Beregana zalantzati hurbildu arren hasieran, biluzten joan ahala askeago sentitu naiz. Lotsati begiratu diot, eta nabaritu dit nobatoa naizela. Nik baino esperientzia gehiago du berak honetan; badaki zer den azalaren kontaktu hori, hamaika eskuren ferekak jasan baititu.
Baina, beno, al grano, pentsatu dut.
Eta hasi naiz. Hasi naiz, baina gaizki. Ez zait ezer zuzen atera, eta perfekzioak erotikotik gutxi badu ere, gustatzen zait gauzak ongi egiten saiatzea. Baina alferrik. Dena maldan behera doa kontrolik gabe, erorketa librea da hau.
Baina, beno, al grano, pentsatu dut.
Eta hasi naiz. Hasi naiz, baina gaizki. Ez zait ezer zuzen atera, eta perfekzioak erotikotik gutxi badu ere, gustatzen zait gauzak ongi egiten saiatzea. Baina alferrik. Dena maldan behera doa kontrolik gabe, erorketa librea da hau.
Indartsu hasi nahi nuen, bidean gozatu eta bukaeraren plazera sentitu. Lehenaldiak badu ordea gozotik eta gazitik; bigarrenetik gehiago ere bai askotan. Hasitakoak bukatu ere egin behar direla erakutsi zidaten arren, gaurkoz nahikoa.
-Barkatu, baina buruko minez nago.
Ez da gezurra, originaletik gutxi badu ere. Aste gogorra izan da hau, azterketek bete-betean jo naute muturrean. Adarkadei txikitatik beldur izan diedan arren, oraindik ez naiz ohitu zezena ongi toreatzera.
Keinu batez agurtu eta itzali egin dut. Berak ere behar du atsedena, bestela gehiegi berotzen da eta hori ere ez zait komeni.
Amaierak lasaitasuna ekarri du. Akabo. Bihar lehen aldia lehenaldi bihurtuko da, eta gauzak beste perspektiba batetatik ikusiko ditut. Eskertuko dut halere norbaiten bizkar gaineko ikututxoa eta “lasai, ziur hurrengoan hobeto egingo duzula” bat .
Hobeto egiten saiatuko naiz behintzat, nik eta zuk, biok goza dezagun.