Udal talde guztien babesarekin onartu du 17 milioi euroko aurrekontua Udalak

elgoibarren.net 2008ko ots. 1a, 13:30

Ohikoa ez bada ere, oposizioa eta udal gobernu taldea ados jarri eta 2008 ekitaldiko aurrekontua aho batez, udal talde guztien babesarekin, onartu dute.
  • Aurrekontua: 17,1 milioi eurokoa (2.800 milioi pezeta) da: iazkoarekin alderatuta %5,4ko igoera izan dute eta %30 inguru inbertsiotarako izango da.
Bestalde, Diputazioak proposatutako 2007-2011 Kudeaketa Planari atxikitzea adostu dute Udal Gobernuak eta oposizioak.



2008ko Udal aurrekontuak
Elgoibarko Udal Administrazioaren aurrekontu orokorra hiru kontu nagusik osatzen dute:
  1. Elgoibarko Udala: 17.106.661 euro
  2. Udal Kirol Patronatua: 1.010.519 euro
  3. San Lazaro Zaharren Egoitza: 1.276.975 euro
 18.784.730 eurokoa da aurreko hiru aurrekontuen batura. (2007ko aurrekontuekin alderatuz %6ko igoera). *Udalaren aurrekontu propioak %5,9ko igoera izan du. 
Aurrekontuaren bilakaera azken 5 urteetan 
   2004  2005  2006 2007  2008 
 Barne Saila
 994.745,42 1.040.291,28  1.129.468,18 1.438.988,08 1.878.214,79 
 Hiri-segurtasuna  656.163,60 742.859,31 862.216,35
1.097.683,18
1.232.183,05 
 Hezkuntza  197.189,6 203.912,42  237.309,28  431.617,48  441.339,43 
 Kultura  1.539.256,55 1.732.161,41  1.762.080,90  1.872.099,71  2.144.088,32 
 Euskara  434.116,28 455.059,15  400.225,63  427.618,12  495.380,41 
 Ongizatea  2.164.589,55 2.489.896,04  2.539.440,99  2.643.987,86  1.385.790 
 Hirigintza  5.809.914,49 6.111.046,94  6.090.878,54  6.984.873,01  8.097.966,82 
 Ogasuna  1.252.439,97 1.060.316,02  1.040.577,36  1.014.522,55  1.053.607,89 
 Gazteria  66.990,83 67.988,93  281.892,29  304.639,92  378.090,45 
 GUZTIRA  13.115.406,29  13.903.531,50 14.344.089,52  16.216.029,91  17.106.661,16 
  *2007ra arte mankomunitateko gastuak Ongizate Sailetik bideratu dira. Orain, berriz, Hirigintzatik. Aurten, 1.359.400 euroko aurrekontua du mankomunitateak.
 
2008rako Inbertsiorik garrantzitsuenak
Udalak 2008ko aurrekontuaren %30 inguru inbertsiotarako erabiliko du; 5 milioi euro baino zertxobait gehiago, alegia. Diru kopuru horren %84,62 Hirigintza Sailak bultzatutako proiektuak bideratzeko erabiliko da.
Aurrekontuan izendatutako diru-partidarik esanguratsuenak:
  • Olason biribilgune berria egiteko, 1,1 milioiko partida
  • Altzolako auzoa birgaitzeko, 300.000 €
  • Ermuaranbiden oinezkoentzako espaloi bat egiteko, 270.000 €
  • Herrian baranda berriak jartzeko, 294.000 €
  • Aiastia (San Migel) auzoko baserrietara ura eramaten duen hornidura-sarea aldatzeko, 300.000 €
Gainontzeko inbertsioei dagokienean:
  • Kultur Etxean eta azoka plazako eraikinean igogailu bana jartzeko 140.000 euroko bi partida.
  • Udaletxean zinegotzientzako gela bat egokitzeko 60.000 euro
  • Pleno aretoan bat-bateko itzulpen sistemarako ekipamendua instalatzeko 25.000 euro.
  • San Frantzisko kaletik Lojantzi tabernaraino doan kale zatia urbanizatzeko 1,1 milioi euroko inbertsioa
  • Antonio Arrillaga, Santa Ana eta San Inazio kale inguruak urbanizatzeko 900.000 euroko inbertsioa. Azken bi jarduerak 2007ko aurrekontua zuritu ostean lortzen den soberakinarekin burutuko dira. 

Opozizioa eta Udal Gobernu Taldea ados

Opozizioan dauden alderdiek ere baiezko botoa eman diote 2008ko aurrekontuei.

Udal Gobernu Taldea joan zen urteko irailean hasi zen 2008ko aurrekontuarekin lanean. Zirriborroa prest zutenean, Udalean ordezkaritza duten gainerako alderdiei (PSE-EE, EB-Aralar eta PP) eta baita EAE-ANVri ere erakutsi zieten azter zezaten. Ondoren, Gabonen ostean egin zuten bigarren bileran euren ekarpen eta proposamenak egiteko aukera izan zuten alderdiek. Horiek izan dira 2008ko aurrekontuaren aurrekariak.
Udal Korporazioko ordezkariek atzo (urtarrilak 31) egin zen osoko bilkuran azaldu zutenaren arabera, aurrekontuak prestatu eta egiteko modu honek zeresan handia eduki du gero, guztien babesa jasotzeko. PSE-EE alderdiko bozeramaile Ovidio Campellok azaldu zuenez, “guztion aurrekontuak dira, talde guztiek eginiko ekarpenak ere jasota baitaude. Azpimarragarria eta eskertzekoa da udal gobernu taldearen jarrera”. Unai Zulaikak (EB-Aralar) ere ildo beretik egin zituen adierazpenak: “gure zalantzak izan ditugu, baina aurrekontuak egiteko aurrez antolatutako bi bilerak asko baloratzen ditugu”.
 
Egoera ekonomiko-finantziarioa
Elgoibarko Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa oso saneatu dagoela adierazi dute udaleko finantza arduradunek, eta hori erakusteko adierazleak azaldu eta Gipuzkoakoekin konparatu dituzte:
  • Zorpetze maila %2,9koa da eta Gipuzkoako udaletako batez bestekoa %6,7. Azken 13 urteetan Elgoibarko Udalak ez du mailegurik hitzartu. Zor biziak %3,7an dago eta Gipuzkoan, batez beste %47,2 da.
  • Presio fiskala (sarrera tributarioak biztanleko) 510 eurokoa izan zen 2006an, eta Gipuzkoan batez beste 504 eurokoa izan zen.
  • Funtzionamendu gastuek (1,2 eta 4 kapituluak, diru-laguntzak ezik) sarrera arrunten %66,6 suposatzen dute, eta Gipuzkoan batez beste %71,6.
  • Inbertsio maila %20 inguruan kokatzen da.
*Datuok2006ko kontuetatik lortu dira. Iturria: Udalgida
 
Ondorioak eta konpromezuak
2008ko aurrekontua legegintzaldi honetako lehenengoa da. "Aurretik konprometituta zeuden ekimenak jaso dira, eta baita ere, beste berri batzuk" jakinarazi du Udalak eta batez ere Udalbatza osatzen dugun partidu guztien ekarpenak kontutan hartu direla azpimarratu du.
Elgoibarko Udalaren egoera ekonomiko-finantzario osasuntsua ikusita, "datozen urteetan sortuko diren inbertsio berri handiei aurre egiteko ahalmena" dagoela baieztatu du Udalak. 2008an zehaztuko diren inbertsio estrategikoak (kirol instalakuntzak, Plaza txikia-azoka eremua, aparkalekuak, e.a.) finantzatzeko iturriak bilatu beharko dituzte: beste erakundeak, autofinantzaketa, baliabide propioak edo zorrekin. 
 
Legegintzaldi osorako kudeaketa plana  
Udalbatza osatzen duten partidu politiko guztiek akordio bat hartu dute, batetik, 2008ko aurrekoantuak onartzeko, eta bestetik, Legegintzaldi Plan baten bitartez hainbat proposamen aurrera eramaten lan egiteko. Proposamen horietako batzuk orain onartzen den aurrekontuan jasota daude, beste batzuk behar den azterketa, eztabaida eta adostasunaren ondoren, dagokien aurrekontuetan jasoko dira. "Gure kudeaketaren helburu nagusia, Elgoibarko herritattentzat ahalik eta bizi-kalitate onena bermatzea izango da". Lan ildo honi jarraitzeko, Gipuzkoako Diputazioak proposatutako 2007-2011 Kudeaketa Planari (pdf) atxikitzea adostu dute Udal Gobernuak eta oposizioak. Gainera, lau urterako plana egingo duen Ikei kontsultora kontratatuko du Udalak.