2008ko Udal aurrekontuetan jaso ez diren bi inbertsio garrantzitsu egiteko asmoa azaldu du Udalak. Ekimen horiek 2007ko aurrekontuaren likidazioko soberakinetatik finantzatuko dira.
• Madala ingurua oinezkoentzat jarri
- Nondik nora: Herriko Antzokitik Sua tabernaraino.
- Noiz: 2008an.
- Zer egingo da: oztopo arkitektonikoak kendu eta Madalako parkea zabaldu. Horretarako, Madalako parkeko petrila kendu ala ez aztertzen ari da Udala.
- Aurrekontua: 1.132.000 €
• Santa Ana ingurua oinezkoentzat jarri
- Nondik nora: Santa Ana, San Inazio eta Antonio Arrillaga kaleak oinezkoentzako gertatu.
- Noiz: Ubitarte Buruko Babes Ofizialeko Etxeak eraikitzeko lanak amaitzen direnen (2009 inguruan)
- Zer egingo da: oinezkoei lehentasuna eman kaleotan.
- Aurrekontua: 900.000 €
Zer da Merkagune proiektua?
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatuta, Merkagune proiektua jarriko da martxan Gipuzkoako 35 herritan eta EAEko 72 herritan.
Hirien inguruan sortu diren merkataritza-gune handiek hiriguneko eta herrietako dendetan izan duten eraginari aurre egiteko sortu dute egitasmoa eta 15.000 biztanle baino gehiago (15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, baldin eta, bertan dauden saltokien kopurua kontuan harturik, merkataritza biziberritzeko aukera badute) dituzten herrietan jarriko da martxan.
Bere garaian, saltoki handiek herrietarako merkataritza guneen itxura hartu omen zuten erosleari erakargarriago izateko. Horrela, kaleak, seinaleak, eserlekuak, tabernak eta beste dituzte saltoki handiek. Orain, herrietako merkatariek saltoki handiekin lehiatu ahal izateko, kontrako bidea proposatu du Eusko Jaurlaritzak: saltoki handien itxura ematea herrietako merkataritza guneei.
Kaleetan dauden establezimenduen artean gune bateratua osatzea da helburua. Horretarako, besteak beste, bezeroak erakartzeko jarduerak antolatuko dira eta itxurari dagokionez, eserleku, zakarrontzi eta kale-argi, apaingarri eta seinale homogeneoak jarriko dira guneak bateratzeko. Jaurlaritzak 6,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko du ekimen horretara.