San Anton Torneoko finala galdu egin zuen Eneko Loiolak

elgoibarren.net 2008ko urt. 22a, 12:09

 
Jokatu duen San Anton Torneoko bigarren finalean ere ezin izan du txapela jantzi Eneko Loiola pilotari elgoibartarrak. 22 eta 7 galdu zuen senior mailako finala. Promesen kategorian Andreuk eta Mitxelenak jantzi zuten txapela.



  200 bat lagun bildu ziren joan zen barixakuan (urtarrilak 18) Ikastolako frontoian San Anton Torneoko finalak zuzenean jarraitzeko. Gaztetxoen (promesa kategoria) arteko lehia bizia eta orekatua izan zen. Senior kategoriako finalak, aldiz, asegabe laga zituen pilotazaleak.

   Bigarrengoan ere ezin
  Eneko Loiola sanmigeldarrak badaki San Migel Torneoko final bat jokatzea zer den, 2006ko edizioan ere finalera iritsi baitzen Baez II. donostiarrarekin bikote eginez. Tamalez, ordukoa errepikatuz, oraingoan ere ezin izan du etxean profeta izan. 2006an Bellosok eta Oteizak (handik gutxira profesionaletara egin zuen jauzia Etxarri-Aranazkoak) laga zuten txapelik gabe. Aurten, Ongaik eta Mariñelarenak eraman dituzte senior mailako txapelak. Kolorerik izan ez zuen partidan 22 eta 7 galdu zuten sanmigeldarrak eta Larrañaga azpeitiarrak.
Ongai aukeratu zuten txapelketako pilotaririk aipagarriena.

Eneko Loiola pilota kolpatzeko unean.

Larrañaga eta Loiola, txapeldunordeak.



Gazteak indartsu datoz
Promesa kategoriako partida gogorra eta orekatua izan zen: nahasia aurreko koadroetan eta serio jokatutakoa atzealdean. Andreu aurrelari azkoitiarrak jarraitzaile andana izan zuen harmailetan eta badirudi lagundu ziotela, Mitxelenarekin bikote osatuz 22 eta 19 irabazi baitzieten Perez-Otxotorena bikoteari.
Andreu aukeratu zuten txapelketako pilotaririk aipagarriena.

Argazkiak: Aitor Zabala