Hasier Etxeberria: "Prestigioa ematen ei duten saio horietakoa da Sautrela"

elgoibarren.net 2007ko urr. 26a, 12:01

Hasier Etxeberria kazetari eta idazle elgoibartarrak gidatzen duen Sautrela ETB-1eko literatur saioak, 8 urte eta gero, 200 atal egingo ditu ikasturte berri honetan. Zifra hauetara iritsi izana ospatzeko, festatxo bat antolatuko dute Sautrelakoek Donostiako Tabacaleran, hil honen 29an. Saioaren inguruan elkarrizketa laburra egin diogu elgoibartarrari. (elkarrizketa dauka)



• ELKARRIZKETA:
Hasiera Etxeberria:
"Gutxik ikusi arren, mundu guztiak daki zer den Sautrela, baten bati ETB1eko bost saio aipatzeko esan eta ia seguru gurea aipatuko duela"

1706641534898 Hasier Etxeberria: "Prestigioa ematen ei duten saio horietakoa da Sautrela"

“Sautrela” abian jarri zenutenean uste al zenuten 8 urteren ostean, 200. saioa egitera iritsiko zinetenik?
Ez, ezta pentsatu ere. Egia esanda, telesaio gutxik egiten dute 13 ataletik aurrera, hiru hilabete, alegia.

Audientziaren menpe ez egoteak ere lagunduko du. Hala, ez da horrela?

Hasieratik ikusi genuen gure saioa ez zegoela audientziarekin loturik. Espreski esan zitzaigun gurea kalitateko saioa izateko sortu zela, prestigioa ematen ei duen horietakoa.

Nola bizi duzue audientzien kontu hau?
Ondo eta gaizki, egia baita ez duela jende askok ikusten eta nahiko genukeela jende gehiagok begiratzea. Baina, beste alde batetik, inkestetan “orioitzapena” deitzen den neurri horietan oso emaitza onak ematen ditu “Sautrelak”: mundu guztiak daki zer den, ezagutzen du produktua eta baten bati esaten badiozu aipatzeko ETB1eko bost saio, ia segurua izango da gurea aipatuko duela.

Sautrela-ko ikus-entzuleen erradiografia bat egiteko gai al zara ?
Nik uste, gehienbat, irakurle handiek ikusten dutela, eta idazleek ere bai, elkar espiatzeko. Eta pailazoen zain egoten diren haurrek, gorrotoz.

Nola egin erakargarri literatura saio bat telebistan?
Gure proposamena oso konkretua da, horixe da emaitza. Gure ustez hori da bidea, ez baitugu uste Espainia aldean, esaterako, eredu hobeak eta gure neurriari egokituagoak daudenik. Egia da Frantziako telebistan eta, saio ikaragarriak daudela literaturaren inguruan, baina Frantzia Frantzia da, eta kultura oinarritik ereiten dute, eskolatik hasita.

Nor arduratzen da saioaren estetikaz eta diseinuaz?
Berez ardura hori errealizadorearena da, Guille Sanchezena, baina zortzi urtean jende asko pasatu da saiotik eta dagoena, denon ekarria dela esango nuke. Garrantzi handikoa izan zen Iker Trebiño errealizatzailea ere. Esango nuke, harekin finkatu genuela nagusiki eredua.

Leku ‘bitxiak’ aukeratzen dituzue elkarrizketak egiteko. Non dago kokatua platoa?
Egia esanda, lekua ez da garrantzizkoena. Guk esanetan zentratzen dugu kontua. Hala ere, leku aproposenak topatzen saiatzen gara, ahal dela ordaindu beharrik gabekoak. Une honetan Donostiako Tabacaleran egiten dugu, baina Elgoibarko elizako arkupeetan egiten ere asmatuko genuke.

Egon al da erreferentziatzat hartzen duzun literatur saiorik telebistan?
Saioa baino gehiago, pertsona: Bernard Pivot, bera da Apostrophes saioaren gidaria hogeitaka urtetan. Pertsonalitate bat Frantzian.

Nork aukeratzen ditu elkarrizketatuak, zeren arabera?
Bolada honetan, hiru gabiltza erredakzio lanetan: Xabier Gantzarain, Jon Benito eta neu. Hiruron aukera izaten da. Faktore ezberdinak begiratzen ditugu, gure nahia euskal idazle guztiak erakustea baita, baina argitaratutako liburuei begiratzen diegu, noiz irten zen azkenengoz gure saioan, etortzeko moduan ote dagoen... mila kontu hartzen dira aintzat. Batzuetan ezin izaten da guk nahi duguna ekarri eta beste batzuetan geuk ez dugu nahi izaten editorialek nahi dutenen bat ekartzea. Kanpotarrak, ostera, gutxitan ekarri arren, beti izaten da irakurketa pertsonaletatik abiatutako aukeraketa.

Duela gutxi elgoibartar idazle gazte bat, Uxue Alberdi, elkarrizketatzeko aukera izan zenuen.
Zin dagizuet ez genuela elkarrizketatu Elgoibarkoa zelako, baizik eta liburu eder asko bat idatzi zuelako. Gainera ez da lehen elgoibartarra izan gurean, eta azkena ere ez dadila izan!

Sautrelaren 200. atalera iritsi zaretela-eta, festatxo bat antolatzera zoazte Donostiako Tabacaleran. Nolakoa izango da?
Ba, egia, ez dakit zer nolakoa izango den. Jaia baino lehen lana daukagu, eta horrek kezkatzen nau ni: mahai borobil bat euskal letren gaurko egoeraz. Gero, nik uste, musika apur bat, edaria eta jatekoa egongo dela. Gustatuko litzaidake bertan Elgoibarko irakurle eta idazle jendea ikustea!