Juan Mari Garitano: '2007ko boluntarioa'

elgoibarren.net 2007ko abe. 5a, 11:17

Boluntarioaren Nazioarteko Eguna da gaur (abenduak 5) eta Foru Aldundiak 2007. urteko Boluntario Saria eman dio Juan Mari Garitanori (atzo jaso zuen saria). Elgoibarren jaio, baina 7 urte zituenetik Zumarragan bizi den 78. urteko gizon altruista honek, gizarte-lanean bere zerbitzuak eskaintzeagatik jaso du saria.
  • Nagusilan fundazioko presidentea eta sortzaileetako bat eta Gipuzkoako Banco de Alimentos fundazioko presidentea ere bada, besteak beste. (elkarrizketa dauka)



Biografia laburra:

  • Elgoibarren jaio zen Juan Mari Garitano 1929. urteko ekainaren 4an.
  • Zazpi urterekin Zumarragara joan zen bizitzera familiarekin.
  • Merkataritza eta komertzial arloko ikasketak amaitu ondoren Gipuzkoako metaleko enpresa garrantzitsuetan ardura handiko postuetan aritu zen.
  • Demokrazia iritsi zenean, politikara egin zuen jauzia. Zumarragako alkatea izan zen lehenik eta Gizarte Ongizate Saileko foru diputatua ondoren, Xabier Aizarna ahaldun nagusi izan zen garaian.
  • Ageriko bizialdiaren amaieran, jubilatu eta gero, edadetuen bizimodua hobetzeko ahaleginean zentratu zen bihotz eta arima.
  • 1706641465610 Juan Mari Garitano: '2007ko boluntarioa'

    1995. urteko ekainaren 14an, Nagusilan Elkartea sortu zuen, beste 14 jubilaturekin batera. Familiarik ez duten edo familiak zokoratuta bizi diren adinekoei laguntza, arreta eta bizipoza, -etxe partikularretan zein zahar-etxeetan-, ematea helburu duen elkartea da Nagusilan.
  • 1706641465641 Juan Mari Garitano: '2007ko boluntarioa'

    Gaur egun, Nagusilaneko federazio nazionaleko presidentea da Garitano. Euskadi, Nafarroa, Madrid, Andaluzia eta Aragoin sortutako Nagusilan Elkarteak batzen ditu federazioak. Orotara 800 boluntariotik gora bateratzen ditu federazioak (hauetatik 650 Gipuzkoan). Urtean 180.000 ordutik gorako zerbitzuak eskaintzen dituzte Nagusilaneko boluntarioek.
  • Gipuzkoako Banco de Alimentos fundazioko presidentea ere bada. Erakunde honek, 624.000 kilo elikagai banatu zituen 2006an eta 700.000 kilo iaz (2007an).
  • IMSERSOren mendeko Estatuko Adinekoen Kontseiluko kide ere bada. Adinekoen arazoen behatoki boteretsua da, bertan sortu eta bideratzen baitira gero botere publikoei planteatzen zaizkien proposamenak eta ekimenak.

ELKARRIZKETA:

-

1706641465667 Juan Mari Garitano: '2007ko boluntarioa'

Nagusilan, bakarrik dauden adinekoei arreta eman eta laguntzeko sortutako Elkarteak, duela 5 urte jaso zuen urteko boluntario saria. Orain, berriz zeu saritu zaituzte, egin duzun boluntariotza lan eskerga dela-eta.
Ez dugu sariak jasotzeko lan egiten, baina ongi-etorriak dira. Kolektiboari eginiko aitortza edo aipamen gisa hartzen dut saria. Gainera, publizitatea egiteko balio digu, komunikabideetan ateratzeko-eta. Guretzat oso inportantea da.

-Nola gogoratzen dituzu Nagusilanen hastapenak?
Lan egiteari laga nionean zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Bazegoen eta badago joera bat pentsatzeko adinekoak zerbitzuak jasotzeko bakarrik gaudela. Adinekook, baina, gauza asko egin ditzakegu gizartea hobetzeko. Diputazioaren Gizarte Ongizate Sailaren bitartez jakin nuen amerikar batzuk adinekoei eta jubilatuei laguntzeko boluntarioen programa bat sortu nahi zutela Epainiar Estatuan. Haietan oinarrituz sortu genuen Nagusilan 1995ean. Ilusioa gainezka geneukan 14 lagun hasi ginen. Bakarra zen emakumea orduan, baina egun gehiengoa dira. Gipuzkoan dauzkagun 650 bazkideetatik 400etik gora boluntario emakumeak dira.

-Nahikoa boluntario al dauzkazue?

Dauzkagun adinak ikusita, boluntario gazteagoak gureganatzea nahitaezkoa da. Boluntario gehiago lortzea ere beharrezkoa da, gizartea ere gero eta zaharragoa baita.

-Kosta egiten al zaizue boluntario berriak lortzea?
Hil, gaixotu edo lekuz aldatu diren boluntarioak ordezkatzea nekeza da. Gure plan estrategikoa betetzeko milatik gora boluntario beharko genituzke Gipuzkoan bi urte barru.

-Boluntario lanak zer ematen dizu zuri?
Beste norbaitentzako zerbait ona, onuragarria, egiten ari naizen ziurtasuna. Ez da gutxi, ezta? Bizitzak horrenbeste jipoitu dituen adinekoei egiten dizkiegun bisita eta izaten ditugun solasaldiekin, gai bagara irribarretxo bat ateratzeko, jaso dezakegun ordainik onena da, ez dugu beste saririk behar. Alabaina, eman diguten sari hau bide onetik goazen seinalea da eta baita duela 12 urte bide hau hasi genuen lagun berdinok ilusio berberarekin jarraitzea ere ez da makalekoa.

-Bizitzaren ondar urteak bakardadean igarotzea baino gauza tristeagorik.
Bai, halaxe da. Gabezia asko dauzkagu nagusiok, dirua, osasuna ...baina tristeena bakardadea da. Etxeko atea itxi eta barruan inor gehiago ez dagoela jakitea gogorra da. Ahal den neurrian bakardade sentimendua arintzen saiatzea da gure helburua. Horretarako daukagu, esate baterako, ‘zilarrezko-haria’ deitzen diogun telefono zerbitzua. Doakoa da eta bakarrik daudenek bertara deitu dezakete gure boluntarioekin solasean jarduteko edo baita alderantziz ere, gure boluntarioek bakarrik dagoenari deitu.

-Gizarteak ez ikusiarena egiten du adinekoekin. Zahartzarora sekula ez garela ailegatuko uste dugu, ezta?
Bai, zoritxarrez halaxe da. Badago aseguru etxe baten iragarki bat telebistan oso adierazgarria. Protagonistak usoei jaten emate ari den jubilatu bat begiratu eta uste baino lasterrago iritsiko zaiola berari ere konturatzen da.  Gertatzen den zerbait da. Kasurik tristeenak, alabaina, familia eduki arren bisitarik jasotzen ez dutenenak dira. Zahar-etxeak alor guztietan izan dituzte hobekuntzak eta bertako langileek ere primerako lana egiten dute, baina lur jota geratzen dira hiru edo lau seme-alaba bizirik dituzten agure batzuk hilean, edo urte osoan batzuk, bisitarik ez dutela jasotzen ikustean. Tragedia bat da hori. Horregatik eskertzen dituzte horrenbeste gure bisitak, izugarrizko hutsunea betetzen laguntzen baitiegu. Batzuk hasieran mesfidati agertzen badira ere, lagun izaten amaitzen dugu amaierarako. Hartu-eman zintzoak sortzen dira oso.

-Nagusilaneko presidentea izateaz gainera, aldi berean, Gipuzkoako Banco de Alimentos erakundeko presidentea ere bazara. Ez zaude geldirik egoteko?

Lan taldeak sortu eta gidatu. Bizitzan izan ditudan bertuteetako bat da. Orain, gainera, jende askoren laguntza jasotzen dut eginbehar hauetarako.

-Erakunde Publikoak konbentzitzeko borroka asko egin behar izan duzu?
Borroka baino gehiago, behin eta berriz saiatu eta euren konfidantza lortzeko lan egin.

-Nola laburbilduko zenituzke boluntario gisa lanean jardundako urteak?
Dedikazio osoa eta eskergabeko etengabeko lan mordoa. Etekina lortzeko ezagutzen dudan formula bakarra da. Ez dago zertan alarde handirik egin, jarraikortasuna baizik; garbi jokatu eta gizartearen onura helburutzat hartuz. Betiere enpresa ikuspegia edukiz.