Altzolako Zubibai Elkarteak eginiko salaketei erantzun nahi izan die Alfredo Etxeberria alkateak. Zelaia parkean egiten diharduten hobekuntza lanen inguruan, eginbeharrekoak guztiz amaitu arte, ezin daitekeela gauzak egiteke daudenik esan argitu nahi izan zuen alkateak. “Edozein hirigintza proiektutan bezala, hasierako proiektua eta emaitza elkar konparatu arte goizegi da edozelako salaketak egiteko. Orduan jakingo dugu, zehatz mehatz, zenbat diru eta zertan gastatu den. Orduan, eta ez orain, izango da hasierako proiektua bete den ala ez aztertzeko momentua” berretsi zuen.
Momentuz, aurreikusten ziren inbertsiorik ez denik egin ere ezin daiteke esan alkatearen iritziz. Alderantziz, Zelaia parkean etxeak eraikitzen ari den konstruktoreak, bere poltsikotik 13.000 eurotik gora ipini dituela aurreratu zuen, “hasierako proiektuan aurreikusten ez ziren osagai batzuk (egurrezko mahaiak eta eskailerak) jartzeko” azaldu zuen herriko komunikabideei emandako prentsaurrekoan. “Aurreikusitakoak baino eserleku gutxiago jarri izana salatzen dute, eta lehendik zeudenak aprobetxatu dituztela, baina ez diote ezer jarri dituzten mahai berrietaz. Hasierako proiektuan ageri ez zirenak".
Gauzak horrela, salaketak bizkorregi eta arinegi egin izana leporatu zien alkateak Zubibai elkarteko kideei.
Zubibai Elkarteko kideek hasierako proiektua eta egiten ari zirenaren artean ezberdintasun handiak zeudela eta bidean dirua galdu zela salatu zuten.
Altzolan egingo diren lanak
- Zubi zaharra zaharberritu: (48.329 euro). Zubiaren egitura garbitu eta alde banatan baranda berriak jarri. Une honetan, ipar parteko pretila hormigoizkoa den bitartean, bestaldekoa burdinazkoa da. Zaharberritze lanetan bi aldeak parekatuko dituzte.
- Zelaia parkea txukundu: parkea eta frontoia banatzen dituen pareta botako dute, parkea handiagoa izan dadin (5.557 euroko inbertsioa)
- Bakarrik garbitzen den komuna: Guztira, ia 66.000 euroko aurrekontua izango du bakarrik garbitzeko gai den komun berriak. (komuna jartzeko lurra egokitzea 13.907 euro eta Komunak berak 52.000 euro). Hilabete edo hilabete eta erdi barru (apirilerako) erabiltzeko moduan egongo dela azaldu zuen alkateak.
- Eskudel berria: Karmengo plazaraino dagoen aldapa erosotasun gehiago eta arrisku gutxiagorekin jaitsi eta igotzeko eskudela jarriko dute.
∞ Lotura duten albisteak:
- Zelaiako etxebizitzen obretan irregulartasun handiak salatu ditu Altzolako Zubibai Elkarteak (2008-02-06 elgoiBARREN.net)