J. M. Eguren elgoibartarrari infartua eman zion Ikastolako frontoian palan jokatzen ari zela. Berarekin zeuden lagunek, tartean udaltzain agente bat, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten. Osakidetzatik helikopteroa bidaltzea erabaki zuten, gaixoa ahal bai-lehen ospitalera eraman ahal izateko. Pilotuek lur hartzeko lekurik aproposena Mintxetako futbol zelaia zela ondorioztatu zuten, eta halaxe jakinarazi zioten Elgoibarko Udaltzaingoari.
Nahasmena eta ezin ulertua Mintxetan
Mintxetako joko zelaian egin zuen larrialdietako lur-hartzea helikopteroak. Mintxetan zeuden lagunak zur eta lur geratu ziren. Une horretan, Eibarko eta Elgoibarko alebin mailako taldeen arteko partida ari ziren jokatzen, eta, bat-batean, udaltzaingo agenteak berdegunean presaka sartu eta jokalari gaztetxoei jokoa eteteko eta zelaitik aldentzeko eskatu zieten. Gertatzen ari zena ezin ulertuak nahasmena sortu zuen harmailetan. Udaltzainek Osakidetzako helikopteroak lur hartu ahal izateko gunea (iparraldeko atearen atzealdean) prestatu behar zutela jakinarazi zutenean bueltatu zen lasaitasuna. Lehenik, anbulantziaz eraman zuten gaixoa Mintxetaraino eta handik helikopteroz Gipuzkoako Poliklinikara.
Gaixoaren aita ere ospitalera
J.M. Egurenen aita semearekin zegoen bihotzekoak eman zion unean bertan, eta bera ere ondoezak jo zuen egoeraren tentsioak gaindituta. Mendaroko ospitalera eraman zuten.