Iñigo Palomino: "Euskal Yaren aurkako kritikak errespetatzen ditut"

elgoibarren.net 2008ko ots. 18a, 11:39

Elkarrizketa: Euskotrenek Bilboko Atxurin duen egoitzak xarma berezia du kanpotik. Barruan solairuak luzeak eta estuak dira. Garai bateko trenbidea ekartzen du gogora. Azken bagoian egiten du lan Iñigo Palomino Euskotrenbideak enpresa publikoko zuzendari gazteak. Aurten 25 urte egin ditu ibilbide luzeko erakundeak. Historiaren zale amorratu den heinean, jakin badaki bera dagoen egoitza XX. mendean Ferrocarriles Vascongadosen kokaleku izan zela. Hormetan izenpeturik dago sasoi hartako testigantza.
Harro dago egokitu zaion karguarekin, bere iritziz trena izan baita “euskal gizartearen bilakaeraren motorra”.

2007ko irailean izendatu zuten Euskotran eta Euskotren bere gain hartzen dituen enpresen buru. Behin Eusko Jaurlaritzatik Garraio eta Herri Lan sailean lan egiteko deitu ziotenetik, bere bizitza zeharo aldatu zen.
Elgoibarko ikastolan egin zituen ikasketak eta gero Elgoibarko Institutuan. Batxilergoa bukatu ondoren, Bilboko Deustuko Unibertsitatean Enpresa ikasketak egin zituen. “Bilbon egon nintzen bizitzen edozein ikasleren moduan, La Casillan. Astea hemen egin eta asteburuetan etxera joaten nintzen”, adierazi du. 1997an bukatu zituen ikasketak, eta bukatu bezain pronto, Donostiako aholkularitza-enpresa batean aritu zen lanean. 1999. urtean Mecalbe taldean finantza saileko arduradun izan zen, 2005eko uztailera arte. 2007tik irailetik Euskotrenbideak enpresako zuzendari da. Azken bi urteetan garraio publikoen sektorean jardun du. Eta Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendari izan da. 
 
“Euskal Yaren aurkako kritikak errespetatzen ditut, baina horrek ez du esan nahi gehiengoak uste duena zapuztu behar denik” 
 
-Hilabete gutxi daramatzazu karguan, baina Jaurlaritzaren Garraio sailean lan egiteak zerbait erraztuko zuen, ezta?
Bai, Euskotrenbideak ez da enpresa berri bat izan niretzat. Enpresa Eusko Jaurlaritzaren menpe dago eta, beraz, harreman estua nuen. Administrazio kontseiluko parte nintzen eta ezagutzeak lana erraztu du.

-Jendearekin harreman estua duzun zuzendari horietakoa zara?
Saiatzen naiz, hori pertsona bakoitzaren izateko moduaren araberakoa da. Lan taldearekin oso harreman estua dut eta oso pertsona hurbila naizela uste dut. Atxuriko langile guztiak ezagutzen ditut eta harremana dut sindikatuekin, egunero trena gidatzen dabiltzanekin… Esfortzu handia egiten dugu egunero harreman hori sendotzeko.

-Trenbidearen mundua aldatzekotan da. Euskotrenek esperientzia zuen gazte bat behar zuen erronka berriei aurre egiteko?

Euskotrenek Bilboko Atxuri geltokian duen egoitzan egiten du lan Palominok. XX. mendean Ferrocarriles Vascongadosen kokaleku izan zen leku berean.

Trenbidearen munduan Europako arautegi berria dela-eta, aldaketa batzuk egingo dira, zerbitzu-emaile eta azpiegitura-kudeatzailearen arteko zatiketa egin behar izan zelako. Orduan sortu zen Euskal Trenbide Sarea (ETS) gure azpiegituren kudeatzaile dena eta, beste alde batetik, Euskotrenbideak, zerbitzu-emaile edo operadorea dena. Testuinguru berri horretara ahalik eta azkarren eta ondoen egokitzeko, nire ardura prozesu hori sendotzea eta gidaritza eroatea da.
 
-Lasai nabari zaizu…
Oso proiektu interesgarri eta polita da. Punta-puntako enpresa baten gidaritzan nago, herri honen eguneroko bizitzan ezinbesteko garrantzia duen erakunde batean. 800 baino langile baino gehiago ditu. Erronka itzela da; arlo pertsonalean erantzukizun handiko postua da. Hala ere, dudan eskarmentuarekin laster ohitu naiz egoera honetara. Nik lanean formula bakarra ezagutzen dut: lana, lana eta lana.  

-Euskotreneko bezeroa zara?
Harreman handia dut Mioño (Kantabria) herriarekin eta asteburu askotan hara joaten naiz. Larunbat goizetan lan egin behar denean, Elgoibartik Bilbora trenez joaten naiz eta gero, autoz. Interesgarria da guk eskaintzen dugun zerbitzua momentuan ikustea. Batzutan bidaia horiek trenez egiten ditut, edozein bezeroren pare, eta beste batzuetan gidariarekin, trenbidean egon daitezkeen arazoak gertutik jakiteko. 
 
-Tranbia erosoagoa da…
Bilbon beti tranbian mugitzen naiz, erosoa eta aberasgarria da bertako gidariarekin joatea. 

-Jakingo duzu, noski, Elgoibartik Bilborako bidaiak zenbat irauten duen eta ez dela bizkorra. Zaharkiturik geratu den sarea berritzeko zer egingo da?

1706641329663 Iñigo Palomino: "Euskal Yaren aurkako kritikak errespetatzen ditut"

Une honetan azpiegituraren sare osoaren %22k bakarrik dituzte bi zentzuko bideak. Gainontzeko %78 bide bakarrekoa da eta, noski, horrek dakar trenak ezin direla gurutzatu. Beraz leku askotan ezin dugu frekuentzia edo abiadura handiagoan joan. Hori guztia sahiesteko, Eusko Jaurlaritza apustu argia egiten ari da trenaren alde. 2012. urterako plan estrategikoa gauzatuko da, eta 1.212 milioi euroko inbertsioa egingo da, besteak beste bi bide horiek banatzeko, aukera emateko trenak gurutzatzeko, zerbitzu hobea emateko eta abiadura handitzeko. 2012rako sare horren %40 banandua izango dugu.

-Zertan da lehiakorra Euskotren?
Eusko Treneko sarea ez dago pentsatuta Bilbotik Donostiara joateko, hurbilagoko bidaiak egiteko baizik. Oso lehiakorrak gara adibidez, Zornotzatik Bilbora joaten, Ermutik Elgoibarrera joaten, Zumaiatik Donostiara joaten. Bidaia luzeetarako ez da hain gomendagarria…

-Herrian kexatzen zaizkizu Euskotreneko zerbitzuarekin?
Gure helburua izan behar da biztanleriaren mugikortasun beharrak asetzeko ahalik eta kalitate altueneko garraio publikoko zerbitzua eskaintzea. Hori izan behar da gure helburua. Beti daude gauzak hobetzeko eta inbertsioak bide horretan gauzatuko dira. Eta jendearen kexek laguntzen digute zerbitzua hobetzen. Jaurlaritzaren apustua argia da trenaren eta garraio publikoaren alde

-Zer egingo duzue aurrekontuekin bezeroei zerbitzu hobeak eskaintzeko?
Euskal Trenbide Sareak 600 milioi euroko aurrekontua du datozen bost urteetarako eta Euskotrenbideak enpresak 255 milioi euroko aurrekontua du. Zer egingo dugun? Tren berriak erosi; ditugun tren batzuk erretiratuko ditugu eta beste batzuk berritu; Bilborako beste tranbia bat erosiko dugu; 2008. urte bukaeran tranbia jarriko dugu martxan Gasteizen; 11 tranbia erosi.... 

-Elgoibarri dagokionez, zer berrikuntza egingo dira?

1706641329716 Iñigo Palomino: "Euskal Yaren aurkako kritikak errespetatzen ditut"

Elgoibarren inguruan ere hobekuntzak egingo dira. Eibar eta Ermua artean trenak 15 minuturo izaten  dira eta 2010erako tren horiek Elgoibarreraino helduko dira. Elgoibar-Eibar eta Ermua artean, hamabost minutuko maiztasunarekin ibiltzeko aukera izango dute bezeroek. Gure plan estrategikoaren parte da. Beste azpiegitura batzuei bultzada eman behar zaie eta hor dago euskal Y-aren proiektua, EAEko hiru hiriburuak 30 minutuko denboran batuko baititu. 

-AHTren aurka daudenei zer esango zenieke?
Proiektu horren inguruan asko eztabaidatu da eta bada garaia proiektua martxan jartzeko. Kritikak errespetatzen ditut, baina horrek ez du esan nahi trenaren alde dagoen gehiengoak uste duena zapuztu behar denik. Herriaren irizpideak hauteskundeetan agertzen dira, eta Eusko Legebiltzarraren %85 proiektuaren aldekoa da.

-Elgoibarren bertan ere jendeak bat egiten du proiektuarekin?
Hori sumatzen dut.

-Datu kontrajarriak daude, askok ez dakite zer pentsatu. Informazioa ondo helarazi duzue?
Informazioa badago, zentzu horretan Eusko Jaurlaritzak esfortzu handia egin du informatzeko. Egitasmoa konplexua da, eta askotan ez da erraza informazioa jendeari ahalik eta egokien helaraztea. Euskal Y-a ezinbesteko proiektua da euskal gizartearentzat, tren sarea birplanteatzeko aukera emango digu eta lurralde antolamenduaren ikuspuntutik, hiriburuen arteko komunikazioa sendotuko du. 

-Europako Batasunak bultzatu du makroproiektu hori, baina Eusko Jaurlaritzak adierazi du salgaien edo merkantzien garraioa arinduko zuela. Errepideak gainezka daude?
Bai, kamioi asko daude eta gainera etorkizunera begira, larriagotu egingo da egoera. Alternatibak eskaini behar ditugu. Hau ez da proiektu isolatu bat, Europatik tinko bultzatzen den Lisboa-Madril-Paris lotuko dituen proiektuko atal txiki bat da. Proiektu horretatik kanpo egoteak eragingo luke Europatik kanpo geratzea. Salgaien 80% errepidez mugitzen da eta errepidez arazo handiak ditugu, pilaketak direla eta. Eta egoera horri alternatiba bat eman behar zaio. Distantzia ertainetan (Bilbo-Madril, Donostia-Madril) ez da garraio lehiakorragorik izango tren hori baino, bi ordu eta laurdeneko epean Bilbotik Madrilera joateko aukera izango dugulako. Distantzia luzeetan ere, bidaiatzeko aukera izango dugu eta distantzia motzetan ere bidaia hobea izango dugu.

1706641329766 Iñigo Palomino: "Euskal Yaren aurkako kritikak errespetatzen ditut"

1706641329800 Iñigo Palomino: "Euskal Yaren aurkako kritikak errespetatzen ditut"


-Zergatik?
Orain dugun sarearen ahalmena hobetu egingo delako.

-Proiektuaren aurka dauden eragileek diote euskal Y-ak ez duela apenas salgaien garraioa arinduko…
Ez dauka zentzurik datuen arteko gerra horretan ibiltzeak. Alemaniara joatea animatuko nieke. 

-Alemaniako trenak oso onak dira…
Bai, hemengoak ere bai.

-Euskotrenek 25 urte bete ditu, ez du oihartzun askorik izan gizartean. Zer dela eta?
Izan du entzutea. 25 urte bete dituela esatean badirudi enpresa berri baten inguruan ari garela hitz egiten, baina historiari begiratuz, Euskotrenek jaso du hainbat urtetako trenbidearen garapenaren herentzia. Egun dugun sarea, hobetuta badago ere, XIX. mendean eraikitzen hasten den sarea da, bere garaian sare hori emateko enpresa batzuk sortu ziren eta horren inguruan sortu zen Ferrocarriles Vascongados 1914. urte  inguruan. Historia handia jasotzen duen enpresa da. Ohore bat da enpresa honen zuzendaritzan egotea. 

-Erronken tamaina dela-eta, hemen jarraitzeko asmoa duzu?
Ni oso gustura nago, eta ez dut lanpostutik aldatzeko inongo asmorik. Hori ez dago norberaren esku.
 
-Anbizio handiko pertsona izan zara ala gauzak etorri diren moduan hartu dituzu?
Gauzak etorri diren moduan hartu ditut. Hasieran estuago, Lakuarako jauzia garrantzitsua izan zen nire bizitzan, eta hortik aurrera nire bizitza profesionalean ezarri dudan formula, lehen esan dizudan moduan, lana, lana eta lana egitea da.
 
-Zenbat ordu egiten duzu lan egunero?
Jaikitzen naiz 6:30etan eta 7:45etan hemen (Euskotrenen) egoten naiz. Eta arratsaldean, egun arrunt batean, 20:30ak aldera iristen naiz etxera. Alde horretatik, emaztea aspaldi honetan nahikoa haserre daukat.
 
-Ordu mordoa, ez daukazu ia denborarik zuretzako…
Egia esan, denbora gutxi daukat nire gauzetarako.
 
-Hitz egin izan da Euskotren eta Renferen artean ere geltokiak eta txartelak batu daitezkeela. Zerbait aurreratu dezakezu?
Nik uste dut alde horretatik biztanleriari garraio publikoa erabiltzeko aukerak erraztu egin behar zaizkiola eta bide horretan aurrera egin behar da. Garraio publikoaren apustua garbia da.
 


Testua: Andoni Iturbe
Argazkiak: Andoni Iturbe