ELA, SATSE, LAB, UGT, CCOO, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek deituta, -mediku ez diren langileen sindikatuek deitu zuten greba- 24 orduko greba egin zuten Osakidetzako langileek martitzenean (urtarrilak 29).
Oro har, grebaren jarraipena oso ona izan dela adierazi dute sindikatuetatik. Eurek emandako datuen arabera, grebaren eragina nabarmena izan da zentro guztietan.
Mendaroko Ospitalean
Mendaroko Ospitalean, %90eko jarraipena izan zuen grebak ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Euren esanetan“mugimendu gutxiko eguna izan zen Mendaroko Ospitalean”.
Gorka Sarasola Mendaroko Ospitaleko gerenteak ere grebaren eragin nabarmena azpimarratu zuen, baina kontsulta gehienak normaltasunez funtzionatu zutela gaineratu zuen: “erizainik ez da egon, baina medikuek kontsulta gehienak normaltasunez egin dituzte. Operazio geletan igarri da, batez ere, grebaren eragina”. Gutxieneko zerbitzuak eta larrialdiak errespetatu egin ziren, asteburuetan egoten diren zerbitzuak, hain zuzen ere.
Elgoibarko Osasun Zentroa
Elgoibarko Osasun Zentroan (anbulatorioan) %100eko jarraipena izan zuen grebak, ELA sindikatuak emandako datuen arabera. Gutxieneko zerbitzuak eta larrialdiak bakarrik egon ziren martxan. Osasun Zentrora deitu dugu datu hori egiaztatzeko, baina bertako kudeatzaileak ez digu erantzun edo ez du grebaren inguruko baloraziorik egin nahi izan.
∞ Lotura duten albisteak:
- Osakidetzaren iritzia, greba deialdia dela eta (osanet.euskadi.net)
- Osakidetzako greba egunak «erabateko arrakasta» izan du, sindikatuen esanetan (berria.info)
- Datu kontrajarriak, grebaren jarraipenari buruz (eitb24)