Elgoibarko Udaleko oposizioan diharduten ezkerreko alderdiak bat datoz hainbat giza gaietan, eta baita Elgoibarrek eta elgoibartarrek dituzten behar nagusien diagnosia egiterakoan ere. Honez gain, hiru hilabeteko legealdia eta gero, ez daude oso pozik Gobernu Taldearen jarrerarekin. Hauek izan dira elkarlanean aritzeko akordioaren aurrekariak. Hala izanik ere, bakoitzak bere aldetik lanean jarraituko duela ere azpimarratu nahi izan dute.
Proposamenak prest
- Bat-bateko itzulpena ahalbideratu plenoetan.
- Industriguneetarako oinezko-bideak eraiki, ahal bai-lehen.
- Herri partaidetza indartu. Udal parte hartzaileagoa bultzatzeko Udal erregelamendu organikoa aldatu
- Plaza Txikiko lur azpiko aparkalekuak egiteko lanak onartu eta martxan jarri.
- Andikanon, Sallobenten eta Altzolan bidegorriak eta pasealekuak egin.
Gobernu Taldearen erantzunaren zain dauden bitartean, proposamen berriak aztertzen dihardute oposizioko alderdiek. “Erakunde publiko batek gardentasunez jokatu beharra daukala sinesten dugunez, gure proposamen guztien, eta hauek jasotzen dituzten erantzunen berri emango diegu herritarrei. Ildo beretik, herritarrek dituzten eskaera, kexa eta zalantza guztiak guri helarazteko ateak zabalik ditugula gogoratu nahi diegu herritarrei”.