Herri Eskolako eraikina txiki geratu dela-eta irtenbideak bilatzen ari da Jaurlaritza

elgoibarren.net 2008ko ots. 7a, 15:03

Bi irtenbideren artean aukera egin beharko du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Herri Eskolak egun duen leku falta arazoa konpontzeko.
  1. Egun ikastetxea dagoen eraikina eraberritu eta handitu.
  2. Eraikin berria egin (egun dagoena mantenduz) inguruko lurretan.

 


Momentuz, Elgoibarko Udalak 200.000 euro bideratu ditu 2008ko Udal aurrekontuetatik Herri Eskola handitzeko lanetarako. Alabaina, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, ezer baino lehen, handitze lanak egiteko modua erabakitzea. Hain justu, datorren astean joango da Lakuako arkitekto bat Herri Eskolara, Juan Carlos Adot, Herri Eskolako zuzendariak aurreratu duenez. Egoera aztertu eta ondorioak Jaurlaritzari aurkeztu ostean, azken honek idatzi beharko du Herri Eskolako leku faltarekin amaitu beharko lukeen proiektua.

Zalantza: Jolastokia estali edo eraikin berria egin?
Jaurlaritzak eraikina eraberritzeko erabakia hartuko balu, ziurrenik, kanpoko jolastokiari estalkia jartzeko erabiliko litzateke udal aurrekontuetatik aterako den dirua. Aldiz, egun dagoenaren ondoan eraikin berri bat egin behar dela erabakiko balitz, lurrak erosteko izango litzateke diru hori. Izan ere, ikastetxe publiko bat izanik, Udalari dagokio eraikitzeko lurrak eskuratzea. Gainera, Herri Eskola inguratzen duten lurrak pribatuak direnez, jabeekin negoziatu beharko du aurrez Udalak, Jaurlaritzaren eskuetan laga baino lehen.
Herri Eskolako zuzendariak zail ikusten du egungo eraikina eraberritzea, "nahikoa estu gaude jadanik", eta egungoaz gainera, haren inguruan eraikin berri bat gehiago eraikitzearen aldekoa da, erabaki hori "agintarien esku" dagoela jakitun den arren
 
Gustura Udalaren jarrerarekin
Herri Eskolako arduradunak oso gustura daude Udalak erakutsi duen jarrerarekin eta erakutsitako prestutasuna azpimarratu nahi izan dute.
Aspaldi eginiko eskaria forma hartzen ari dela ikusteak ilusioz bete dituen arren, oraindik luze joko duela-eta, “pare bat urte gutxienez” prisarik gabe hartu behar direla kontu hauek ohartarazten du Adot zuzendariak. “Honelakoetan, ohikoak diren tramite mordoa pasa behar dira”. Hala izanik ere, Herri Eskolako eraikinak dituen gabeziekin amaitzeko prozesua martxan jarri izana azpimarratzen du zuzendariak.
 
Gero eta ikasle gehiago eta leku gutxiago
Azken urteetan matrikulatu diren ikasle kopuruaren gorakada eten gabeak lekurik gabe laga du Herri Eskola. Ikasgelek ez zuen gehiagorako ematen eta ikasle batzuk Pilar Ikastetxeak lagatako ikasgeletan ari dira klaseak jasotzen kurtso hasieratik. Arazook mahai gainean jarri zituen ikastetxe publikoak eta Udalak eta Jaurlaritzak esku hartu eta arazoa konpontzeko konpromisoa hartu dute.