Kaltetuak konpentsatuko dituzte
Euskaltelek kaltetutako bezeroak konpentsatuko ditu eta martxoan kobratuko duten fakturaren erdia apirilean itzuliko dietela iragarri du konpainiak. Izan ere, milaka bezerok deitu dute Euskaltelera Gipuzkoan matxura izan ondoren.
Konpainiak agiri batean azaldu zuenez, aberia softwarean izan dute eta horrek Miramongo zentralaren funtzionamenduan "ezegonkortasuna" eragin zuen. Enpresak baieztatu duenez, aberia gertatu eta berehala Ericssoneko -zentralaren mantenuaz arduratzen da- eta Euskalteleko teknikariak lanean hasi ziren zerbitzua lehenbailehen berrezartzeko asmoz. Azkenean, arratsaldean (15:00etatik aurrera) egoera bere onera bueltatu zen.
Euskaltelen bezeroen herena kaltetuta
Matxuraren ondorioz, Donostialdea, Bidasoa-Txingudi, Oarsoaldea, Urola-Kosta, Debabarrena eta Tolosaldea eskualdeetan telefono finkoko linea gabe egon dira; Euskaltelen bezeroen herena. Gauzak horrela, kaltetuak 30.000 bezero inguru izan dira.
Euskaltel sortu zenetik, duela 10 urte, matxurarik garrantzitsuenetakoa izan dela azaldu dute konpainiako arduradunek.