Pista erosteko aukera
Udalak patinatzeko pista erosiko balu, gainera, ez litzateke Gabonak arte itxaron beharrik izango, izotzezkoa beharrean sintetikoa izanik, edonoiz jarri daiteke-eta. Ez dago klimaren menpe egon beharrik. Hori da pista berritzaileon abantailetako bat. Bestetik, ez du hezetasunik sortzen eta mantentze beharrik ere ez du. Hauez gain, pista estali duen karpa Udalak erosi duela kontutan eduki behar da.
Estreinaldi arrakastatsua
Gabon jaietako izarretako bat izan da patinatzeko pista eta jendea erruz inguratu da, batez ere, txikienak. Pista erabili duten erabiltzaile kopururik zenbatu ez duten arren, “lehen egunetan jendetza handiak eta ilara luzeak” izan zirela adierazi du Ricardo Garatek.
Ideia berriak datorren urterako
2008ko Gabonetan ere jarriko dute patinatzeko pista, eta jadanik hasiak dira pistari etekin gehiago ateratzeko ideia berriak aztertzen. “Umeentzako hockey txapelketa bat eta antzerako ideiak dabilzkigu, baina ideia soilak dira oraingoz”.
Bandalismoa azken egunean
Abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitartean egon behar zuen irekita patinatzeko pistak. Behar zuen diogu, alproja batzuek su eman baitzioten Errege Eguneko goizaldean, “03:30ak inguruan izan zela uste dugu”, eta bandalismo ekintza honen erruz, ezin izan zuten pista, aurreikusita zegoen moduan, Errege Egunean ireki.
Kalteak ez ziren zorionez oso larriak izan. Kirol zinegotziak uste du “botak janzteko gunean dagoen belar artifizialaren hezetasunari esker ez zela sua gehiago zabaldu, zorionez”. Pistara eta karpara zabaldu baino lehen sua amatatzea lortu zuten. Orban beltz honek ez du, ordea, Garateren iritziz, “pistak izan duen harrera ona ilundu behar”.
∞ Lotura duten albisteak
- Agintariek inauguratu dute patinatzeko pista (2007-12-14 elgoiBARREN.net)
• ARGAZKIAK:
- Patinaje pistako argazki gehiago (elgoiBARREN.net mediateka)