Lasterketaren nondik norakoak
Lasterketa erabat herrikoia izango da. Parte hartzen dutenek ez dute ezer ordainduko eta dortsalik eta saririk ere ez da egongo. Izan ere, horiek antolatzen hasi zirenean ikusi zuten “dortsalek eta sariek jendea lehiara bultzatuko zutela eta ez dela hori gure asmoa” diote Urgazitik.
"Ez dugu irabazle eta galtzailerik nahi"
5 km inguruko ibilbide erraz eta ezagunean ahalik eta elgoibartar gehien biltzea da triatloi taldearen nahia, “lehiarako badirelako beste hamaika lasterketa urte osoan”. Lasterketa herritar guztientzat izango da, profesional nahiz amateurrentzat. “Herritar orori dei egin nahi diegu parte har dezaten. Ez dugu irabazlerik eta galtzailerik nahi, eta urteko azken eguna kirola eginez eta euskal giroan agurtzea da gure helburua”. Adin orotako jendeak parte hartzea nahi dute, baina “parte-hartzaileei arreta eskatu nahi diegu, gutxieneko prestakuntza fisikoa izan dezaten”.
Albitxuriko aldaparik ez aurten
Lasterketa Plaza Handian hasiko da, 17:00etan. Ibilbidea aldatu egin dute aurten, “jende askok esan baitigu Albitxuriko aldapa gogorregia dela”. Bi itzuli ezberdin egin beharko dira aurten, Elgoibarko kaleetan barrena. Hauxe izango da lasterketaren ibilbidea.
-
Ibilbidea: Plaza Handia-Santa Ana kalea-Tren Geltokiaren kalea-Anbulatorioa-Txarriduna hotelaren atzetik Artetxera-San Pedro auzoa-San Antolingo aldapa-San Antolin gainean buelta eman-San Pedro auzoa-Artetxe-Txarriduna hotelaren atzetik Madalako parkera-San Frantzisko kalea-Errosario Kalea-Santa Ana kalea-Tren Geltokiaren kalea-Anbulatorioa-Madalako parkea-San Frantzisko kalea-San Bartolome kalea-Plaza Handia.
Argazkiak ikusteko aukera hurrengo egunean
- Lasterketaren hurrengo egunean argazki guztiak urgazi.com helbidean jarriko dituzte ikusgai.