Igogailua jarriko duten kokaleku zehatza erabakitzeke dagoen arren, erakusketa gelaren albo bat (sartu eta ezkerretara) jo dute begiz, leku aproposena delakoan, Udal ordezkariek. Handik, bigarren solairura arte iritsiko litzateke igogailua, egun Gazte Informazio Gunea dagoen gelaraino, hain zuzen ere. Proiektu hau hobetsiko balitz, Gazte Informazio Guneari beste kokalekuren bat topatu beharko litzaioke.
Eraikinaren erditik egitea baztertuta
Eraikinaren erdian, eskailerek lagatzen duten tartean, badago igogailu bat jartzeko nahikoa leku, baina udal ordezkariek baztertu egin dute ideia hau; eraikin historikorako sarrera asko zatartuko lukeelako, besteak beste. Inpaktu bisual arinena eragingo duen proiektua aukeratuko du Udalak.