Estanis Osinalde, Elgoibarko Institutuko zuzendari izandako Mutrikuko alkatea hil da

elgoibarren.net 2007ko ira. 10a, 13:11

Dolu egunak bizi dituzte egunotan Mutrikun, herriko alkatea, Estanis Osinalde hil baitzen barixaku (irailak 7) gauean, minbiziaz luzaroan gaixo egon eta gero. 49 urte zituen. Elgoibarko LH Institutuko zuzendari lanetan eszedentzia hartuta zegoen politika jarduera garatu ahal izateko. 2003. urtetik Mutrikuko alkatea zen.

 
 
•  Estanis Osinalderen irakasle ibilbidea
Elgoibar BH Institutuan eman dizkigute, bere lankide izandakoek, Estanis Osinaldek bertan egin zuen ibilbidearen berri.
• Estanis Osinalde Txurruka 1985-86 ikasturtean hasi zen lanean Elgoibarko Lanbide Heziketako Institutuko (MEKA) Metal Adarrean Tailer Maisu bezela, aurreko urteetan Errenteri eta Azkoitiko Lanbide Heziketako Institutuetan egon eta gero.

1986ko uztailean ikasketa-buru izendatu zuten eta kargu hori bete zuen 1990eko ekainean ikastetxeko zuzendari hautatua izan zen arte.
1990etik 1993ra Elgoibarko Lanbide Heziketako Institutuko (MEKA) zuzendaria izan zen, eta garai honetan, hain zuzen ere, lekualdatu zen Ikastetxeko Metal Departamentua, sortu berria zen Makina Erremintaren Institutura (IMH).

1993tik 2001era IMHn eta Deustuko Berritzegunean egon zen.
2001etik 2003era, Mutrikuko Alkate hautatua izan zen arte, Ikaslan Gipuzkoan egin zuen lana erakunde horren kudeaketaz arduratuz.
Giza harremanetan trebea zela eta lagun asko egin eta laga dituela irakaskuntza munduan azaldu digute lankide ohiek. Hori dela eta bere heriotzak saminduta utzi ditu bere antzinako lankideak.
 
•  Estanis Osinalde, Mutrikuko alkatearen biografia laburra

Alkatearen bulegoan eserita

Estanis Osinaldek 50 urte beteko zituen azaroan. Musikazalea izanik, Itoizko bateria izan zen gaztetan, Indar Trabesen ere ibili zen, eta Mutrikuko bandako kidea izan da. Marinel egunean beti irteten zuen bandagaz.
Poilitikan sartu aurretik, irakasle izan zen institutuan, eta 1995ean, Kepa Astigarraga alkate zela hasi zuen bere ibilbide politikoa EAJn Kultura eta Kirol zinegotzi. 2003tik allkatea zen, eta 2007ko hauteskundeetan berriro atera zen.Felix Azpiazu alkateordeak azken legealdiko lau urteak gogoratu ditu: «Aipagarriena arau subsidiarioei emandako bultzada eta haiek bukatzea izan da. Planifikazio handia eskatzen duen lana izan da, oso gogorra, eta orain hasiko da bere fruituak ematen». Osinaldek sektore publikoan lan egiteko zeukan ohituragatik «korporazioko beste kideei falta zitzaien esperientzia» zeukan.
Maila pertsonalean, «oso pertsona baikorra» zela nabarmendu du. «Oso politikoa zen, ironikoa, eta posible bazen, bide politikotik joaten zen, baina hori bai, gauzak argi esan behar zirenean ere esaten zituen», gogoratu du.

Estanis Osinalderen hiletako irudia.

Alkate moduan, guztien iritzia entzuteko prest agertzen zen Osinalde. «Ez naiz guztiz asanblearioa. Alkatea izanda erabakiak hartzeko ardura daukat, baina ahal den heinean, besteek esateko dutena entzun ondoren erabakitzea nahiago izaten dut», esan zuen iazko abenduan Hitzari eskainitako elkarrizketan.
Azken hauteskundeen aurretik jakin zuen Osinaldek gaixo zegoela, baina beti ere jarraitzeko asmoa agertu du, eta ahal izan duenera arte bere karguan jarraitu du. Bere azken ekitaldi publikoa Pilotarien Biltzarrekoa izan zen.
(iturria: 11barri.info Lea Artibai eta Mutrikuko egunkari digitala)
 

Informazio gehiago: