,5 km. egin behar zituzten korrika, 40 km. bizikletan (1050 m-ko maldarekin Aubisque eta Gouretteraino) eta azken proba 7 km.ko eski trabesia (700 metroko desnibela gaindituz) Gouretteko eski estazioan gora eta behera. 

Bizikletan primeran, eskiekin larriago
Elgoibartarrak bizikletako proban ibili zela gusturen aitortu digu. Sailkapenak ere halaxe adierazten du, parte hartzaile guztien artetik 3. denborarik onena egin baitzuen bizikleta gainean. Ibilbidea, gainera, edonor beldurtzeko modukoa zen, Aubisque-ko aldapa gogorrak igo behar baitzituzten (goraino beharrean Gouretteko estazioraino). Aldiz, eski gainean ez zen gurpil gainean bezain eroso sentitu, “behin bakarrik joan naiz aurten eskiatzera eta falta hori sumatu nuen”. Dena dela, eski proba oso berezia izan zela dio Gabilondok, “eski trabesiako proba daukaten triatloi gutxi baitaude”.

Elurra Aubisquen gora
Hotzik ez zuela igarri aipatu digu, “Aubisquen gora elurretan hasi bazen ere”. Gogoan edukitzeko moduko eguna izan zela esanez agurtu gaitu, baina emaitza bikain honen atzean lan eta entrenamendu ordu asko eta asko sartu behar direla gogoratuz. Jose Ramon Sousa mendaroarrarentzat eta Aitor Romera elgoibartarrarentzat ere esperientzia bikaina izan da Pyrenea triatloia.
 

Danel Fdz. de Jauregi Jendetxa 1 taldekoa

Andoitz Agirregomezkorta, Jendetxa 2-koa

 
 

Ibon Gabilondo eski proban



Jendetxa 1 vs Jendetxa 2

Errelebotako proban parte hartu zuten bi taldeek afari bat egin zuten apostu, ia nor lehenago iritsi. Azkenean, Jendetxa 1 taldeak 8 minutuko aldea atera zion helmugan Jendetxa 2 taldeari. Azpimarragarria da Ibon Gabilondok taldeek baino denbora hobea egin zuela, Jendetxa 1 taldeak baino ia 5 minutu gutxiago behar izan baitzituen ibilbide berdina osatzeko.
 

Aitor Romera eskiekin

Zaletuen berotasuna ingurune hotzean

 
 

Lagunak, eski proba hasi aurretik...


Sailkapenak:

Banaka:

Ibon Gabilondo: 03:54:59 (postua: 15)   

>Korrika: 01:11:59 (postua: 17)

>Bizikleta: 01:36:01 (postua: 3)

>Eski: 01:06:59 (postua: 44)

Jose Ramon Sousa: 04:35:52 (postua: 75)

>Korrika: 01:19:31 (postua: 76)  

>Bizikleta: 01:59:50 (postua: 77)

>Eski: 01:16:31 (postua: 80) 

Aitor Romera: 04:53:43 (postua: 97)

>Korrika: 01:29:25 (postua: 136)  

>Bizikleta: 02:05:40 (postua: 132)

>Eski: 01:18:38 (postua: 88)

 

 

Aitor Romera, ezkerrean

 

Ion Urbieta aldapan gora

 

Taldeka:

Jendetxa 1: 03:59:53 (postua: 46)

>Danel Fdz. De Jauregi (korrika): 01:13:42 (postua: 48).

>Jon Urbieta (bizikleta): 01:45:35 (postua: 51). 

>Manex San Martin (eski): 01:00:36 (postua: 66)

Jendetxa 2: 04:07:56 (postua: 59)

>Imanol Santos (korrika): 01:10:42 (postua: 31).

>Andoitz Agirregomezkorta (bizikleta); 01:45:14 (postua: 46)

>Gaizka Astorkiza (eski): 01:12:00 (postua: 105)

*Ibilbidea bientzat berdina izan arren, banakako eta taldekako sailkapenek ez dute zerikusirik bata bestearekin.