Luistxo Fernandez: “Ate guztiak irekita lagatzen badituzu, azkenean kakaz betetzen dira foroak"

elgoibarren.net 2007ko urr. 23a, 11:25

Interneten bide zabaltzailetako bat dugu Luistxo Fernandez eibartarra. Duela 12 urte harrapatu zuen Luistxo sareen sareak, eta ordutik, makina bat ordu pasa ditu konektatuta. Bere pasioa ogibide bihurtzeko zortea ere izan du, Internet eremuan lanean ari den CodeSyntax enpresan ari baita beharrean. Bertan hartu gaitu eta elgoibarren.net-en lehen urteurrena aitzakiatzat hartuta luze eta zabal jardun dugu berbetan; Internetez, oro har, eta elgoibarren.net-ez, konkretuki. (Bideoa du)

Oharra: elkarrizketa bideoan ikusteko aukera ere badago(Idatzitako elkarrizketaren amaieran) 
 
- Noiz eta zergatik hasten da Luistxo Fernandez Interneten muturra sartzen?
Euskaldunon Egunkarian lan egiten nuen orain dela 12 urte. Igandetako gehigarri moduko bat zeukan orduan Egunkariak, KZ izenekoa (Luistxo Fernandezek berak sortua). Gehigarrirako lehenengotariko erreportajea Interneten inguruan egin nuen. Zerbait bazela banekien, baina zehatzago, informatika fakultateko euskaldun batzuekin kontaktatu ostean, jakin nuen pixka bat zer zen. Egunkarian bertan Internet bazegoela ere konturatu nintzen, beno, posta elektronikoa; jarrita zegoen, baina inork ez zuen erabiltzen. Eta neu hasi nintzen posta elektroniko hura kontsultatzen, bertatik korreoa irakurri eta idatzi, alegia. Halaxe hasi nintzen afizionatzen. Erreportaje hark jarraipena eduki eta atal finko bihurtu zen, ‘Nabigatzen’ izenekoa. Interneti buruzko Euskal Herriko prentsako lehen atal finkoa izan zen.

- Asko aldatu dira gauzak ordutik, ezta?
Bai. Orduan gauza oso minoritarioa zen. Erreportajea idazten hasi nintzenean, 96ko hasieran, ez nekien zer zen Internet. Gaur egun, jende guztiak erabiltzen du Internet, teknikoek eta ez teknikoek, kazetari direnek eta ez direnek. Bulego batean, pantaila baten aurrean, lan egiten duten jende askok lanera ailegatu eta egiten duen aurreneko gauza da: e-posta zerbitzua kontsultatu eta Interneten nabigatu.

- Hortaz, euskaldunon artean zeu izan zaitugu bide zabaltzaileetako bat, ezta? Gustura al zaude gaur arte egin duzun lanarekin?
Bai. Hasi nintzenean kazetari bat nintzen eta orain enpresa batean lan egiten dut. Hain zuzen, enpresa hau Internetera dedikatzen da. Zorte handia daukat asko gustatzen zaidan kontu batean lan egiteagatik. Eta kazetaria nintzenean baino pixka bat hobeto ere bizi naiz.

- Zer ekarri digu Internetek?
Komunikazioa errazteko modu handi bat da. Eta horretaz denok konturatzen gara, eguneroko bizitzan nahiko sartuta baitago askorentzat. Informatzeko ohiturak ere Interneti esker aldatu dira. Beste gauza asko ere bai, komertzio elektronikoa, esaterako, gero eta gauza gehiago erosten ditugu-eta Internetetik. Harremanak ere bai, jendea Internet bidez ezagutzen da. Oro har, teknologia indartsu bat da, gizartea nolabait aldatzeko eragina baduena, telebistak ere bere indar soziologikoa daukan moduan. Azken 50 urteetan gure kultura telebistaren inguruan nola eraldatu den ikustea besterik ez dago. Internetekin ere antzera, gizartea eraldatzeko gaitasuna duen tresna bat da.

-Gaur egun nork egiten dio tira gehiago Interneti, enpresa handiek ala norbanakoek?
Sormen kolektiboak indar handia dauka Interneten, blogintzaren inguruko zurrunbilo horrek guztiak demostratzen du. Aldi berean, sormen teknologiko eta enpresek bideratutakoa ere badago, eta enpresa batzuek jakin dute hori punta-puntara eramaten; google da munduko enpresa erraldoienetako bat, batez ere, ingeniaritzaren eta produktuaren aldetik oso ondo asmatu zutelako. Gaur egunean Euskal Herriko 8-9 urteko ume guztiek dakite zer den google, eta erabili egiten dute.
Bestalde, teknologiaren indarrak eta enpresa erlazioen indar kapitalistak ere Interneten bultzakadan garrantzi handia daukate. Adibidez, gaur egun oso inportantea da Internet bidez bideoa edo telebista nola garatzen ari den ikustea. Izen jakin bat bihurtu zen erreferente, youtoube, eta hori google-ek erosi zuen. Orduan, Interneteko bideoaren edo telebistaren etorkizuna, gaur egunean ez bakarrik jendeak aportatzen dituen bideoetatik bakarrik, baizik eta googlek-ek ematen dituen urratsen menpe ere badago. Laburbilduz, indar kapitalistak, jendearen sormena, teknologia... dena dago lotuta. Atera behar dena, dialektika horretatik aterako da.

Luistxo bere lantokian, Eibarko CodeSyntax enpresan

-Google txiki baten itxura hartu diot CodeSyntax, zuen enpresari. Zer da CodeSyntax? Zer egiten duzue?
Inolaz ere ez. Ez daukagu google-ekin batere zerikusirik. Web proiektuetara dedikatzen den enpresa bat gara (CodeSyntax). Interneteko eremuan gauza batzuk egin ditugu Euskal Herrian (Sustatu, adibidez). Euskal Herrian lan egiten dugu euskarazko proiektuekin, baina ez bakarrik euskarazko proiektuekin. Lagunartean sortu genuen enpresa eta gauzak ondo egiten saiatzen gara. Ondo egite horretatik, 2.000. urtean sortu zenean zero langile izatetik 13 langile izatera pasa gara.

- Internet moduko tresna moldagarri eta aldakor batean lan egiterakoan, berebiziko garrantzia izango du etorkizunari aurre hartzeko gaitasunak, ezta?
Bai, noski. Beti antenak jarrita egotea komeni da. Gure ibilbidean ahalegin bat egin dugu zer datorren ikusteko. Nolabait esateko, prospektibari denbora eman. Gauzak igartzen eta hurrengo tendentziak iritsi baino lehen, ahal bada, igartzen eta ulertzen saiatu gara. Dudarik ez daukat inportantea dela Interneten ibiltzeko eta aurrera egiteko.

-Eta nola egiten da hori?
Asko irakurtzen. Suposatzen dut, erredakzio batean lanean ari den kazetari batek lehen orduak beste medioak irakurtzen eta errepasatzen pasa behar dituela. Bada, Interneten ere, hori baino denbora gehiago, Internet errepasatzen ematen dugu: notiziak irakurtzera, blogariek zer dioten ikustera, zerbitzu berri edo ez hain berriak probatzera, etab. Oso inportantea da.
Beti ez da asmatzen, baina. Blogen asuntoa, esaterako, beste batzuk baino lehenago ikusi genuen Euskal Herrian. Punta-puntan ibili ginela esango nuke. Produktu berri bat ere atera genuen mapekin zerikusia zeukana. Mundu mailako proiektu txiki bat abiarazi genuen, Tagzania. Nik uste, oraindik bidea emango duen proiektua dela.

-Tagzania?
Spin-off bat da Tagzania, hau da, enpresa batetik sortzen den beste enpresa ume bat. Kasu honetan CodeSyntaxen erraietatik sortu den enpresa bat. Beste negozio lerro bat ireki dugu eta jaten eman dezakeela uste dugu. Negozioa egiteko beste aukera bat da eta aprobetxatu egingo dugu. 
 
•  INFORMAZIOA INTERNETEN 
-"Anonimoaren mozorropean Interneten edozer esaten da eta edozerretaz" (Iban Arantzabal). Alde onak ala txarrak dira gehiago foro gehienetan nagusitzen den parte hartzeko anonimotasunari esker.
Jendeak anonimoki hartzen du parte Interneten, askok behintzat. Beste askok izen abizenekin sinatzen dugu, batzuetan. Beste batzuetan, gaiztoak gara eta maskara baten atzean ezkutatzen gara. Tresnak horretarako aukerak ematen ditu, eta jendeak aprobetxatu. Benetako eztabaida eta komunikazioa, baina, aurrez aurre jartzen garenean sortzen da. Kantitatean beharbada ez, baina kalitatean hobera egiten du eztabaida batek jendeak aurrez aurre egiten duenean. Eztabaida ireki eta benetako baterako aukera asko daude Interneten.
Interneten komunikazio anonimoa ez da derrigorrezkoa; izen-abizenekin ere eztabaidatu daiteke, eta askok eztabaidatzen dute horrela, jakinda zein dagoen bestaldean.

-Zer da “zarata” Interneten?
Foro batzuetan “zarata” handia dago. Hain zuzen ere, anonimoak elkarrekin pilatzen badira, zarata handitzen da eta zerbait interesgarria esateko daukatenen ahotsa baxuago geratzen da edo ez da entzuten. Alabaina, mekanismoak daude foroak erregulatzeko.

-Kontaiguzu.
Adibidez, eibartarrak zerrendan, laster 10 urte beteko dituen posta zerrendan, ez dago partaidetza anonimorik. Parte hartu nahi baduzu, izen abizenekin izan behar da.

-Jokoaren erregelak zehaztean dago gakoa, hortaz?
Bai, hala da. Gauzak nahi den bezala antolatu daitezke. Beste kontu bat da, arrakasta daukaten edo ez.

-Kasu konkretuak aipatzen hasita, elgoibarren.net orainkaria abian jarri genuenean, libreki egin zitezkeen komentarioak, eta anonimotasunaren babesean, komentario saltsa ikaragarria sortzen zuten sareratzen genituen albisteek. Erregistroa jarri ondoren, ordea, asko jaitsi da komentarioen kopurua.
Kontrol neurri batzuk beti hartu behar dira. Ate guztiak irekita lagatzen badituzu, azkenean kakaz betetzen dira foroak. Normala iruditzen zait kontrolak ezartzea. Horren aurrean, beti ateratzen dira, betiko txoropitoak, esaten “hau zentsura da!”. Zer zentsura eta zer kristo! Muntatu zeuk zeurea, ezta? Nik nire etxean muntatzen dut eta nire arauekin antolatuko dut. Zu nire etxera zatoz eta nik esango dut zu etxera noiz zoazen. Interneten zure eztabaida arauekin foro bat sortu nahi baduzu, ba aurrera.
 
-Norena da agerkari digital batean agertzen diren komentarioen erantzukizuna?
Neurri legaletan ez dut sinesten. Espainiako justizian ezin daitekeela sinestu uste dut. Dena gezurra da.

1706641537445 Luistxo Fernandez: “Ate guztiak irekita lagatzen badituzu, azkenean kakaz betetzen dir

-Sareko agerkari digitalek gain hartuko al die, edo dagoeneko hartu al die, gainerako komunikabideei (irrati, telebista, prentsa idatzi...)?
Neurri batean bai, beharbada. Egunero nire lehen informazio dosia Internetetik jasotzen dut. Albistegiak gauez, afaltzen nagoen bitartean ikusten ditut. Paperezko egunkaria errepasatzeko aukera ere gauez izaten dut. Honekin lotuta, paperaren gainbehera bat ba omen dago, Ameriketako Estatu Batuetan igartzen ei da. Hemen zer gertatuko ote den jakitea zaila da, baina eragina eduki behar du, derrigorrean. Interneteko bideo guzti horiek telebista ikusteko moduan ere eragina izan behar duten bezala. Ondorioa ezin daiteke izan telebista gehiago ikusiko dugula.

-Mugimendudun irudiak, bideoak-eta, gero eta kalitate gehiago dute Interneten. Hortik al dator etorkizuna? Telebistaren lekua hartuko al du Internetek?
Kalitate aldetik telebistaren parera iritsiko dela argi dago. Orduan gertatuko dira komeriak. Musikarekin gertatu den bezala. Kopiaren kalitatea originalaren parera iritsi zenean, denak beldurtu ziren eta CDaren negozioak ez zeukala oinarririk ohartu ziren. Lehen, kaseteekin ez ziren gehiegi kezkatzen, ez baitzeukaten vinilo batekin lor zitekeen kalitatearekin parekatzerik.
Orain hainbeste bideo ikusten ditugu youtoubetik, baina kakaren pareko kalitatea daukate. Kalitate hobea lortu duten heinean, telebistaren munduak halako lurrikara bat jasango du, musikarenak bezala.
Ordenagailua eta telebista aparailuaren arteko sinbiosi bat gertatu behar dela ere uste dut. Urrutiko agintearekin youtuben ibiltzeko moduren bat edo egongo dela. Bideo txorra horiek zapping egiten dugun bezalaxe ikusiko ditugula uste dut. Etxeko tresna hori, telebista, moduren baten edo bestean Internetera konektatuta egongo dela uste dut, eta ez denbora askoan, gainera.

-Zerk egiten du erakargarri hedabide digital bat? Zer ezaugarri eduki behar ditu?
Laneko kontuekin zerikusia daukaten blogak eta jarraitzen ditut. Nola nire lana nire hobbya ere baden, ba inguruko, Euskal Herriko blog interesgarri batzuk jarraitzen ditut, nire interesgarriak iruditzen zaizkidanak.
   
•  ELGOIBARREN.NET
-Urriaren 23an urtebete beteko da elgoibarren.net martxan jarri genuenetik. Izan al duzu bertan sartzeko aukerarik?
Bai, majo egindako web bat dirudi. Faltan botatzen dut nik Eibarren horrelako zer bat. Euskarazko hedabide lokalek denbora behar izan dute Inernetera salto egiten, baina informazio lokalak Interneten badauka lekua. Azpeitiko Uztarriakoek oso ondo asmatu zuten duela urte gutxi batzuk. Barren-ek ez du denbora askoan urratsik eman, baina eman duenean oso ondo eman du. Norabide onean zabiltzatela iruditzen zait.

-Zerbaitek deitu al zizun atentzioa, onerako ala txarrerako?
Herriko informazioari astean zehar ondo eusten diozuela uste dut. Weba oso txukuna da eta ez du aldaketa askorik behar, dagoen bezala.  Paperetik ere Internet bultzatu behar duzuela uste dut eta baita beste norabidean ere, zerbait interesgarria egiten bada elgoibarren.net-en, aldizkarira eraman, eta aldizkarian ere beti egin erreferentzia, “jarraitu hau webean” etab. Papera eta .net elkar elikatu, alegia.  Webak argazki erreportaje zabalagoak emateko aukera eskaintzen du, esaterako. Horrelako gantxoekin, jendeak klikatuko du eta gero eta gehiago erabiliko du. 

-Eta, zer egin foroa izorratzen saiatzen diren Trollekin?
Zapuztera doazen suntsitzaileei bidea moztu behar zaie, ahal baldin bada, beti ez baita posible. Ezin da laga suntsitzaile batek weba bere gain hartu dezan. Weba zurea da eta ez berea. Interneten erraza da txorakeriekin gauzak zapuztea eta saiatu behar zara defenditzen, gutxienez. Ez etsi, amaitu baino lehen.
 
-Bistan da blogak modan daudela. Zu zeu ere blogaria zaitugu, baina, zer da, benetan, blog bat?
Badira pare bat urte Euskal Herrian modan daudela, bai. Norberaren komunikabide partikularra da blog bat. Zu zara zuzendaria eta zuk aukeratzen duzu zer publikatzen den. Gero, nahi baduzu, erantzunetara irekita lagatzen duzu, eta, erantzunak egon litezke edo ez.  Inportantea da audientzia txiki bat izango duzula jakitea eta horrekin konformatzea. Lau lagunentzat idazten duzula, ba hori da daukazun audientzia. Ni pozik nago audientzia txiki batekin. Super audientzia bat nahi baduzu ‘Gran Hermano’ko kasting-era aurkeztu zaitez. 

-Blogekin hastera goaz.
Zerbait interesgarria kontatzeko daukaten elgoibartar batzuk lortzen badituzue, aurrera. Orain, gogoa eduki behar du jendeak, ezin dira obligazioz sortu. Sinadura inportanteena ez da herriko idazle famatu hori, jende arruntak ere gauza interesgarriak kontatzen ditu blogetan.

Luistxo alabarekin,

-Zuk behintzat badaukazu zerbait kontatzeko, 3 blog dauzkazu martxan! euskaraz (Ingelesen hilerria), erdaraz (el mapamovil) eta ingelesez (The English Cemetery).
Test moduan hasi nintzen euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, aldi berean, blogeatzen. Gero ere jarraitu dut, baina gehiegi da, beharbada. Nire lanaren inguruan marketin pixka bat egiteko ere baliatu nituen. Funtzio hori ere badauka.

-Zer ezaugarri bete behar ditu blogari on batek?
Nire gustuko gaiak landu behar ditu, baina noski, nire interesak nireak dira. Ezin zaie eskola umeei esan Euskal Herrian jarraitu beharreko 10 blogak hauek dira. Horrelako zerrendarik ez nintzake ausartuko idaztera. Bai, aldiz, nik jarraitzen ditudan 10 blogak hauek dira. Iritzi hori, ordea, zurea bezain baliozkoa da.

-Nola bilatu gure gustuekin bat datozen blogak?
Izatez, askoz gehiago daude jarraitzen ez ditudan blog interesgarriak jarraitzen ditudanak baino. Ezin daiteke blogosfera guztira iritsi. Edukazio teknologiko pixka bat oso inportantea dela uste dut. Oso zaila da blogak jarraitzea, ez baldin baduzu feed edo jario irakurgailu bat erabiltzen, edota bloglines kontu bat ez badaukazu. Tamalez, Euskal Herrian blogista asko daude ez dakitenak hori zer den ere, aktualitatearen peskizan aritzen diren kazetariak tartean. Ezinezkoa da blogosfera jarraitzea, edo Interneteko aktualitatea jarraitzea, ez baldin baduzu horrelako tarteko tresnarik erabiltzen. Tresna horretara iristeko, berriz, ez dakit KZ gunetan ez den irakasten, edo gutxiengo baten eskutan dagoelako den, baina ez luke horren zaila izan behar. Bestela ez zara enteratzen. Zuek ere, blogisten berri jarraitzeko modua horixe dela, erakutsi beharko zeniekete zuen erabiltzaileei ere, mundu hori ere existitzen dela, alegia.

-Komunikabide tradizionalak jabetzen al dira blog fenomeno honetaz?
Adibide batekin azalduko dut. Keja bat irakurri dut. Euskalarien kongresu bat egon zen duela gutxi Gasteizen. Han egon zen filologo batek prentsaren errepasoa egin du eta oso tristea da errepaso hori, euskal herriko erredakzioetan ez baitago filologiaz ezer dakien inor, edo idazten dutenean txorakeriak idazten dituzte, askotan. Zer gertatzen da? Hor dagoen informatzaile onena hain zuzen ere, blogista hori dela, filologo eta blogista delako, Rikardo Gomez, EHUko irakasle bat, Filoblogia izeneko blog bat daukana. Zertarako behar ditut kazetariak, Rikardo Gomez jarraitzen baldin badut? interesatzen zaidan gai honetaz idazten duela jakiten badut, ez dut bitartekorik behar. Nik, zuk edo edozein kazetarik baino gehiago baitaki gai horretaz. Nahikoa da berak lan hori hartzea, bere borondatez zerbait publizitatzekoa alor horretan, eta badaukagu medio bat alor hori behar bezala kubritzen duena, ezta? Adibide bat da, informazio alor asko publiko orokorrarengandik gertuago daudela adierazteko, eta tarteko bitartekaritzarik gabe.

-Zer leku dauka Euskarak Interneten?
Eguneroko bizitzan bezala, gaur egun, euskaldun izatea, konpromiso pixka bat edukitzea da. Natural euskaldun izatea zaila da. Kalera atera eta beti daude arazoak. Interneten ere erdi konpromiso pixka batekin, edo berez ateratzen delako, euskarazko jarduna egon badagoela eta sustatu daitekeela uste dut.
 
BIDEOAK:
Ikusi elkarrizketa bideoan: (pasarte batzuk bideoan grabatu ditugu)
1){google}-5304281139302707478{/google}
2){google}-5003837618511020390{/google}
 
 
    Testua eta argazkiak: Asier Orbea