Espaloi batek lotuko ditu Ermuaranbide kalea eta Basarte auzoa

elgoibarren.net 2007ko urr. 10a, 08:00

Ermuaranbide kalea eta Basarte auzoa lotuko dituen oinezko espaloi berri baten proiektuari azken ukituak ematen ari da Udala. Espaloi berriak 200 metroko luzera izango du, eta Azkarate gaineraino doan errepidearen eskuin aldean egingo dute.





Herritar eta inguruko bizilagunen aspaldiko eskaria da Elgoibarko bi txoko hauen artean pasabide seguru bat eraikitzea; egun, arriskutsua baita Ermuaranbide kaletik Basarte auzora oinez joatea. Apenas dagoen tarterik errepidea eta etxeen artean. Duela hilabete batzuk, esaterako, 70 urteko gizonezko bat hil zen bertan, auto batek azpian hartuta.

Basarte auzoraino iritsiko da espaloi berria.

Elgoibarko Udalak dagoeneko eman du proiektua idazteko agindua, eta baliteke “urtea bukatu aurretik, prest egotea” Jon Zubiaurre Hirigintza batzordeburuaren esanetan.
2008. urte hasierarako lanekin hasteko moduan egotea gustatuko litzaieke udal arduradunei. Gainera, espaloia egiteko hasiko dituzten lanak aprobetxatuz, argiak jarriko dira oinezkoentzako ibilbide guztian. Horretaz gain, edateko urak eta euri urak bideratzeko azpiegiturak berrituko dira.

 Espaloi berriaren ezaugarriak
:
  • Zabalera: 2 metro baino gehiago.
  • Luzera: 200 metro luze.
  • Aurrekontua: 260.000 euro.
  • Hasiera: Ermuaranbide kaleko lurpeko edukiontzien ondoan.
  • Amaiera: Basarteko tenis zelaiaren parean dagoen espaloiarekin elkartuko da.
Lotura duten albisteak: