Egur arte eskola sortu zuen
Elgoibarko
Ongarri taldearen eskutik Arte Eskola antolatu zuen Fernando Beorleguik 1980an,
Egur izenekoa; pintura, eskultura eta grabatugintza eskolak eman zituen makina bat urtean. Pedro Azpiazu elgoibartarrarekin batera jarri zuen martxan
Egur.
"Arte munduarentzat galera handia" izan dela Beorleguiren heriotza azaldu digu Pedro Azpiazuk berak. "Artista osoa" izan zela nabarmendu digu, "teknika oso landua zeukan eta artista bikaina zen".
Beorlegiren izaera goraipatu digu, baina, batik bat, Azpiazuk. "Artista moduan zuen mailatik haratago, haren gizatasuna, apaltasuna eta esku zabaltasuna azpimarratu nahi nituzke. Maisu bat izan da ezagutu dugun guztiontzat, beti emateko prest. Eta ez zen gutxi emateko zeukana, bere buruari garrantzia emateko apalegia bazen ere. Pertsona jator eta txistoso moduan gogoratuko dut". Bitxikeria moduan, Elgoibarko erraldoiak ere Beorleguik zaharberritu zituela behin akorduan dauka Azpiazuk "Beti zegoen prest herriaren alde la egiteko".
- egoibarra.com
webguneak eman du Fernando Beorleguiren heriotzaren berri. Bertan aurkituko dituzue artegilearen inguruko hainbat xehetasun, argazki eta margolan batzuk ere bai.
Fernando Beorlegui (1928-2008)

Nafarroako Campanas edo Arrizabalaga herrian jaio zen 1928ko urtarrilaren 21ean. 1942ean, maristetan ikasi ondoren, Iruñean Javier Ciga Echandi margolariak zuen eskolan jardun zuen 1945era arte. Urte horretan familia osoa Lizarrara joan zen eta han izan zuen Gustavo de Maeztu ezagutzeko aukera. 1951-52: urte bi horiek Madrilera joan zenekoak dira, museo guztiak ikusten ibili eta Chicharroren ikasle izan zeneko sasoikoak. Logroñoko Arte eta Ofizio Eskolan ikasi zuen 1953tik 56ra bitartean; eskultura zuen gogoko eta ikasgai. Maria Luisa Ereñarekin ezkondu zen; azkenean Eibarrera etortzea erabaki zuten etorkizun hobeago baten bila. Maria Jesus, Xabier, Mikel eta Blanca dira izan dituzten seme-alabak. 1963. urtean Arrate Elkartearen zuzendaritza-taldekoa izan zen.
1967-68: Txopitea, Marino Plaza, Paulino Larrañaga eta Beorleguik
Pagei kaleko ganbara zahar bat hartu zuten euren margoak egiteko.
Oteizak 1969an bisitatu zituen eta Debako Arte Eskolara lanera joatea
proposatu. Ilusio handieneko urteak dira; baita protesta egitekoak ere,
Arrateko elizan agertutako horma-irudien zaharberritzea eskasa baino
eskasagoa izan zelako. Alberto Lopez arkitektoarekin diseinu-bulego bat
jarri zuen Untzaga dorrean 1972an; Armeria Eskolan pintura klaseak
ematen ditu eta bere estudioa San Cristobal kalera eraman zuen.

1974an
Goruntz taldea sortu zuen Iñaki Larrañaga eta Daniel
Txopitearekin batera, Marino Plaza ere han zen. Eibarrek hirigintzaren
aldetik dituen arazoak betidanik kezkatu dute: Auzo elkarteetan sartu
zen lanean eta 1976. urtean Gure Herria Auzo Elkartearen presidente
izateko aukeratu zuten. 1978an, Illarramendiren zuzendaritzapean
grabatu ikastaroa antolatu zuten Armeria Eskolan. Handik sortu zen
Azido Taldea. 1979. urtean izan zen Beorlegirentzat Gasteizko
erakusketa areto baten erakusketa-arduradun izan zenekoa. Han erakutsi
zituzten euren lanak Arrastaluk, Oteizak, Ameztoyk, Goenagak...
Elgoibarko Ongarri taldearen eskutik Arte Eskola antolatu zuen 1980an,
EGUR izenekoa; pintura, eskultura eta grabatugintza eskolak ematen
zituen.
Ruiz de Eguinoren komisariotzapean, 1993. urtean erakusketa handi
bat antolatu zen Donostian Kutxak Garibai kalean duen erakusketa
aretoan “Fernando Beorlegi” izenpean. Bere lan ia osoa erakutsi zen eta
orduan atera zen katalogoa dugu Beorleguiren lana ulertzeko dokumentu
nagusia. Rafael Castellanoren “Fernando Beorlegui denboraren margolari"
testua, margolariaren erretratu luzea eta sakona da; bere bizipenak
dakartzana, bere sormenaren iturriak damaizkiguna.
Asko eta asko dira 1957az geroztik Beorleguik egin dituen
erakusketak, banaka nahiz taldean. Urte hartatik aurrera bere
margolanak, batik bat Nafarroan eta Euskal Herri osoan ikusi izan dira,
baina baita Madrilen eta Espainiako beste herri askotan ere.

Fernando Beorlegui beti egon da laguntzeko prest; Eibarren alde
egiteko prest: berea da San Andresetako lehenengo nekazal azoka haren
kartela; Ego Ibarrak ateratako Koplak liburuaren azala; berea izan da
baita San Andres Elizaren balio osoa erakusteko liburua ateratzeko
eskaera…
Bere sasoiko kritikak bere teknikaren kalitatea eta txukuntasuna azpimarratu zuen.
Errealismoa, surrealismoa... Zaila da aparteko margolari honek
erabili izan duen lengoaia zehaztea; zirrara sortzen digu bere
margolanen edertasunak eta gordintasunak. Gardenki onirikoak; kolore
garbi nahasgabeen leherketa; gizakiak hirian duen bizimodu ilunaren
berri ematen diguten barruko leku batzuk ditugu aurrean; paisaia
geometrikoak, irudizkoak kasik; animalia eta pertsonai fantastikoak.
∞ Lotura duten albisteak: