Ane Perezek Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizunean parte hartuko du

elgoibarren.net 2007ko abe. 13a, 12:17

 
Leku berezia izango du Ane Perez elgoibartarrak Pirritx eta Porrotx pailazoek, Minbiziaren gaia ardatz hartuta, abenduaren 28an Elgoibarko Olaizaga Kiroldegian eskainiko duten “Eskerrik asko” ikuskizunean.
Hamazazpi urte ditu Anek eta orain dela lau diagnostikatu zioten ohikoa ez den minbizi mota bat. (bideoak dauzka)

• BIDEOA:
Bideo honetan: Pirritx eta Porrotx pailazoek abenduaren 28an Olaizaga Kiroldegian eskainiko dituzten bi saioak hasi aurretik Aspanovas, haur minbizidunen gurasoen elkarteak, bere inguruko informazioa eskainiko du eta baita laguntza emateko moduak azaldu ere. Ane Perez berak azaldu digu, bideo honetan, nola eman laguntza minbizia daukaten umeei. 
{google}3777656226524044654{/google}
 
"Eskerrik asko" diskoan ere kolaboratu du Anek 
Pirritx eta Porrotx pailazoek atera duten “Eskerrik asko” izeneko diskoan ere parte hartu du Ane Perezek. “Istorio erreala kontatu dugu, pertsonaia errealekin” azaldu digu Pirritxek "eta Anek, Anerena egiten du”.

Ane Perez, Pirritx eta Porrotxen artean irribarretsu.

Lehen unetik, energia eta indar berezia trasmititu zien elgoibartarrak. “Aneri aurpegira begiratuta, bi izar (bi begi distiratsu) eta ekia (irria) ikusi genituen. Pailazoarena egitera sartu ginen, eta berak egin zigun guri pailazoarena… Ane ez da gaixo bat, sendatzeko eta bizitzeko ilusioa duen pirata bat baizik. Beragan inspiratzen dira aurtengo ikuskizuna eta Mari Mototsen papera”.
Diskoko lehen abestia, “Bi Izar” izenekoa ere, Ane ezagutu ondoren sortu zuten pailazoek. Honez gain, Aneren ahotsa ipuinetan eta “sendatu naiz” eta “Bokalen koroa” abestietan ere badago.

• BIDEOA:
Bideo honetan: Bi Izar abestia entzun dezakezue: (abestiaren letra beherago daukazue)
{google}-3034426418699217737{/google}
Bi Izar abestiaren letra:
 
Bonbila txuriak kalean,
eguberri(e)tan zen, egutegian egun bat
gorriz bilduta genuen.
Gorriz gure sudurrak ere
une goxorako,
gaixorik ziren lagunei
muxuak banatzeko.
Zu ospitalean,
ilerik ez buruan,
botika zundatik zainera,
ama ondoan.

Bi izar begira, ezpainetan ekia,
pirata txiki bihurri bat
sendatu nahian

Alaitasuna eman zuri,
bueltan berriz jaso,
gaizo zinen baina zinen,
kuttuna, gure pailazo.

Bi izar begira, ezpainetan ekia,
pirata txiki bihurri bat
sendatu nahian 
Umorea, botikarik onena
Aspanovas elkarteak deituta hasi ziren pailazoak ospitalera joaten. “Zazpi urteko harremana dugu haiekin. Oso aberasgarria da gaixorik dauden haurrei tarte bat eskaintzea, haien indarra eta ilusioa gertutik ezagutzea”, dio Pirritxek.
Gabon festa abenduaren 15ean
Aspanovas-Gipuzkoa, haur minbizidunen gurasoen elkarteak umeentzako jolas eta ekintzekin Gabon festa antolatu du abenduaren 15erako. Mundu guztia dago festara gonbidatuta. Elkarteak www.aspanovagipuzkoa.org gunea dauka, eta bertan, hainbat informazio dago elkarteari eta minbiziaren inguruan. Elkarteari nola lagundu ere bertan aurkituko duzue.

Elkarrizketa BARREN astekarian
Barixaku honetan (abenduak 14) etxean jasoko duzuen BARREN (637 zkia.) astekarian elkarrizketa luze eta sakona egin diogu Aneri.