• Irungo final laurdenetako saioa (sailkapena)
- Uxue Alberdi 482 puntu
- Jon Martin 478
- Unai Muñoa 474,5
- Iñigo Izagirre 465
- Aitzol Barandiaran 463,5
- Josu Oiartzabal 448
•
Irungo saioaren kronika (iturria: gpuntua.com)
• Irungo Amaia antzokia (2007/10/21)
• Bertsolariak: Jon Martin, Uxue Alberdi, Unai Muñoa, Aitzol Barandiaran, Iñigo Izagirre eta Josu Oiartzabal.
• Gai jartzailea: Unai Elizasu.
• Epaileak: Bakarne Urreaga, Astigarraga, Urtzi Basterretxea, Asier Oiarbide, Patxi Petrirena
Ikusmin handia sortu du gaurko zitak, bertsolari guztiak gazteak eta prestuak baitira, eta, gehienak elkarrekin asko aritutakoak, elkarren berri dakitenak, alegia. Tope egin du Amaia Antzokiak saio hasi baino 20 minutu lehenago: 600 lagun inguru bildu dira. Bertsozaleen artean bertsolari ugari ere agertu dira, kideen maila ezagutze aldera-edo. Aretoa jendez lepo, eta paretak ere bai. Bertsolariak animatzeko 5 kartel jarri dituzte: originaltasuna bertsolarien bertutea izateaz aparte, zaleena ere badela konturatu gara kartelok ikusita. Giroa ere bero; bertsolariak oholtzarako bidean jaso duten txalo zaparradak giro ederra aurreikusten du.
Agurretatik berotu dute jarduna seiek. Egurrera etorri dira guztiak.
8ko nagusian Martin eta Muñoak hasi dute lanaldia eta oso ondo, gainera. Martinek aspalditik zuen egutegian biharko eguna markatuta, Muñoarekin eguna pasatzeko. Honek, beste zeregin batzuk dituela esan dio. Biak ere zuzen eutsi diote paperari, bertsoak egoki josiz. Hiru bertsoetan zehar hobetzen joan dira biak, eta bertsoaldi ederra osatu dute.
Besteak ere egoki aritu dira, txukun-txukun puntuak batzen.
8ko txikian Barandiaran eta Izagirrek luzitu dute gehien ariketa. Iñigo aitaginarreba gonbidatu zuten atzo Aitzolek eta lagunak, ondoezak jota ingresatu egin behar izan zuten. Bisitan joan zaio Aitzol ospitalera. Iñigoren freskurak eman dio argia lanaldiari.
Orokorrean handian baino bajuxeago ibili dira txikian, egia esanda.
Puntu erantzunean Martinek eta Muñoak gain hartu die, agian, besteei.
Bakarkako lanean, Martinek Glamourra hitza emanda ondo asmatu du, glamourra jantzi ez, barruan eramaten dela esanez.
Muñoak ere Ordularia hitzari, berriz, bertso ederra marraztu dio, beti lehenbailehen joan behar dugula baina nora ez dakigula argudiatuz.
Alberdik Sabela hitza eman diote segidan, amari eskaini dio bertsoa.
10ko txikian, Oiartzabal eta Alberdiren lanaldia izan da aipagarriena: biloba-aitontzat jarri dituzte. Elkarrekin argazki zaharrei begira jarri dituzte, eta argazki horietako batean Uxue aitona fusila eskuan duela agertzen da. Bilobaren papera ederki bete du Josuk, eta Uxuek bere borrokaren zergatiak ederki arrazoitu ditu, bertso gozoak eta osoak eginez.
Beste lanaldiak ere txukun egin dituzte denek, akatsik gabe.
Kartzelako gaia, berriz, hauxe izan da: Banekien hartutako erabakiak eragina izango zuela berarengan, baina ezin nuen gehiago.
Guztiek lan oso ona egin dute ariketa honetan, eta guztiek merezi dute aipatzea.
Martinek gau bateko irristada kontatu dio bikoteari, eta esateko erabakiaz harro abestu du, bihotza txikituta duela esan arren. Bertsoaldi polita osatu du Jonek, poto bat egin duen arren.
Muñoak aitarekin haserretu dela esan du, eta bere burutazioak ederki helarazi dizkio zaleari. Lanaldi ederra osatu du berrobitarrak.
Oiartzabalek bikotea uzteko erabakia nola hartu duen kontatu du. Ondo azaldu ditu honek ere bere gogoetak.
Aitzol Barandiaranek ere bikotea uztea erabaki du, eta arrazoirik aurkitu eza arrazoi pisutsua dena argudiatu du. Hirugarren bertsoa osoa izan da, bai edukiz nahiz teknikaz. Lanaldi polita eta emoziotsua osatu du ataundarrak.
Iñigo Izagirrek anorexia duen alabari kontatu dio medikutara eramatea erabaki duela. Ondo aritu da itziartarra, baina borobildu gabe.
Alberdik ere bikotekidea uztearen alde egin du. Orain lagunak izatea ahal dutela esan du, beranduegi izan gabe. Bigarrena ederra bota du Uxuek, bi eskas baino bat osoa hobe dela argudiatuz. Hirugarrenarekin ere asmatu du, orain lehen baino gehiago maita dezakeela esanda.
Ariketa guztiak ederrak izan dira, guzti-guztiak. Maila handia erakutsi dute guztiek ariketa honetan.
Gaur ere puntuazioak entzun aurretik porrek izen ugari dituzte faborito.
Azkenean, Uxue Alberdirentzat izan da finalaurrekoetarako txartela. Martin bigarrenak eta Muñoa hirugarrenak ere probabilitate handiak dituzte. Hortik atzerakoak, Izagirre eta konpainia ere ez dira urruti ibiliko. Gazteak fuerte datoz oso eta sorpresekin mehatxu egiteko prest, gainera.
∞ Lotura duten albisteak:
- Uxue Alberdik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko du (2007-09-12 elgoibarren.net)
- Hernaniko saioa irabazi eta final laurdenetarako sailkatu da Alberdi (2007-09-24 elgoibarren.net)
- Txapelketaren inguruko 8 galdera Irunen kantatu zuten bertsolariei (gpuntua.com)
- Entzun hemen, Hernaniko sailkapen faseko saioko bertsoak (gpuntua.com)