J.G., (14 urte) eta A.J. (15 urte) eraso egindako gazte elgoibartarren gurasoek eman digute zapatu gauean (azaroak 10) jasotakoaren berri. A.J.ren aitak azaldu digun bertsioaren arabera, “pizza baten bila zihoala, zazpi lagunez osatutako koadrila bat, Bizkaia aldekoak denak, hurbildu zitzaizkion nire semeari eta 10 euro ostu zizkioten. Jotzen ere saiatu ziren, baina zorionez ihes egitea lortu zuen”.
Jipoia
10-15 minutu geroago, 22:00ak inguruan, J.G. elgoibartarrak ez zuen aurrekoaren zorterik eduki. Etxera bidean zihoala topo egin zuen-eta gazte bizkaitarrekin, “zigarro bat eskatu zioten eta semeak tabakorik ez zeukala erantzun zienean, zeraman diru guztia eman ezean, labana aterako ziotela mehatxatu zuten”. Dirurik ere ez zeukala erantzun zuenean, lurrera bota eta demaseko jipoia eman zioten, “16-17 urteko gazte helduagoek” azpimarratzen du aitak. Aurpegian jaso zituen kolpe eta ostikada gehien. Anbulatorioan sendatu zizkioten gero, ubeldura eta zauri guztiak.
Gazteen gurasoak asaldatuta eta beldurtuta daude, "handiagoak gertatu aurretik, neurriak hartu behar direla uste dugu, eta halaxe jakinaraziko diogu Elgoibarko Udalari". Boteiloiaz haratago doan arazoa dela uste dute, gainera, "Borroka eta istilu bila datozen adin txikiko gazte taldeak direla uste dugu. Hauek ez datoz boteiloia egitera".