Hitzarmena lau urtez luzatzea adostu dute Mintxeta A.T.ak eta Udalak

elgoibarren.net 2007ko aza. 23a, 13:23

Aurrez zuten lankidetza hitzarmenari (bi urtekoa) jarraipena emanez, Nazioarteko Juan Mugerza Krosa elkarlanean antolatzen jarraitzeko hitzarmena lau urtean luzatzea erabaki dute Mintxeta Atletismo Taldeak eta Udal Kirol Patronatuak.

Gaur bertan sinatu dute hitzarmena (argazkian: Jose Luis Diez, Mintxeta A.T.ko presidentea, Alfredo Etxeberria alkatea, eta Ricardo Garate, Patronatuko presidentea). Honen arabera, besteak beste, hurrengo lau urteetan 100.000 euroko dirulaguntza; 25.000 euro urteko, jasoko du Mintxeta A.T.ak Udaletik. Aurrez, 15.000 euro jasotzen zituen urteko. Patronatuko zuzendariaren berbetan, krosak duen "aurrekontu osoaren %25" jarriko du Udalak.
 

2007ko kroseko irudia.

Sinatu berri duten hitzarmena, Nazioarteko Mugerza Krosaren 2008ko, 2009ko, 2010eko eta 2011ko edizioetako ekintzak elkarlanean antolatzeko marko arautzailea izango da, eta bertan, Elgoibarko Kirol Patronatuaren nahiz Mintxeta Atletismo Taldearen zereginak eta erantzukizunak zehaztuko dira.
 
 

Honako hauek dira hitzarmenak batzen dituen xehetasun eta baldintza nagusienak:
  • Mintxeta Atletismo Taldea harrobiko atletismoa sustatzea helburu duen atletismo-kluba da. Bere borondatezko lanari esker, eta bere misioarekin bat eginez, nahiz Elgoibarko herriaren entzutea bere mugez haratago eraman nahirik, MATek atletismoko hainbat jarduera antolatzen ditu, besteak beste, Nazioarteko Juan Mugerza Krosa. Ekintza horiek antolatzeko erantzukizuna hartzerako orduan, gogoan izan da Udalak duen subsidiaritate printzipioa.
  • Elgoibarko Udal Kirol Patronatua Elgoibarko Udalaren kirol-gestioa burutzen duen autonomiadun erakundea da. Patronatuaren helburua da elgoibartarren artean kirola sustatzea.
    Gogoan izan behar da Nazioarteko Juan Mugerza krosa maila handiko kirol-lehiaketa dela, eta elgoibartarren artean oso errotuta egon ez ezik, herritarrek estimu handitan ere badutela. Era berean, kontuan izan behar da, Muguerza Krosa Elgoibarko herriaren entzutea gure mugak baino haratago zabaltzen duela, eta horren ondorioz, Patronatuak dituen hainbat helburu bete egiten  direla.
Hitzarmenaren baldintzak:
  1. Hitzarmen honek Nazioarteko Juan Mugerza Krosaren 2008ko, 2009ko, 2010eko eta 2011ko edizioei eragingo die.
  2. MATeko kideek eta Patronatuko ordezkari batek osatuko dute Mugerza Krosa antolatuko duen batzordea. Batzorde horren lan-bilerei ekiteko, alde bakoitzak bere ordezkariak izendatuko ditu.
  3. MATek bere gain hartuko ditu proba eguna baino lehen, probak irauten duen bitartean eta bukatu ondoren, muntaiaren eta antolaketaren ondorioz sortzen diren lan guztiak (txarteldegia, proban eskaini beharreko laguntza, e.a.). Zirkuitua egokitzeko ardura, berriz, Patronatuarena izango da, eta honek, beharrezko neurriak hartuko ditu, zirkuitua 2007ko edizioan zegoen egoera berean egon dadin.
  4. Nazioarteko Juan Mugerza Krosa antolatzen duen batzordeak izango du diru-zaintzako (diru-laguntzak, publizitatea, telebista,…) gestioa bideratzeko ardura.
  5. MATek izango du idazkaritzako gestioaren ardura, eta horretarako Patronatuaren  laguntza jasoko du. Laguntza hori, aldian-aldian, zehaztuko da, beharren arabera.
  6. Nazioarteko Juan Mugerza Krosa antolatzen duen batzordeak izango du atletak kontratatzeko erantzukizuna.
  7. Patronatuak MATekin batera finantzatuko ditu Mugerza Memorialaren 2000, 2009, 2010 eta 2011 urteetako edizioak eta MATek sustatzen dituen gainontzeko kirol-jarduerak, Eskola-Kirolari dagozkionak izan ezik. Hona hemen Patronatuak finantzatuko dituen kopuruak:
    Urtero 25.000 € emango ditu.
  8. 2008ko, 2009ko, 2010eko eta 2011ko edizioetan burutzen diren kirolaz kanpoko ekintza guztiek, baldin eta Krosaren zabalkunderako lagungarriak badira,  7. baldintzan adierazitako ekarpenez gain, finantzazio gehigarria eduki ahal izango dute. Hala ere, aldez aurretik, Patronatuarekin adostu beharko da hori.
  9. Proba antolatzearen ondorioz sortzen diren irudi-eskubideak erdibana banatuko dituzte MATek eta Patronatuak.
  10. MATek 30 gonbidapen emango dizkio Patronatuari.