300 parte hartzaile eta bost elgoibartar
Aurtengoan EMFren (Euskal Mendi Federakuntza) lan onari esker hirurehun bat lagun animatu ziren Altitoy 2008 proban parte hartzera, eta tartean, beraien helburuak asetuta, bost elgoibartar (Iker Leonardo, Aitor Salaberria, Arkaitz Irureta, Alberto Zelaia eta Joseba Elustondo) iritsi ziren helmugara.
Euren berbetan, “horrelako proba batean denborak ez du axola, ondo bukatzea da helburua”, eta bost elgoibartarrok oso gustura geratu ziren ibilbidearen edertasuna eta parte hartzaileen artean izan zen giroarekin.
Alpeetako Pierra Menta ospetsua gogoan
Alpeetako Pierra Menta, mendiko eski lasterketa sonatuenari ohore eginez, eta hura eredu hartuta, Euskal Mendizale Federazioaren mendiko eskiko sailak Altitoy 2008 lasterketa Pirimenta gaitzizenarekin izendatu du. Antolatzaileek lasterketa hau, jendeak erantzuten badu, Pirinioetako mendiko eskiaren klasiko bat bihur dadin nahi dute.
Pirimentaren lehen edizioa, Luz Ardiden eta Tourmalet inguruetan jokatu da eta proba hau Euskadiko Koparako eta Piriniotako Buff koparako ere puntuagarria izan da.
- Pierra Menta: Frantziako alpeetako Areches-Beaufontain haranean –eskiaren sehaskan- jokatzen den mendiko eskiaren urteko festa da Pierra Menta (ikus bideoa). Giro eta izaera bereziko lasterketa da: ikusgarria, gogorra eta herrikoia.
Mendi Eskiko Euskadiko Txapelketa
Inguru berriak ezagutu asmoz, urtero leku desberdinetan egiten da Euskadiko Txapelketa. Aurtengoan, Altitoy 2008 lasterketarekin bat eginez, zapatuan (urtarrilak 18) Luz Ardideneko pisten inguruan izan zen proba, eta domekan (urtarrilak 19) Bareges-Tourmalet inguruan.
Bi kategoria bereizten dira: A eta B.
B kategoria ez da konpetitiboa, baina zailtasun teknikoari begira bien artean alderik ez dago. Bai aldiz desnibelari edo luzerari dagokionez, B ibilbidea zerbait motzagoa baita.
Lasterketa honen ezaugarria proba gogorra eta oso alpinoa dela da. Bi egunetan parte hartzaileek 1600 m. eta 1700 m. inguruko desnibelak gainditu behar izan dituzte; eskiekin foka larruez lagundurik igoera politak, jaitsiera oso teknikoak, eta horrez gain eskiak bizkarrean hartuta hiru korridore eta bi mendi-ertz pasatu behar izan dituzte bi egunotan.
Antolakuntzak trazatu osoa markatzen du eta segurtasun nahiz kontrol postuak jartzen ditu ezbeharrik gerta ez dadin.
Bi egunetan bi maratoi
Parte hartu duten elgoibartarrek azaldutakoaren arabera, ideia bat egiteko, “iraupenari dagokionez bi egunetan bi maratoi egitearekin konpara daiteke; azkarrenek 2:15 inguruan egin zuten ibilbidea, baina bataz bestekoa 4-5 ordutan dago eguneko”. Teknika ezberdinak menperatu eta aldi berean erabili behar ei dira. “Iraupen eskiko deslizatze teknikak; foka larruekin igotzeko nahiz patinatzen ibiltzeko, eski alpino edo pista kanpoko eski trebezia jaisteko, eta mendian ere oso trebea izatea, hau da, kranpoiekin ibiltzera ohituta egon behar da korridoretan gora igotzeko”.
Aurrekoa gutxi balitz, “mendi-ertzetan bertigoak ondo menperatuta” edukitzea ere eskatzen du horrelako proba batean parte hartzeak, noski, hori dena sasoi on baten laguntzaz. Trantsizioetan bizkor ibiltzea ere garrantzitsua da, hau da, “igoeretatik jaitsieretara azkar pasatzea edo eskiak motxilan azkar jartzeak denbora asko ez galtzen laguntzen du”.
• Argazkiak: