• Enpresa batek kudeatuko du Eskola Kiroleko Programa
Alabaina, umeen gurasoek eta kirol talde ezberdinek “berebiziko garrantzia” izaten jarraituko dutela azpimarratu zuen Ramon Mugica, Udal Kirol Patronatuko zuzendariak. “Guztion arteko elkarlana” funtsezkoa dela gaineratu zuen martitzenean (uztailak 10) Udaleko Pleno Aretoan egin zuten Eskola Kirola programa berriaren aurkezpenean.
• Aspaldiko asmoa
Kontseilu berri hau sortu aurretik hilabeteak daramatzatela ikastetxeekin lanean azaldu zuen Mugicak, “gure aspaldiko helburua zen Eskola Kirolaren antolaketari egitura sendoagoa eskaintzea, eta ildo honetan, guztion artean adostutako estatutuen onarpena aurrerapauso handia izan da". Estatutuok gidatuko dituzte Kontseiluak hartuko dituen erabakien nondik-norakoak.
• Zer da Eskola Kirola?
Eskola Kirola programaren eginkizuna, Elgoibarren eskola kirola bultzatzea da. Kontuan izan behar da, Eskola Kirola honako hau dela: ikasleak, eskolan hasten direnetik goi mailako beste ikasketa batzuetara iritsi bitartean, eskola orduetatik kanpo eta eskolan bertan, egiten duen edozein jarduera fisiko.
• Eskola Kirola programaren helburuak:
- Kirola Elgoibarko ikasle guztiengana hurbiltzea, beti ere, hautaketa eta errendimendu prozesuak alde batera utzita, eta lehiaketara bakarrik mugatu gabe.
- Eskola Kirolaren helburuekin bat datozen kirol jarduerak eskaintzea.
- Ikastetxeetan Eskola Kirola aurrera eramateko eta kudeatzeko beharrezko egiturak sortzea.
- Kluben partaidetza bultzatzea ikastetxeetan jarduera programak aurrera eramateko.
- Eskola Kirolean berdintasun eta partaidetza ereduak ezartzea, batez ere aurre-benjamin, benjamin, alebin eta infantil mailetan.
- Herriko ikastetxeetako eta klubetako teknikarien formazioa eta gaitasuna bultzatzea.
- Ikastetxe eta Udalaren instalazioak erabiltzeko aukera ematea, beti ere, ondo erabiliko direla ziurtatuz.
• Kirolak:
- 3 taldekako kirol: futbola, eskubaloia eta saskibaloia
- 8 banakako kirol: atletismoa, xakea, txirrindularitza, pilota, eskalada, mendizaletasuna, tenisa eta igeriketa.