Itziar Gurrutxaga eta Eli Ibarra Superligako txapeldun Athleticekin

elgoibarren.net 2007ko mai. 8a, 10:58

Emakumezkoen Athletic taldeak laugarren Superliga eskuratu du. San Mamesen, 30.000 ikusleren aurrean, jokatutako ligako azken partida berdintzea nahikoa izan zen Superliga eskuratzeko. Bi elgoibartar atera ziren San Mameseko berdegunera: Itziar Gurrutxaga (kapitaina) eta Eli Ibarra. Bientzat, irabazten duten laugarren Superliga izan da.




Azken partida berdindu arren, liga poltsikora
Torrejonen aurka domekan (maiatzak 4) San Mamesen jokatutako ligako azken partida husnako berdinketarekin amaitu eta gero irabazi dute txapelketa zuri-gorriek, Espanyol-ek, liga irabaz zezaken beste taldeak, Rayo Vallecanoren aurka etxean galdu (3 eta 5) baitzuen.

Asko sufritutako txapelketa

Eli Ibarra

Eli Ibarrak eta Itziar Gurrutxagak, Athleticeko kapitainak, partidaren amaieran egindako adierazpenetan (entzun hemen prentsaurrekoak), inoiz baino gehiago kosta zaiela Superliga hau irabaztea azaldu zuten, “sekula baino gehiago sufritu dugu”. Jendea gaizki ohitu dutela ere gaineratu zuen kapitainak, “Athleticeko neskek beti irabazten dutela liga uste dute askok, baina ez da batere erraza izan”.
Ligan parte hartzen duten taldeen kalitateak nabarmen egin duela gora argudiatu zuen Gurrutxagak, “jokalari eta taldeen maila gero eta hobeagoa eta parekatuagoa da. Orain zaila da hasierako denboraldietako goleadak ikustea. Partida guztietan sufritu behar da, orain, irabazteko. Eguneroko lanarekin atera behar dira partidak”.

1706641756719 Itziar Gurrutxaga eta Eli Ibarra Superligako txapeldun Athleticekin

San Mamesen eta 30.000 lagunen aurrean jokatzea zirraragarria dela aitortu zuten, “lehenago ere tokatu zaigu horrelakorik bizitzea, baina hala eta guztiz ere berezia da oso”. Irabazi duten laugarren Superliga izan den arren, "bakoitza ezberdina eta oso berezia" izan dela uste dute biek.

 
 
 
Itziar Gurrutxaga: San Mames betetzea nire kirol bizitzako unerik onenetakoa izan zen"

Itziar Gurrutxaga.

Ligako azken partida jokatu aurretik elcorreodigital webguneari eskainitako elkarrizketan, aurtengo denboraldian futbolarekin inoiz baino gehiago gozatzen ari dela aitortzen du Itziar Gurrutxagak. Lanean urtebeteko atsedenaldia hartu eta ia profesionalki futbolean aritu izanak badu zerikusirik. “Ezin nituen biak batera eraman; lana eta futbola. Goizeko 7:30ean ateratzen nintzen Elgoibartik Trapagaraneraino joateko. Lana amaitu eta korrika batean joaten nintzen entrenatzera, eta gero, 21:30-22:00 aldean etxera buelta. Hau astean zehar, eta asteburuetan, konpetizioa. Ezin nuen erritmo horretan bizitzen jarraitu. Niretzat eta ingurukoentzat denbora behar nuen". Dena dela, emakumezkoen futbolak ez du bizitzeko adina ematen eta hasia da lanen bat bilatzen, “ahal bada etxetik gertuago”.
Athletic moduko talde tradizional batean emakumezkoen taldearen booma ere gogoan du 30 urteko erdilariak, “San Mames betetzea nire kirol bizitzako unerik onenetakoa izan zen. Horren ezustekoa izan zen, oraindik ere nire buruari galdetzen diodala nola izan ginen gai San Mames betetzeko”. Garai hartan bazkide talde batek emakumeek katedralean jokatzea “sakrilegio bat” zela uste zutela ere akorduan dauka.
Zaletu fidelak lortu dituztela ere aipatzen du, “igandero 2.000 ikusle inguru joaten dira Lezamara, gehienak gazte jendea. Eta gero, salbuespenezko kasuetan, San Mames irekitzen denean, hor daude datuak”.
Emakumezkoen eta gizonezkoen taldeen artean egiten diren konparaketez aspertuta dagoela dio. “oso ezberdinak dira, ezin dira konparatu. Profesionalak dira beraiek, guretzat ‘hobby’ bat da hau”. Gauza batean, ordea, antzematen du antzekotasunik Gurrutxagak: “profesionalak ez garen arren, izango bagina moduan eskatzen zaigu. Guk lana eta futbola ahal dugun moduan uztartzen ditugun bitartean, entrenamendu saio bikoitza dutela-eta gizonezkoen taldekoak kexatzen direnean, adibidez, min egiten dizu. Zer egingo diogu baina? bizimodu horretara ohitu dira-eta”. 
 
Argazkiak: www.athletic-club.net