Joxepa Ugarteburu hil da, Aubixako aterpetxeko estreinako langilea

elgoibarren.net 2007ko urr. 19a, 18:17

Aubixako Joxepa, Josefa Ugarteburu Agirregomezkorta, hil da gaur (urriak 19) 78 urte zituela. Aubixako alaba eta Idotorbe-San Pedro bailaran dagoen aterpetxe ezaguneko estreinako langilea izan zen. Aubixatik pasa zareten makina bat elgoibartarrok izango duzue akorduan Joxepa. Goian bego. (elkarrizketa dauka)

Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen 40. urteurrenean argitaratutako Izarren Hautsa 40 urtean liburuan Joxepa Ugartebururi egin zitzaion elkarrizketa duzue honakoa.
 
ELKARRIZKETA 
Aubixako JOXEPA.
“Goizeko seiretan jaiki eta gauerdixan erretiratzen nitzan ohera”

Joxepa 1929an jaio zen San Pedro auzoko Aubixa baserrian. Eta bertan 38 urtean bizi eta gero, “kalera bajau giñan, gizonak arnasia hartzeko zakazen arazuak zirala eta”. Baina Joxepak ez zekien lau urte barru berriz ere igo beharko zuenik. Ikastolak Aubixa baserria hartu zuen udaleku modura aprobetxatzeko, eta Joxepari eskaini zioten etxeko jira eramateko ardura. 30 urte inguru pasa badira ere, Joxepak akorduan dauzka orduko pasadizoak. Ibiltzeko, makuluaren laguntza behar du, baina burua tente eta argi dauka. Aubixako sukaldeko sutondoan hartu gaitu, beti bezain atsegin eta irribarretsu.

Nola jakin zenuen Aubixa aterpetxe bihurtu behar zutela?
Elgoibarko Izarrakuak etorri jakuzen Aubixa hartzia nahi zebela esanez, umiak eta eukitzeko nahi zebela esan ziguen. Pozik entzun naban, konfiantzazko jendia zan-eta. Hasieratik esan giñon baietz. 

Eta zelan erabaki zenuen bertan lanean hastea?
Nik ez naban Aubixan lan egin nahi, baiña beste iñor topau ezin zebenez, neu hasi nitzan azkenian. Nik, ordurako, ikastolako maisueri bazkarixa ipintzen niuen, eta, azkenian, neuk ixo biharko nabala esan zidan Antton Aranburuk. Ni lanian ohittuta naguan, baiña bildurra ematen zidan jendiak aldamenetik jardutia: “hau ez dozu ondo egin, hori beste ere horretara egin bihar zendun, ...”. Lasai egoteko esan zien, ez zala holakorik izango, eta hala hasi nitzan lanian. 10-12 urtian jardun naban.

Zein ziren zure ardurak?
Jatekua ipintzia, erropak garbitzia, umien kurak egittia, ... zer ez! Ume guztixak sukaldiaren bueltan izaten nittuan. Nik esaten niuen maisuena juteko, baina ... Gizon zanak “Lan gogorra hartu bihar dozu!” esaten zidan, baiña laixetan baiño errazago egingo dot erantzuten nion nik.

Lan erraza al zen?
44 urte nittuan Aubixan lanian hasi nitzanian, sasoeko, eta errez ematen nion etxiari bueltia. Lanik zaillena gosaltzeko tostada-ogixak txapa gaiñian erretzia izaten zan. Txapiak ez zaban funtzionatzen, eta han egoten nitzan keia noiz ikusiko zaiñ. Goizeko seiretan jaikitzen nitzan ohetik, eta gabeko hamabixak aldian erretirau.

Zelako oroitzapenak dauzkazu gordeta?
Onak. Umeekin oso ondo konpontzen nitzan, eta eurak ere bai nerekin. Oindiok ere “agur, Joxepa” esaten die kalian kruzatzerakuan. Nik asko ez dittut ezagutzen, baiña hamendik pasautakuak izango dira. Begiraliekin ere ondo konpontzen nitzan. Ez naiz sekula iñorekin hasarrau.

Izan al duzu sustorik edo disgusturik?
Sustua latza izan genduan behiñ! Marik, alabak, kotxia aparkatuta zakan atarixan. Lau ume kotxian sartu eta, bateren batek, esku-frenua kendu zaban. Han jun ziran soruan behera, beheko errekaraiño. Azkenian, arbola bat jota geratu zan kotxia. Eskerrak soroan behera zijuazela aurreko bixak kotxetik salto egin zeben. Atzeko bixak urten eziñik geratu zian, kotxia hiru atekua zan-eta. Ez jakuen ezer pasau, baiña estu egon giñan. Arrateko Amabirjiñia zaukan kotxiak eta haretxek salbau zittuan.  Eta gero Jangoikuak milagrorik ez dabala egitten esango debe!