3 elgoibartar Euskadi-Argentina Buenos Airesen jokatuko den partidako deialdian

elgoibarren.net 2007ko mar. 28a, 11:14

Itziar Gurrutxaga, Elisabet Ibarra eta Evelyn Santos elgoibartarrak deitu ditu Euskadiko emakumezkoen futbol selekzioko hautatzaileak, Sebas Martijak, Argentinaren aurka Buenos Airesen (apirilak 6) jokatuko duten lagunarteko partidarako. Lehen Biak Athleticeko jokalariak dira eta Realean jokatzen du Evelynek.



Lagunarteko partida Hego Amerikako Txapeldunaren aurka
Buenos Aires hiriko Club Defensores de Belgrano futbol zelaian jokatuko den partida lagunartekoa izango den arren, Hego Amerikan jokatzea lorpen handia da euskal futbolarentzat. Eta Argentinaren aurka jokatzea, berriz, mundu mailan dagoen selekzio indartsuenetako baten aurka jokatzea da, Hego Amerikako txapeldunak baitira zuri-urdinak. Duela bi hilabete eskas Brasileko selekzioari irabazi zioten finala (2-0). Honez gain, Txinan jokatuko den Munduko Kopa jokatzeko txartela ere eskuratu du.

Errebantxarako aukera
Honakoa joan den irailean Irungo Gal estadioan jokatutako partidaren bigarren zati modukoa izango da. Orduko hartan argentinarrak nagusitu ziren. Euskadiko emakumezkoen selekzioak jokatu zuen estreinako nazioarteko partida izan zen hura.

Athleticeko 11 jokalari deialdian

Eli Ibarra. Argazkiak: www.athletic-club.net

Sebas Martija hautatzaileak Athleticeko 11 jokalari sartu ditu deialdian, tartean Itziar Gurrutxaga, Athleticeko kapitaina eta Eli Ibarra. Realetik, berriz, 3 jokalari deitu ditu, hauetako bat Evelyn Santos elgoibartarra.
Partida jokatzeaz gain, Buenos Aireseko Euskal Etxea bisitatzeko aukera izango dute jokalariek.