Erabaki ditugu elgoiBARREN-net atarian parte hartzeko arauak

elgoibarren.net 2007ko mar. 28a, 13:53

Eztabaidatu eta erabaki ditugu elgoiBARREN.net web orrian parte hartzeko bete beharreko arauak. Irakurle asko izan zarete parte hartzearen gainean zuen iritziak eta ekarpenak egin dituzuenak; estimatzen dizuegu. Denak aztertu eta eztabaidatu ondoren hartu ditugu segidan ikusiko dituzuen erabakiak. Ea zer irizten diozuen.


♦ Hauek dira elgoiBARREN.net-en partehartzeko bete beharreko arauak:
•    Ezin da irainik idatzi.
•    Errespetuz idatzi behar da. Badakigu errespetua ulertzeko eta interpretatzeko modu asko daudela; ondorioz, sen ona erabiltzeko eskaria luzatu nahi dizuegu.
•    Gaiaren gainean idatzi. Honek ez du esan nahi gaiaren eremua zabaltzerik ez dagoenik, baina ezin dugu nahastu malgutasuna irizpide ezarekin.
•    Komentarioak euskaraz idatzi behar dira. elgoiBARREN.net euskarazko medio bat da, baina euskaraz ez dakitenei ere zabalik dago. Hauei, ahalegin bat egin eta gurean parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu.

•    Arauak betetzen ez dituzten komentarioak kendu egingo ditugu. Komentarioren bat kentzen dugunean, esan egingo dugu kendu egin dugula eta zergatik kendu dugun.  
•    Proiektu honek moderatzailea izango du, eta bera izango da parte hartzearen segimendua eta zaintza egingo duena. Moderatzaileak erabakiko du, besteak beste, komentarioek arauak betetzen dituzten ala ez. Komentarioak kentzeko eta azalpenak emateko ardurak ere moderatzaileak hartuko ditu bere gain.  
 
Erabaki ditugu web orrian parte hartzeko arauak, eta moderatzailea ere izendatu dugu, baina kontziente gara irakurleon laguntza eta konplizitaterik gabe, ezer gutxi lortuko dugula. Aurreko batean esan genizuen moduan, irakurleon borondate onean sinesten dugu, eta seguru gaude denon artean web orri bizia eta parte hartzailea egingo dugula. Eskerrik asko, denoi.