Aitor Zabaleta: “Badauka gizakiak iragarpen apokaliptikoetan sinesteko joera”

elgoibarren.net 2008ko urt. 29a, 09:20

 
Klima aldaketaren inguruan idatzi du Aitor Zabaleta kazetariak Egia deserosoa izeneko iritzi artikulua (Argia astekaria - 2121.zenb.). Teoria katastrofikoek izan ei duten harrera ona eta gizakiak iragarpen apokaliptikoak sinesteko joera izan ditu hizpide, besteak beste, elgoibartarrak.

 
 
     Osorik irakurri: Egia deserosoa (Argia astekaria 2008-01-27 -- 2121.zenb.)
            Aitor Zabaletak Argian idatzitako artikulu gehiago
 

Egia desesoroa

Aitor Zabaleta.

Teoria katastrofikoek harrera ona izaten dute. Badauka gizakiak iragarpen apokaliptikoetan sinesteko joera.

Erdi Aroan, beldurtuta pasa zituzten X. mendeko azken urteak, 1000.ean munduaren amaiera zetorrelakoan. Hamar mende geroago, berriz piztu da alarma gorria, hasita omen dago planetaren hondamendiaren atzera kontua. Poloetako izotza urtuko da, itsasoak gora egingo du beldurgarri, berotan kiskalita biziko gara laster.
Klima aldaketa modan dago, eta libre da edozer esatea, kezka baino gehiago barregura ematen duten sasi-albisteak tartean.

Mendea bukatu baino lehen itsasoaren maila bost metro igoko dela entzun nion irratiko esatari bati. Lasai asko bota zuen iragarpena. Horrenbeste gehiegikeria esaten dira, azkenean ez dugu ezer sinestuko.

Komunikabideetan ez ezik, kalean ere bolo-bolo dabil hondamendiaren teoria. Iazko negu epela, esaterako, klima aldaketaren erakusgarri da askorentzat. Ez naiz ni kontu hauetan aditua, baina ez dago asko sakondu beharrik jakiteko epe luzeetan neurtzen dela klima, eta ez urtetik urtera, ezta hamarkadetan ere. Azkeneko udak eta neguak konparatzen jardutea tontakeria hutsa da, beraz. Horrenbeste aldiz entzuten dugun “lehengoak bai zirela negu gogorrak” horrek ez du azterketa sinpleena ere gainditzen.
Planetaren izaeraren parte da klima aldaketa, bai orain, baita duela hamar mila urte ere. Saharan baso tropikalak desagertu eta basamortua nagusitu zen baldintza klimatikoek hala behartuta. Europa iparraldean, berriz, Erdi Aroan izan zuten beroaldi bati esker ardoa egitera heldu ziren Norvegian. Aldaketok ez zituen gizakiak eragin, eta arazo handirik gabe barneratu zituen planetak.

1706641374243 Aitor Zabaleta: “Badauka gizakiak iragarpen apokaliptikoetan sinesteko joera”

1706641374283 Aitor Zabaleta: “Badauka gizakiak iragarpen apokaliptikoetan sinesteko joera”

Gaur egun ordea, katastrofe kutsua hartu du, eta gizakia omen da errudun.
Ez dago zalantzarik ingurugiroari egindako kaltea bueltan etorriko zaigula, baina horren haritik munduaren azkena aurreikustea askotxo dela iruditzen zait. Gizakia hain da egozentrikoa, uste du dena dabilela bere bueltan, lurrean eta zeruan.
Guztiz bat egiten dut hondamendi klimatikoa zalantzan ipintzen duten ikertzaileekin. Egon badaude, oso gutxi entzuten bazaie ere. Beraiena berbaro apal bat besterik ez da Al Goreren ahots anplifikatuaren aurrean.

Kiotoko protokoloa sinatu ez zuena da orain ingurumenaren defendatzaile sutsuena, Bakearen Nobel saria eman diote Irak hegoaldeko herriak uraniozko lehergailuz bonbardatu zituenari.

1706641374313 Aitor Zabaleta: “Badauka gizakiak iragarpen apokaliptikoetan sinesteko joera”

Petrolioaren munduko mapa ez da Amerikako Estatu Batuetako agintarien gustuko. Iran, Venezuela, Saudi Arabia, Nigeria... leku “arriskutsuak” dira, horretan ez dago alderik errepublikarren eta demokraten artean. Aldaketa klimatikoaren mozorroa primeran etorri zaie ordezko energien beharraz ohartarazteko. Egia deserosoa deitu dio Al Gorek bere diskurtsoari, eta munduak sinestu egin dio. Badauka meritua.
 
 
 
    Lotura duten albisteak: