- Zure gazte denboran zein zen euskararen egoera?
Nire belaunaldikoek eskolan debekua jasan genuen. Euskara debekatuta zegoen eta dena gaztelaniaz ematen genuen. Gaztelania zen nagusi toki guztietan eta euskara etxean gordetzen genuen. Nik gaztetatik hitz egin izan dut euskaraz, baina eskolaren ondorioz, gure herrian, eta bitxia bada ere, neska artean joera gaztelerarakoa zen. Aitak gogor egiten zigun etxean: bera oso euskalduna zen. Kalean nahi genuena, baina etxean euskaraz. Lan kontuengatik Elgoibarrera etorri ginen bizitzera eta beti esaten zidan, “ikusiko don Elgoibarrera joaten haizenian, han euskeraz egin beharko don”. Tamalez, ez zen egia izan. Euskaldun edo euskarazale gutxi aurkitu nuen. Nire adineko jendeak gazteleraz egiten zuen. Gaztelerarako joera nabarmena zegoen, eta askok gaizki egiten zuten gazteleraz ere.
Nire belaunaldikoek eskolan debekua jasan genuen. Euskara debekatuta zegoen eta dena gaztelaniaz ematen genuen. Gaztelania zen nagusi toki guztietan eta euskara etxean gordetzen genuen. Nik gaztetatik hitz egin izan dut euskaraz, baina eskolaren ondorioz, gure herrian, eta bitxia bada ere, neska artean joera gaztelerarakoa zen. Aitak gogor egiten zigun etxean: bera oso euskalduna zen. Kalean nahi genuena, baina etxean euskaraz. Lan kontuengatik Elgoibarrera etorri ginen bizitzera eta beti esaten zidan, “ikusiko don Elgoibarrera joaten haizenian, han euskeraz egin beharko don”. Tamalez, ez zen egia izan. Euskaldun edo euskarazale gutxi aurkitu nuen. Nire adineko jendeak gazteleraz egiten zuen. Gaztelerarako joera nabarmena zegoen, eta askok gaizki egiten zuten gazteleraz ere.
- Nola sartu zinen euskalgintzan?
Gure etxean euskara beti egon da presente. Gurasoak euskaldunak ziren eta euskaraz egiten genuen beti. Lagunak ere euskaldunak nituen Aretxabaletan eta Elgoibarrera etorri nintzenean nostalgia edo herrimina sentitzen nuen. Haietako lagun batzuekin ez nuen harremana galdu, eta euskara bultzatu behar genuela pentsatu genuen. Euskara zapalduta zegoen, Frankismo garaia zen, eta euskara bultzatzeko kontzientzia piztu zitzaigun. Ez genekien ezertxo ere politikaz: euskara zen gure helburua. Hortik joan zen nire barrena garatzen, eta euskararen munduan sartu nintzen.
- AEKn hasi aurretik, zertan jardun zenuen?
Elgoibarko Izarra elkarteko bazkide kuotak kobratzen hasi nintzen. Ondoren, Loiolako Herri Irratia sortu behar zela eta, aldi batean lan bera egin nuen. Ikastolan ere aritu nintzen, eta beste zenbait lan ere burutu nituen. Gazterik ezkondu nintzen, eta umeak apur bat koskortu zirenean EGA atera behar nuela erabaki nuen. Umeak senarrarekin lagatzen nituen etxean, eta astean bi aldiz Bergarara joaten nintzen EGA prestatzera. Ordurako Elgoibarko Izarrako gau-eskola martxan zegoen eta irakasleak behar zirela esan zidaten. Hantxe hasi nintzen irakasle lanetan.
- Nola gogoratzen duzu Gau Eskolako esperientzia?
Hasieran bi ordu bakarrik ematen zituzten, baina horrela ezin zen inor, edo oso jende gutxi behintzat, euskaldundu. Bi edo hiru urte lehenago Juan Mari Mendizabal Bilbotik bueltan etorri zen herrira, eta sistema berria ezarri zuen. Ez geneukan klaseak emateko materialik, AEK-k sortutako material bakarra zegoen. Norberak sortu behar izaten zuen ikasleei erakusteko materiala, eta horrek buruko min handiak ematen zizkigun. Zailtasun handiak genituen: komunikabiderik ere ez zegoen euskaraz “Argia” eta “Jakin” izan ezik, baina horiek ez ziren egokiak gure beharretarako.
-Eta Gau Eskolatik AEKra…
Euskararen alorrean funtzionatzen zuen erakunde bakarra AEK zen. HABE ere orduantxe hasi zen sortzen. Gau-eskolak AEKrekin koordinazio lanean funtzionatu behar zuela ikusi genuen. Botazio bat egin zen Gau Eskolarekin jarraitu edo AEK sortu erabakitzeko. AEKren aldeko apustua egin zen eta Elgoibarren AEK sortzeko lanetan hasi ginen. Eibarko AEKren laguntza izan genuen, materiala trukatzeko, euren esperientzia kontatzeko… Eibarren, gainera, Udalak laguntzak ematen zizkien, AEK zen Eibarren Udal Euskaltegia. Maila handi batean lagungarria izan zen guretzat.
- Zaila izan al zen AEKren sorrera?
Sorrera ez. Gero etorri ziren zailtasunak. Gau-eskolan geunden azken urtean, orduko alkateak diru-laguntzak kendu egin zizkigun. Ordura arte uste dut 100.000 pezeta ematen zutela urtero, guretzat diru asko zen, eta AEK sortu baino urtebete lehenago, ez ziguten ezer eman. Eurek jakingo dute zergatik, baina zigortu egin gintuzten. Harrezkero, beti pentsatu izan dut ondorengo urteetan jasan izan dugun bazterketaren hasiera baino ez zela izan. Detaile horiek oroimenean geratzen dira. AEK sortu genuenean Udalari laguntza eskatu genion: lokala, gelak eta dirua behar genituen. Gauzak ondo zihoazela ematen zuen uztailean eta opor ondorenean hitz egingo genuela esan ziguten. Orduan izan genuen sorpresa: Euskadiko Ezkerrakoek, EAJren babesean, HABE sortzeko eskatu ziguten; AEKrako ez zigutela laguntzarik emango. Ikasleentzako laguntzak eskatzen genituen. Euskara ez da ingelesa, beraz, beti esan eta esango dut euskara ikasteko ez litzatekeela ordaindu behar izango. Euskara gure hizkuntza da, eta berreskuratzeko ahalegin horretan instituzioek izan behar dute ardura. Doan eman behar zaie ikasleei. Beka sistema bat proposatu genuen, baina ezezko borobila eman ziguten.
1982. urtea zen eta HABE euskaltegiak orduantxe ari ziren sortzen. Eurak ez zeukaten filosofia hori, euskara klaseak ordaindu egin behar zirela esaten zuten. Baina handik denbora gutxira, beste herri batzuetako Udal Euskaltegietan abian jarri zuten AEK-k proposatutako beka sistema.
1982. urtea zen eta HABE euskaltegiak orduantxe ari ziren sortzen. Eurak ez zeukaten filosofia hori, euskara klaseak ordaindu egin behar zirela esaten zuten. Baina handik denbora gutxira, beste herri batzuetako Udal Euskaltegietan abian jarri zuten AEK-k proposatutako beka sistema.
- Zailtasunak zailtasun, AEKrekin jarraitzea erabaki zenuten.
Bai. Gure artetik bi irakasle joan ziren HABEra, besteok AEKn jarraitu genuen. Baina zigorrik gogorrena etortzeko zegoen. Udalak eta HABEk sekulako zigorra eman ziguten ondorengo urteetan. HABEk ez zigun dirurik ematen. Ikasleko eta orduko zortzi pezeta ematen zizkigun eta gainontzekoei ez dakit zenbat, baina berrehun eta berrogeita hamar pezeta inguru zirela uste dut. Ederra aldea, ezta?
-Nolakoak ziren zuen lan baldintzak?
Urteetan, eta duela urte gutxira arte, ez genuen Gizarte Segurantzan kotizatzen. Beti kobratzen genuen zerbait, baina soldatarik ez. Militantzia lana izan da gurea. 1996an hasi ginen soldata “normaltxoagoa” nolabait deitzearren, kobratzen. Gure diru iturriak txosnak, errifak, Korrika eta matrikulak izan dira. Besterik ez. Lokalen asuntoan ere Udalak pilota moduan erabili gintuen, batetik bestera. Kultur Etxean hasi ginen, eta handik bota egin gintuzten. Azokan ere gela batzuk genituen, baina handik Artetxeko eskoletara bidali gintuzten. Guk ez genuen han egon nahi, beti aldarrikatu dugu euskaltegiak kalean egon behar duela, jendeari euskaltegira iristeko erraztasunak eman behar zaizkiolako. Helburua gu herritik botatzea zen. Laguntza guztiak HABEk edo Udal Euskaltegiak (deitu nahi duzun moduan) jasotzen zituen. Guk aldarrikatutako laguntzak eta beste herri batzuetan AEKri esker jarritakoak eskatzen genituen gure ikasleentzako; eta hara non, Udala hasi zen gure aldarrikapenak betetzen baina alde bateko ikasleentzako bakarrik. Guk baldintza berberak eskatzen genituen gure ikasleentzako, guretzako ez genuen ezertxo ere eskatzen. Zorionez, ikasle fidelak izan ditugu eta beti jarraitu digute. Ikasleei esker egin ditugu 25 urte. Gure ikasleek beti ordaindu izan dute matrikula osoa, duela urte gutxi batzuk arte. Orain hobeto gaude denok: bai ikasleak, Udalaren eta gure arteko harremanak aldatu egin direlako, eta baita irakasleok ere, azkeneko urteetan instituzioen eta AEKren arteko harremanak ere bere onera etorri direlako, hasieratik izan behar zuen bezala.
- Nolakoak ziren garai hartako euskara ikasleak?
Euskara ikasleak garai hartan ez ziren asko. Gehienak kontzientziak bultzatuta etortzen ziren, euskaldun izan nahi zuten. Gerora, instituzioetan euskara behartzen hasi zirenean etorri ziren ikasle gehiago. Haiek beharrak bultzatuta etorri ziren. Gaur egun ere, badaude horrelako batzuk. Baina gehienak euskara ikastera kontzientziak bultzatuta etortzen dira; Euskal Herrian bizi dira eta euskaraz hitz egin behar dutela uste dute gehienek, batzuk lanean eta inguruan euskaldunak dituztelako, eta beste batzuk ama edo aita direla-eta euren umeentzat eredu izan nahi dutelako. Dena dela izugarrizko indarra behar da egunero-egunero hutsik egin gabe ikastera etortzeko. Nire ikasleek esaten dudana ulertzeak eta kalean entzuten dituzten elkarrizketak ulertzen dituztela esateak ematen dit satisfaziorik handiena. Hortik aurrera, euren aldetik euskara lantzeko gauza izango direlako, gizarteak aukera eta laguntza ematen badizkie, askoz hobeto.
- Egingo al diguzu 25 urte hauen balorazio txiki bat?
Denetarik izan dugu. Momentu oso gogorrak, txarrak, baina jarraitzeko indarra izan dugu. Ikasleak etortzen ziren eta eutsi egin dugu.
- Zer da euskara zuretzat, Izaskun?
Dena. Gaztetatik daukadan sentimendu gogor bat da. Euskaraz bizi naiz, nire herria maite dut eta nire herrian euskaraz hitz egin behar dela uste dut. Ideologia horretan gaztetatik sartuta nabil. Kontzientziarik ez badaukazu, ezin zara euskalduna izan. Gazte askok erdara eta euskara nahastuta erabiltzen dute… Gaztelera bizirik dago kalean eta telebistan eta euskaldunok lan handia izango dugu euskarari eusten. Euskal hiztunak ez dira ugarituko, jakin badakite, baina ez dute erabiltzen. Kalean erabiltzen ez den bitartean euskara ikastera etortzea meritu handiko kontua izango da, entzuten ez den hizkuntza ikastea oso zaila da-eta. Etorkinen olatuak ere min handia egingo dio euskarari, baina zoritxarrez lehen ere izan ditugu olatuak eta, igerian estu ibili arren, itsas ertzera heltzeko gauza izan gara. Nire ustez, berriz ere igerian egiteko prestatu beharko dugu.
- Herri euskalduna al da Elgoibar?
Nik uste dut maila batean baietz, edo euskaltzalea behintzat bai. Euskararen alde eskaeraren bat egiten diogunean jendea oso eskuzabala da, beti eman izan dizkigu laguntzak. Alde horretatik ezin gara kexatu. Etxe batzuetan egiten da euskaraz, herriak ikasi du euskaraz, baina kalean oso jende gutxik erabiltzen du. Gaztelera da nagusi. Aspaldi esan zidaten niri euskara umeekin eta txakurrekin erabiltzeko hizkuntza dela. Elgoibarren ezin da euskaraz bizi, oso zaila da. Etxean bai, baina kalean askotan erdaraz egitera behartzen gaitu inguruak. Askok euskaldunak izan arren, erdararako joera ikaragarria daukate. Horrek sutan jartzen nau. Nahikoa da edozein koadrilatan, euskaldunak izan arren, batek erdararako joera izatea denak erdaraz jartzeko.
- Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Eutsi egin behar diogu. Urte batzuetan behintzat erresistentzia lan handia egin beharko dugu euskarari eusteko. Goiko erakundeetatik lan handia egin behar da. Erabiltzen ez den bitartean, ez da aurrera joango. Gehiago erabiltzen denean, euskara ikasteko beharra sortuko da, baina ordura arte, berdin jarraituko dugu.
Testua: Ainhoa Andonegi
Argazkiak: Asier Orbea