11:00etatik aurrera izan du eragina ezker abertzaleak deitutako greba orokorrak

elgoibarren.net 2008ko ots. 14a, 12:53

Dirudienez, herriko ezker abertzaleko ordezkariak eta merkatariak akordio batera ailegatu dira eta 11:00etatik aurrera erdi guneko komertzio eta taberna ia denek pertsianak jaitsi dituzte. 11:00ak baino lehen irekita egon dira denda gehienak, salbuespen batzuk izan ezik, nabarmenena, bat aipatzearren, Eroski.


Enpresetan, jakin ahal izan dugunez, eragin gutxiago izan du greba orokor deialdiak eta normaltasunez lan egin dute gehienetan.

Ikastetxeetan:
  • Elgoibar BH Institutuan grebarik ez egitea erabaki zuten. DBH mailan 2 irakaslek bakarrik egin dute greba. Aldiz, DBH 3 eta DBH 4. ikasturteetako ikasleen gehiengoak greba egin du, nahiz eta ikasle batzuk klaseak hartu dituzten. Batxilergoan irakaslegoaren %8ak bakarrik jarraitu zuen greba, alegia, dauden 100 irakasleetatik 8 irakaslek. Ikasleei dagokienez, berriz, ia denek jarraitu zuten greba; 430 ikasletik 417k egin baitzuten greba.
  • Elgoibar Ikastolan irakaslegoak ez du grebarik egin, aldiz, DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko ikasleek greba egitea erabaki dute.
  • IMHn, ikasleek greba egin dute, baina irakasle eta langileen daturik oraindik ez daukatela emateko moduan adierazi dute.
  • Pilar Ikastetxean normaltasunez eman dituzte klaseak.
  • Herri Eskolan, 18 irakaslek greba egitea erabaki dute eta 22 irakaslek ez dute grebarik egin. Hezkuntza bereziko lau hezitzaileetatik batek egin du greba, eta, aldiz, lau sukaldarietatik hiruk jarraitu dute greba.
Manifestazioak.
  • 12:00etan Plaza Handitik atera den manifestazioak herri guztia zeharkatu du.
  • 19:00etan, bigarren manifestazio bat dago deituta; hau ere Plaza Handitik aterako da.
    Lotura duten albisteak: