'Lojantzi' eskubaloi taldea igoera lortzetik gol bakar batzutara geratu da

elgoibarren.net 2007ko api. 23a, 10:48

Senior nesken Lojantzi eskubaloi taldeak ezin izan du Espainiako Lehenengo mailara igo asteburu honetan Barañainen jokatu den Igoera Fasean. Sartutako eta jasotako gol kopuruen diferentziak erabaki du igoera lortu duen taldea: Lagunak talde nafarra.

 
 
 
Jokatutako 3 partidetatik 2 irabazi zituzten elgoibartarrek, alabaina, Lagunak talde nafarraren aurka galdu zuten estreinako partida erabakigarria izan zen. Nafarrek, nolanahi ere, sartutako eta jasotako gol diferentziagatik lortu zuten igoera.

Lojantziren partidetako emaitzak:
Lagunak (Nafarroa) 24 – Lojantzi 22
Lojantzi 23 – Siero (Asturias) 18
Chapela (Galizia) 23 – Lojantzi 24

Azken fase orekatua eta emozioz betea
Hiru taldek (Lagunak, Lojantzi eta Chapela) bina partida irabazi dituzte Barañainen (Nafarroa) jokatutako Igoera Fasea estuan. Azkenean, etxekoek, Lagunak taldeko jokalariek lortu zuten igoera. Izerdi franko bota ondoren, ordea. Talde guztiak indarrez parean iritsi ziren Igoera Fasera eta berdintasun eta emozio handiko partidak ikusi ahal izan dira. Sanlo Klubetik adierazi digutenez, “etxeko taldearen aurka galdutako lehen partidan egon zen gakoa ” behin atzera begiratuz gero, “irabazteko moduko partida” izan zela uste dute, baina "urduritasunak tarteko", 2 goleko aldeagatik galdu zuten. Sieroko asturiarrei irabazi ondoren Chapela talde galiziarrari 3 goleko aldeaz irabazi behar zion, nahita nahiez, Lojantzik igotzeko aukerak bizirik mantendu nahi bazituen. Gol bakarreko aldeaz, ozta-ozta, irabazi zieten, ordea, galiziarrei. Bigarren urtez jarraian igoera lortu gabe geratu da Lojantzi.

Nafarrak txapeldun
Igoera, hortaz, bi talderen (Lagunak eta Chapela) arteko lehia bilakatu zen. Nafarrek Sieroren aurka jokatzen zuten azken partida eta 6 goleko aldeaz irabaztera derrigortuta zeuden galiziarrei txapela eskuetatik kentzeko. Azken segundoan sartu zuten horrenbeste desio eta behar zuten gola. Partida 36 eta 30 amaitu zenean hasi ziren nafarren ospakizunak eta demaseko poza.
 
Mutilen txanda datorren asteburuan

Euskadiko txapeldun geratu ondorengo poza

Tecnifuelle senior mutilen taldeak bi aste barru (maiatzak 4-5-6) edukiko du neskek lortu ezin izan dutena lortzeko aukera. Senior mailako Igoera Fasea Colindresen (Kantabria) jokatuko baita. Sanlo EKT saiatu zen igoera fasea Elgoibarren antolatzeko gestioak egiteaz, baina Espainiako Eskubaloi Federazioak Kantabriara eraman du txapelketa.
 
 
 
Elgoibartarren aurkariak:
* Colindres (Kantabriako txapeldunak)
* Seis Do Nadal (Galiziako txapeldunordeak)
* Casalancio (Errioxako txapeldunak)
* Tecnifuelle (Euskadiko Txapeldunak)